Aitor Zuberogoitia: 'euskerazko kazetaritzeak argi-ilunak daukaz'
Euskerea darabilen komunikabideen jarduna, arazoak, berezitasunak eta bihar-etziko asmo eta egitekoak aztertzeko hilebete barru, zemendiaren 9tik 12ra Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresua egingo da Bilbaoko Euskaldunan EHUk, EIEk, UEUk, Topaguneak eta Berriak antolatuta.
Gurean iraultza handia bizi izan dau sektoreak azken 30 urteotan eta datu legez baino ez bada be, 500 profesional inguru eta 250etik gora komunikabide daukaguz gaur egun, pentsauezineko egoerea orain urte batzuk.
Kongresuaren eta komunikabideen egoereraen ganean berba egiteko Aitor Zuberogoitia, Topaguneako ordezkariari ondoko galdeketea egin deutsagu:
1. Nondik nora sortu zan alkarlanean Euskerazko Kazetaritzearen I. Kongresua antolatzeko asmoa?
Ideia jente askoren ahotan ebilen, plangintzea egiteko beharra, sinergia bultzatzeko beharra... Bakotxa bere aldetik ebilen eta indarguneak eta ahulguneak zeintzuk diran ikustea komeni zala jaubetuta, indarrak non zentrau erabagi behar zan, baita bihar-etziko estrategiak zehaztu be. Hori dana ikusten zan, baina ez gendun horretarako denporarik hartzen. Orduan, EHUko irakasle batzuek euki eben Kongresuaren ideia. Txema Ramirez de la Piscina eta Joxi Basterretxea tematuta ebilzan gaiagaz eta orduan gurera jo eben, euskerazko kazetaritzan dihardugun eragile batzuongana, Topagunera kasu honetan. Komunikabide-sail garrantzitsua dauka Topaguneak, hogeta hamasei aldizkarigaz, hiru telebistagaz eta lau irratigaz. Argiagaz eta Bizkaia Irratiagaz be kontaktuak egin ebezan, baita Berriagaz be, beste askoren artean. Komunikabide batzuk ezin izan dabe antolaketa lanetan parte hartu, euren eguneroko zereginak aurrera eroaten be nahiko daukie eta. Bete-betean bost sartu ginan: EHUko Kazetaritza Saila, UEUko Kazetaritza Saila, Topagunea, Euskera Alkarteen Federazinoa, Berria eta Euskal Idazleen Elkartea. Bostok osotzen dogu batzorde antolatzailea eta beste hainbatek be laguntzinoa eskaini deuskue.
2. Kongresuaren helburuen artean, euskal kazetaritzearen diagnostikoa egitea eta euskerazko kazetaritzearen liburu zuriaren oinarriak finkatzea dagoz. Zeintzuk dira ganerako helburuak?
Mueta honetako kongresuetan askotan teoria larregi egoten da eta praktika gitxi. Guk hori ebitau gurako geunke eta egitasmo zehatz batzuen ganean berbetan hastea. Berbetan hastea izaten da gauzak planteetako bidea, baita apurka-apurka gauzatzen hasteko be. Berbarako, euskerazko albiste agentzien ganean egingo da berba, oraindino existidu ez arren. Euskerazko hedabideen ikerketa zentroaren inguruan be proposamena edo gogoetea aurkeztuko dau Ludger Mess EHUko euskera errektoreordeak. Oro har, gauza konkretuen ganean egingo da berba, guztiz airean dagozan gauzak planteetan hastea da helburua eta.
Gai horreen artean ‘potoloena’ Euskerazko Kazetaritzearen Liburu Zuria izango da. Sektorea egituratzeko balioko leuke, zenbat garan, zertan gabilzan... zehazteko. Indarguneak, ahulguneak eta aurrera begira dagozan aukerak bertan jasoko litzatekez ganera, baita ildo estrategikoak eta indartu beharreko puntuak be, alkarlan ildoak tartean.
3. Euskerazko kazetaritzea osasuntsu dago?
Begiratzen dogun moduaren araberako erantzuna emongo deutsagu galdera horreri. Egoerea ilustretako hiru anekdota aitatzen ebazan Amatinok: lehenengoagaz hasita, 1975 urte bitartean Euskaltzaindiak prentsaurreko bat emon eban Espainian ‘Real Academia’ izentau ebelako. Prentsaurrekoa gaztelania hutsean emon eben eta Amatinok euskeraz itaundu eban ia prentsaurrekoan euskeraz itauntzerik baegoan. Sekulako astrapalea sortu zan kazetarien artean, askok ekintzea probokazinotzat jo eben eta.
Bigarren anekdotea be hirurogeta hamargarren hamarkadakoa da. Garai haretan Deian erredaktore-buru lanetan ebilen batek behin eta barriro esaten eutson Amatinori alperrik ebilala euskerea kazetaritza-hizkuntzea bihurtu guran, inoiz ez ebala lortuko eta.
Amatinoren hirugarren pasartearen oinarrian ETBren sorrerea dago. Hasieran ETB kate elebidun legez pentsauta egoan, baita ETB1 be, pentsetan ebelako ez zirala izango gauza albistegi bat euskera hutsean egiteko. Tartean, baina, jente asko tematu zan eta azkenean proiektuak ondo urten eban.
Hiru adibide horreek ikusita, gaur egun hori dana gaindituta dagoala emoten dau. Inork ez dau zalantzan jarten euskerea kazetaritza-hizkuntzea danik edo albistegi bat euskera hutsean egin leitekenik. Parte horretatik, beraz, aurrera egin dogu. Baina badagoz oraindino ahulezia asko be. Euskerea ofiziala izan arren, jenteak, orokorrean, ez dau euskerazko komunikabideetara joteko ohiturarik. Inoiz baino ugaritasun gehiago dago, baina kopuru kontuetan ez dogu aurrera egin. Holan ba, euskerazko kazetaritzeak argi-ilunak daukaz.
4. Eta euskerea?
Zatiketa politiko-administratiboak eragin zuzena dauka euskerearen egoeran. Iparraldean ez dauka ezelako ofizialtasunik. Nafarroan, egoerea larria da eta EAEn ofiziala da, baina ez askok gurako geunken mailan. Hizkuntzea bat izanda, hain eremu desbardinetan zatitua egoteak sekulako kaltea eragiten deutso.
Beste alde batetik, euskereak egitura profesionalak be badaukazala esan geinke, gu geu berbarako. Industria minimo bat be sortu da, eta sektorea indartu egin dala esan geinke. Internetek be garrantzia dauka horretan, baina arriskuak be badagoz, hizkuntza sendoak gehiago zabaltzen diralako.
Euskereari jagokonean be, argi-ilunak daukazala esan geinke.
5. Gaur egun 250 bat komunikabide daukaguz 800.000 mila hiztuneko herrian; ez ete da larregi, komunikabideen eskaintzea eta gizartearen beharrizanak bat ete datoz?
Egia esan, ez dakit. Danon artean mapa bat egin beharko geunke, euskerearen zabalerea zein dan hartu eta bakotxean ze eskaintza dagoan aztertzeko. Euskerazko hiztunak dagozan lekuan euskerazko komunikabideak egotea bermatu behar dala uste dot nik. Merkaduak berak agintzen dau, berak orekatuko dauz eskaria eta eskaintzea. Baina kontuz ibili behar da, merkadu librean arrain handiak txikia jaten dau eta. Holan ba, euskeraz informazinoa jasoteko eskubidea merkadu-arauen ganetik egon behar da.
6. Komunikabide nazionalak eta lekuan lekukoak edo herri mailakoak daukaguz. Handiak txikia jaten dau?
Ez litzateke holan izan beharko, eta holakorik pasau ez daiten neurriak hartu behar dirala uste dot. Gure errealidadea zein dan ikusita, ez gagoz alkarregaz burrukan hasteko moduan; gitxiegi gara norberaren kabuz ibilteko ezelako planifikazino barik eta indarrak alperrik galtzen; alkarlanaren eta alkarren osogarritasunaren alde egitea da zentzuzkoena eta beti errespetuan oinarrituta, monopolioaren tentaldiak ebitatuz. Topagunearen filosofia, berbarako, beti izan da lekuan-lekuko komunikabideak bultzatzea. Onartu behar dot, baina, batzutan egon dirala gatazkak. Hori ebitetako, Kongresuak argibideren bat edo beste emongo deusku.
7. Euskal kazetaritzearen eta gaztelaniazkoaren artean desbardintasunik badago?
Jarduna bera izanda, desberdintasun handiena nire ustez erreferentzi-sistemea da. Eta hori da, askotan, euskal kazetaritzearen pekatua. Komunikabide nazionalak euskeraz berbetan daben guztientzat baliagarriak diran erreferentziak erabili beharko leukiez. Askotan ñabardura sartzea inportantea da, berbarako ‘gobernua’ esaten dogunean Espainiakoa, Frantziakoa... zein gobernu?
Euskerazko kazetariok erreferentzi-sistemea asmau beharko geunke, euskera-lurraldearen edozein lekutan bizi dan edonorentzat balioko leukena. Gure hizkuntzearen araberako erreferentzia-sistemea sortu beharko geunke.
8. Euskerearen eta euskal kazetaritzearen etorkizuna batera doaz?
Bai. Euskal kazetaritzea, Koldo Mitxelenak ondo esan eban legez, euskeraz egiten dana da. Orduan, euskerea ahultzen dan heinean euskal kazetaritzea makaldu egingo da. Loturea dialektikoa da, eta zenbat eta euskal kazetaritzea gogorrago egon, orduan eta mesede gehiago egingo deutso euskereari.
9. Kongresuan, 'Komunikazinoak' atalean, ekarpenak egiteko aukerea eskaini dozue.
Gura daben komunikabide guztiek urriaren 15era arte txostenak aurkeztu ahal izango dabez, bost-hamar minututan aurkezteko, 20.000 karakterekoak gehienez. Batzorde batek gainbegiratu egingo dauz txostenok, eta gero argitaratu egingo dira, berandu entregau dabezanenak izan ezik.
Posterrak be aurkeztu leitekez, 1 X 0,70 neurriakaz gehien bat. Poster horreek Kongresuan egongo dira ikusgai. Hori bai, urriaren 29a baino lehenago aurkeztu behar dira.
10.- Hilabete inguru falta da, eta matrikulea zabalik dago oraindino. Zeintzuk dira epeak?
Bai, matrikulea zabalik dago. Kongresua lau egunetakoa da eta lanbakoek eta ikasleek 50 euro pagau behar izango dabez; ganerakoek 100 euro. Prezio horretan lau egunetako bazkariak be sartzen dira. Komunikazinoak egiten dabezanek matrikulea doban eukiko dabe. Gogoratu, epea urriaren 29an amaitzen da, eta jentea animetea espero dogu antolatzaileok.
11. Ezin berbaldi hau amaitu Martin Ugalderen aitamena egin barik. Oraintsu hil da literaturan, euskal kulturearen sustapenean, politikan eta beren beregi kazetaritzan nabarmendu dan gizona.
Bai. Martin Ugalde kazetari eta euskaltzale handia izan da, lan ikaragarria egin dau eta euskerazko prentsan bidea urratu dauanetako bat izan da. Politikoen artean asko ikusten ez dan birtutea eukan, zubigintzarako gaitasuna hain zuzen be. Errepaso azkarra eginaz, Zeruko Argian, gero Deian, Amatiño, Estepan Aldamiz, Mikel Atxaga eta beste batzuen buru ibili zan eta, aurrerago, egoera politiko polarizatuan, mesfidantza eta bildurra nagusi ziranean, zubigintzan eta alde desbardinen arteko alkarlanean bete-betean asmau eban proiektu barri bat aurrera atarateko.
Koldo Isusi Zuazo