Bertsotan  III. urtea // 79. zenbakia

Barre lako bertsoak


Goian bego Kaxiano, Euskal Herriko soinujole famatua, euskal kulturearen ikur ezaguna. Holako persona bati derrigorrez egin behar jako omenaldi bat, eta omenaldi on danek bertsolariak eukiten dabez. Eta bereak be euki ebazan. Ez ahaztutekoak ganera. Bertsoa osorik jarri beharrik ez dago omenaldi haretako bertsoen gogoangarritasuna ikusteko:

[...]
zuk jo ez duzun bazterrik
ez dago munduan [...]

Bertsolariak, neure ustez, zera esan gura eban: zuk ez dozu munduko bazterrik “soinua” jo barik itxi. Hiperbatona gura legez. Hara berba bat ahaztuteak zelako ondorioak ekar leikezan. Horreek bai laudorioak horreek!

Beste omenaldi tipo bat presoena izan leiteke. Preso baten ondo-etorrian izan zan, Gipuzkoan hau be. Askotan ez da jakiten zer kantau momentu batzuetan eta topikoetara joten da. Hori izango zan kasuko bertsolariaren asmoa, baina ez jakon lar ondo urten bertsoa:

[...]
refuxiatuak preso
ekarri ditzagun [...]

Errefuxia gaitezan!

Holako beste omenaldi baten, iheslariak aitatzen ebazala aurkezleak, bertsolariak erreferentzia egin gura eutseen mendiei, gure aberriko mendilerroei:

[...] Euskal Herriko mendiak dira
Pirineos eta Alpes [...]

Geografia: 0.

Baina danak ez dira hanka sartzeak. Batzuek bete-betean asmetan dabe eta horrek eragiten dau barrea. Horren jaun eta jabe Lazkaomendiko bertsolaririk txikiena izan zan. Plazaren batean, Lazkao Txikiri puntu hau imini eutsien:

[...] “Inuxente ugari
daukagu munduan”
“Zu bakarra zinela
uste al zenduan” [...]

Baita gaztelaniaz be:

[...] “ Lazkao Txiki eres
un zakilopotros”
“y tu siempre bebiendo
a cuenta de otros”

Zenbat gauza esan leiteken hamairu silabatan!

Xabier Paia

Esaten dana ez ei da izaten esan gura dana askotan. Berba lauz adierazo gura doguna ez dator bat buruan daukagun kontzeptuagaz. Arrazoi asko dagoz fenomeno hau espliketako: momentuko artegatasuna, sentiduten dana azaltzeko berba zehatzak ez topetea, ez jakitea, etab.

Eta prosan hori jazoten bada, zer esanik ez bertsotan. Andoni Egañaren arabera, bertsolari batek sekula ez dau gura dauana esaten. Errimak, silaba kopuruak eta etenak ez dira sano lagungarriak izaten, oztopo diralako beste ezer baino. Horren adibide ugari dagoz; izan be, bat-batekotasunaren ezaugarri nagusietako bat akatsa da, hanka sartzea, eta gura dana ezin esatea be akats izan leiteke. Gehienak arruntak izaten dira, ezelako berezitasunik bakoak, baina badagoz antologia bat osotzeko lakoak. Hain zuzen be, horreek dira gaurko artikuluaren berbagaiak.