Jan-edanak  III. urtea // 79. zenbakia

Umeen obesidadea (II)


Zer egin geinke umeen obesidadea ebitetako?

1) Heziketa nutrizionala

Oso garrantzitsua da umeek, etxean hasi eta eskolan segiduta, jateko modu orekatua zein dan ezagutzea.

Sarritan, komenigarria izaten da familiak berak aditu bategaz jateko modua gainbegiratu eta hobetu beharko litzatekezan puntu garrantzitsuenak ezagutu ostean hobekuntza hori martxan ipintea. Umeak eskolan urte batzuk pasauko dauz baina bizitza osoa familiaren inguruan pasauko dau eta eskolan ez eze, familian be dieta orekatua oso ondo zaindu beharko da. Eta hemen dago arazoaren kakoetako bat: obesidadea arazoa dan familietan eta zergaitietako bat etxeko jateko erea desegokia danean, gurasoek euren jateko ohiturak eta janaria preparetako ohiturak aldatu gura ete dabez? Gurasoen laguntza barik umeek ezer gitxi egin ahal izango dabe.

Argi dagoana jateko ohiturak “betirako” aldatu behar dirala da. Denpora tarte mugatu baten elikadurea, eta horregaz lotuta, gure pisua gora eta behera ibilteak gorputza nahastu egiten dau: obesidadea kronikoa da eta dietea bizitza osoan zehar zaindu behar da. Dieta orekatua zigorrez betetako dietea EZ dala ikasi behar da, gure kapritxotxuak neurriz zelan jan geinkezan, dieta osasungarri bat be oso gozoa izan daitekela ikasiz,…baina jakina, hau apurka-apurka egin behar da, prozesuan denpora eta maitasun handia jarrita.

2) Ariketa fisikoa norberaren bizitzaren parte bihurtzea

Ariketa fisikoak osasun egoera on orokorra mantentzen lagunduko deusku, bai fisikoki eta baita emozionalki be. Pisua bajatuten eta urteetan zehar pisu hori mantentzen lagunduko deusku, eta horrezaz gan, ariketakaz kaloria gehiago erretan doguzanez, hainbeste inbidia emoten deuskuen janari horretako batzuk kopuru handiagoan (beti be dietea desorekatu barik) jan ahal izatea be erraztuko deusku.

Ohiturarik ez daukagunean, sarritan kosta egiten jaku ariketea egiten hastea, baina gaur egun gizartean aukera asko daukaguz: mendi taldeak, kirol desbardinen ekipoak, dantza taldeak, gimnasioak,…Gorputz hezkuntzan aditua dan baten bateri be aholkua eskatu geinkio….

Zuen etxean obesidade arazorik badaukazue, zuen burua ezeren errudun bihurtu barik eta ondo tratatuz, apurka-apurka aitatutako neurriak hartzera animetan deutsuet. Ez da egun baten egiteko beharra, eta ez doguz helburu gehiegi eta gogorregiak finkatu behar, baina bai osasungarriagoak diran ohiturak apurka-apurka hartzen joan eta martxea hartzea. Ez da egun baten lortzen, baina pazientziagaz eta konstantziagaz, zuek uste dozuena baino errazagoa da!

Larraitz Artetxe,
Dietetika eta Nutrizinoan Diplomaduna

Aurreko atalean, besteak beste, umeen obesidadean eragiten daben faktore garrantzitsuenak ezagutu genduzan baina holakoetan beti be galdera hau zabal dabil edozein bazterretan:

Ze eragin daukie faktore genetikoek obesidadean?

Gure genetikea seme-alabei transmitiduten deutsegu, bai onerako eta baita txarrerako be; holan ba, loditzeko erraztasuna daukien gurasoek herentzia hori itxi leikie euren umeentzat. Guraso lodiak daukazan ume batek, ez daukazanak baino askozaz be aukera gehiago daukaz handitzen danean lodia izateko. Jokera hau umeak 4 urte daukazanetik aurrera adierazoten da batez be, ez lehenago; berbarako, urte beteko ume borobiltxo batek ez deusku adierazoko loditzeko jokerea heredau dauanik.

Dana dala, ingurunearen eragina genetikearena beste garrantzitsua dala ikusten dabilz: txikitatik guraso lodien umeei dieta orekatuak emon ezkero eta janariaren oreka hori bizitza osoan zehar mantendu ezkero, ume horreek ez dira sekula lodiak izatera heltzen (nagusitan be ez). Emoitza hau hainbat ikerketatan ikusi da eta horregaitik gaur egun behin eta barriro emoten dira obesidadearen prebentzino neurrien ganeko aholkuak. Obesidadea kontrolauta euki ahal izateko ingurunea (dietea eta ariketa fisikoa batez be) etenbarik zaindu behar dira, bestela ez dago zer eginik.

Faktore emozionalak be oso garrantzitsuak dira

Europan 10 urtean zehar egindako ikerketa baten hau ikusi zan: umeei emozionalki kasu gitxi egiten jaken familietan ume potolo gehiago egozala. Aspaldiko esakerea da, sarritan janaria maitasunaren ordezko moduan erabilten dogula eta ikerketa honetako kasuetan holan zala emoten dau.

Obesidadea banakakoen gaixotasuna eta gaixotasun soziala be bada. Obesidadean eragina daukien faktoreak hurrengoak dira: jateko ohiturak, ariketa fisikoa, familia eta norberaren biziteko erea, lan mueta eta norberaren herrialdeko osasunaren aldeko plangintzearen eragina.