Euskerea berbagai  III. urtea // 79. zenbakia

Ikasleen ahozko produkzinoa eta hizkuntzearen kalidadea


Orain arteko ahaleginetan, oro har, zuzentasunari emoten izan jako lehentasuna, eta gero jatortasunari. Horrek, besteak beste, eredu estandarretik urruneko berbetea darabilen hiztun egoki asko konplexuz beteteko balio izan dau. Gaur egun, egoera hau sufritzen dabenak, aldiz, ez dira eredu estandarretik urrun dagozan euskalkietan berba egiten daben adin batetik gorako euskaldun zaharrak bakarrik. Hiztun egoki horreek herri txiki euskaldunetatik euskerea berreskuratu daben uri ertainetako ikastola edo ikastetxeetara joandako ikasleak diranean be, egoera berbera errepetiduten da. Askotan, euskera jatorra bera baita urietako gazte estandarretik urrun geratu dana. Hiztun ona, halan da ze, euskera egokia, jatorra eta behar dan guztietan zuzena erabil leiken hori izango litzateke eta kalidade osoak hiru maila horreek besarkatuko leukez.

Erramun Osa

Ahozkotasuna lantzeak euskerearen erabilereagaz zerikusi zuzena daben hainbat aspektu kontuan hartzea, lantzea edo garatzea dakar ezinbestean. Izan be, hizkuntzea erabiliz ikasi eta hobetzen da, erabilten ez dan hizkuntzea, ostera, kamustu egiten da, eta atzerakada honek hiztunaren motibazinoan be eragin negatiboa dauka. Baina ahozko produkzinoa indartu beharraz gogoeta egiten dogunean, berehala topetan doguz hezkuntzearen alorrean ardura, eztabaida eta hausnarketa ugari eragiten dabezan gaiak eta lan eremuak: errepertorioak, hizkera kolokiala, erabilpena bultzatzeko egitasmoak, aldaerak, etab. Halan da ze, noranzko horretan ibilten hasi ezkero, laster baten ailegauko gara eztabaida askoren muinera: hizkuntzearen kalidadera, hain zuzen be.

“Hizkuntzearen kalidadea” zer dan eta egun zelan ulertzen dan argitzen ahaleginduko gara. Horretarako, Ibon Sarasolak aurretik landutako kontzeptuei jarraituz, Kike Amonarrizek, Andoni Egañak eta Joxerra Garziak, Eusko Jaurlaritzearen Euskararen Aholku Batzordearen eskariz (EAB, 2004), idatzitako txostena hartuko dogu oinarritzat.

Hizkuntzearen kalidadea definidukeran hiru maila bereizten dabez egile honeek; bat euskera zuzena, Euskaltzaindiaren arauen araberako euskerea da zuzena, arau horreek aplikagarriak diran egoera komunikatiboetan (ortografian, joskeran, ahoskeran, etab. maila askotan daragi zuzentasunak); bi, euskera jatorra, euskerearen senaren edo usadioaren araberakoa da euskera jatorra (“Entrenatzailea zirkunstantzia aurpegiarekin atera zen aldageletatik” euskera zuzena izan leiteke akaso, baina ez da jatorra. “Entrenadorie halamoduzko aurpegixaz urten zeban bestuarixotik”, ostera, jatorra da, nazino mailako egoera formaletarako zuzena izan ez arren); hiru, euskera egokia, bere xederako egokia dana da euskera egokia, eta halan egokitasun kontzeptu honetan txertatzen dogu eraginkortasunaren alderdia, nahiz eta jakin guk “jator” esaten deutsagunari batzuek “egoki” esaten deutsela. Zuzentasunaren eta jatortasunaren aldean, kontzeptu aldakorra da egokitasunarena.

Izan be, komunikazino egoera bakotxak bere egokitasuna behar dau. Inguruabar horretan, asko ez eze, askotarikoak be badira egokitasunean daragiten faktoreak, eta hizkuntzaz kanpokoak dira, ganera, dan-danak (besteak beste: xedea, xede-taldea, mezu bideak eta hizlariaren hizkuntz gaitasuna). Egoera jakin baterako ezin egokiagoa dan berbetea erabat desegokia izan leiteke –eta izaten da– beste baterako. Hain zuzen, horixe da, ez besterik, hiztun –eta hizlari– egokiaren gaitasun bereizgarria: aldian-aldiko egoeran hartarakoxe egokia dan hizkerea erabilten jakin eta asmetea. “Atsegin zatzaizkit” oso zuzena da, baina zuzenaren zuzenaz guztiz desegokia da, goizeko ordu bietan ligau gura dauan gaztearentzako.