Oteiza, artista handia 'Euskodisneyra' heldu da
Oteiza sortzailearen aro guztien adierazle diran eskulturez ganera, orain arte beste inon erakutsi ez diran 40 bat marrazki eta collage iminiko dabez Guggenheimen. "Eskultoreak espazioan pintau behar ebala inoan Oteizak, ezelan be ez papelean. Eta berak ez ebala marrazkirik egiten esaten eban. Baina ez zan egia. Hil eta gero, eskulturen zirriborroak topau genduzan: marrazki eta collage mordoa. Beste artista batek txikitu egingo leukez, baina Oteizak ez. Bere izakera kontraesankorraren parte da hori be".
Hau guztiau gitxi ez, eta Paloma Chamorrok 1988an 35 milimetrotan filmautako Oteizari buruzko hiru dokumentalek osotuko dabe erakusketea. Dokumental horreek TVE katerako grabau baziran be, Oteizak emitiduteko baimenari uko egin eutsan eta orain, lehenengoz, Guggenheimen ikusi ahal izango dira.
Ez dakigu zer pentsauko leukean Oteizak honen guztiaren ganean, ze, haizeak nondik joten eban, bera be gaur baikor eta bihar ezkor agertzen zan mueta honetako erakusketak epaitzerakoan: erakusketea ikusi barik, itzelak esaten ebazan horren kontra, baina gero, bertan bere lanak ikusterakoan, hunkitu egiten zan. Bere buruaren kontrako amaiera bako burruka luzean bizi izan zan Orioko artista handia.
Bilbaotik pasau ostean, 2005eko zezeilean Oteiza Madrileko Reina Sofia Museora eroango dabe, eta handik New Yorkeko Guggenheim Museora, urte bereko bagilean.
Julen Gabiria
Bilbaoko Guggenheim Museoak, joan dan barikuan, urriaren 8an, ateak zabaldu eutsazan Jorge Oteizaren (Orio, 1908 – Donostia, 2003) erakusketeari. Urtarrilaren 9ra bitartean egongo da ikusgai eta, duda barik, berau izango da urte honetako esposizinorik ikusgarriena: “Oteiza, mitoa eta modernotasuna” izena ipini deutsie.
Guggenheim Museoa zabaldu zanetik, askok pentsetan eben handik denpora gitxira Oteizaren obrak bertan ikusteko aukerea eukiko ebela, baina errealidadea guztiz kontrakoa izan da gaur arte. Izan be, Oteizak hasieratik argi erakutsi eban ez ebala museo horretan bere obrarik iminiko, imini ezkero Oriokoaren izena nazinoarte osoan zabalduko bazan be. Hasieratik agertu zan museoaren kontra, eta Lakuako gobernuari "politika kulturala arerio amerikarrari saldu izana” leporatu eutsan. Ez dogu ahaztuko, beste alde batetik, Oteizak argi esan ebala Guggenheim Museoa “Euskodisney” bat zala, “euskal arteari eta artistei egindako traizinoa”. Halanda be, Oteiza Fundazinoak, 1998an, akordio bat sinatu eban Guggenheim Museoagaz, esposizinoa aurrera eroateko. Orduan be, bizarduna ez zan isildu: egun bat beranduago, Oteizak berak akordio hori ezeztatu egin eban. Eta, azkenean, Oteiza hilda egoala, Fundazinoak barriro negoziau eban Guggenheim Museoagaz erakusketa hau egiteko aukerea: Fundazinoko kideen erdiak kontra egozala, onartu egin zan artistearen lanak museoari lagatea, hori eskultorearen gurarien kontra baegoan be. Polemikak alde batera itxita, errealidadea bat eta bakarra da: momentu honetan, Oteizaren obrea berton daukagula ikusgai.
Margit Rowell arte konserbadoreak eta Txomin Badiola artisteak egingo dabe erakusketako komisario lana. Rowellen eta Badiolaren berbetan, erakusketa hau azken hamabost urteotan Oteizaren obraren ganean egindako atzera begirako zabalenetakoa da. Rowellek azaldu dauanez, "Bilbaoko erakusketeak azken urteetako Oteizaren mitoa apurtu gura dau, eta bere alderdi iraultzaile eta modernoa erakutsi". Baina Oteiza nazinoartean ezagutarazotea da erakusketa honen helburu nagusia. "Oteizak euskal artista moduan definiduten eban bere burua. Eta hori oso ondo dago, baina nazinoarteko arte modernoaren esparruan bada nonor, edo izan beharko leuke, behintzat. Horregaitik, erakusketea ideia horri jarraituz antolatu dogu. Gainera, Oteizak inork baino lehenago landu ebazan gero AEBetako artista batzuek -Tony Smithek, berbarako- landutako kontzeptu batzuk, eta hori guztia ez da nazinoartean ezagutzen. Oteizak ez eban ia oihartzunik euki munduan. Erakusketeagaz, merezidu dauan lekuan ipini gura izan dogu Oteizaren obrea, artisteak berak errekonozimendu hori eukiteari uko egin baeutsan be".
Txomin Badiola, barriz, Orioko eskultorearen dizipulua izan zan hainbeste urtean, eta ondorioz, Guggenheim Bilbao Museoak Margit Rowelli Oteizaren obrearen ganeko esposizinoa antolatzeko eskatu eutsanean, duda barik alkarregaz lan egiteko proposamena egin eutsan Badiolari. Urte gogorra pasau dabe biek, trabaz beteta, baina azkenean lortu dabe gura ebena: "Oteizaren obreagaz pasetan dana da ez dala galerietatik, museoetatik eta enkanteetatik ibili, eta horregaitik, hainbeste lekutan bilatu behar izan doguz piezak, gura genduana lortu arte", azaldu dau Badiolak. "Bildumagileek modu honetako obrakaz daukiezan hartu-emonak oso bereziak dira, eta beti ez dira egoten pieza horreek ixteko prest". Esandako moduan, urtebete luzeko lanaren ostean, artista gipuzkoarrak bizitza osoan egindako 204 obra batzea lortu dabe Badiolak eta Rowellek. Makina bat eskultura bildumagile pribatuakandik jaso dabez, eta beste asko Madrileko Reina Sofia Museotik eta Bilboko Arte Eder Museotik. Kontuan euki behar da Oteizaren erakusketa gitxi egin izan dala, eta hau be orain arte antolatu diranetatik guztiz desbardina dala, batez be edukinagaitik, dimensinoagaitik, museoagaitik beragaitik eta Oteizak eukiko dauan nazinoarteko ospeagaitik.