Brasil (II): Rio de Janeiro
Barriro etorteko moduko uria da Rio. Nahiko zoragarria eta ‘paradisiakoa’, egia esan. Riotik ezin da joan O Cristo Redentor ikusi barik. Autobusa hartu ostean, taxiz joan naz beste batzukaz batera, Brasileko bikote bategaz eta Suitzan bizi dan austriar bategaz hain zuzen be. O Cristo Redentor mendi txiki baten ganean dago eta oinez joan zeinke, baina bakarrik ez. Favelen parean dago ibilbidea eta nahiko arriskutsua da. Taxia gelditu danean, Rioko alderdi bat ikusi dogu: etxeak eta favelak, aberastasuna eta pobrezia alkarren ondoan. Gora igon eta gero: O Cristo Redentor. Handia eta Art Deco estilokoa da. Handik goitik ia Rio osoa ikusi dogu, hedoiek tapau ez dabena behintzat. Bidean be etxe dotoreak dagoz, lur-eremuakaz, eta ondoan favelak, txabolak eregiteko lurra baino ez daukienak.
Euskal Herriko lagun baten laguna Rion bizi da. AEBekoa da eta Julie dauka izena. Beraren etxera joan naz, eta han beste neska bi be egon dira bisitan: Brasileko bat eta Italiako beste bat. Brasileko neskeak esan deustanez, Brasilen esklabo ia guztiak baltzak ziran. Indioak alperrak zirala esaten eben, eta oraintsu arte testu liburuetan hori agertzen zan: indioak alperrak ziran. Izan be, indioek ez eben zurientzako behar egin gura.
Juliek esan deust berak unibersidadean behar egiten dauala, eta bertan favela bateko neska bat irakaslea dala. Antza danez, favela batzutan agintea favelako gitxi batzuen esku dago, eta arauak ezartzen dabez. Berbarako, neska hori ezin da sartu edo ibili favelan gaueko hamaiketatik goizeko seirak arte.
Juliegaz Santa Catalina auzora joan naz. Menditxu baten ganean dago, etxe zahar eta dotorez beteta. Han bizi dira gaur egun pintore eta artista asko, eta giro berezia sortu dabe. Riotik bertaraino igoteko aspaldiko funikularra dago, eta ederra da bidea. Joan garan egunean jaia izan da, eta kalean antzerkia, konparsak… ibili dira. Brasildarren bizipoza sentiduteko erarik errazena.
Iratxe Ormatza
Ia aste bi pasau dira Brasilera etorri nazenetik. Herri ederra da hau. Berbakera goxoa daukie, eta neuk be ahaleginak egiten dodaz euren berba goxoak neureganatzeko. Ikasteko liburua erosi dot eta ekinean nabil.
Sao Paulotik Riora etorri naz eta goizaldean ailegau naz. Ostatu merke-merke batera joan naz: eskilara ilunak, aspaldi aldatu behar eben egurra, erlojua bera be geldituta, eta garbitasuna be antxina gelditu ei da. Gelan labezomorroa topau ostean, aldatzea pentsau dot, eta gero Ipanemako aterpetxera joan naz.
Aterpetxea baino, hotela emoten dau. Eta, ganera, Ipanemako hondartzea hogei metrora dago. Ingurua ederra da: hareatzea, itsasoa, ugarteak… Agentzietan eskaintzen dabena aurrez-aurre daukat. Esaten dabe Rioko persona ederrenak berton dagozala. Halanda ze, zeregin ederra da jenteari begiratzea hondartzan etxunduta zagozala. Hemen sortu eben Tom Jobinek eta Vinicious de Moraesek "A garota de Ipanema" (Ipanemako neskea) kantu ezaguna. Hondartzan, eta neska izanda, ez da denpora asko pasau behar mutilen bat zugana hurreratzeko eta berba egiteko. Beti dagoz ligetako prest. Egia esanda, aukera parebakoa da portugesa ikasteko. Goxoak dira hemen, eta nahiz berba gitxi egin eta asko ulertu ez, eurak saiatzen dira eta nik ondo pasetan dot.
Barriro be aterpetxea aldatu eta Copacabanara joan naz. Hango hondartzea be ederra da. Faveletan bizi diranak hondartzetara joaten dira eta hainbat gauza saltzen dabez: izozkiak, langostinoak, gaztaia berotuta eta oreganoagaz, enpanadak, edariak, pareoak, erropea, bikiniak, antiojuak… Eta artisautzea: eraztunak, lepokoak, arrakadak… Egun baterako behar dozun guztia hareatzan bertan erosi zeinke. Sao Paulon ez, baina hemen favelak ikusi egiten dira. Hainbat mendi txiki dagoz Rion, eta bertan eregi izan dabez txabolak. Han bizi diranak urira etorten dira eta saltokietan, saltoki ibiltarietan, atezain, garbitzaile eta era horretako beharretan ibilten dira. Kalean eskaleak be badagoz, eta gauean han-hemenka ikusi ahal dozuz lo.