Martin Ugalde kazetaria, idazlea, politiko abertzale eta euskaltzalea, Goian Bego
Sariak, omenaldiak:
-Korrika 8-k omenaldia egin eutson 1993an.
-1997an, “herriko seme” izentau eban Andoaingo herriak.
-Euskalgintza Elkarlanean Fundazinoak merezimentu Saria emon eutson 1998ko zemendian.
-“Astearte literarioak” zikloaren omenaldia, 1999ko garagarrilean. Koldo Izagirre, Anjel Lertxundi eta Inazio Mujika tartean egozan.
-EHUko Honoris Causa Doktore, 1999ko abenduan.
-2002. urteko “Euskaldun Unibertsala” izentau eben, 2003ko irailaren 10ean (Ainhoa Artetagaz batera).
Argitaratutako lan nagusiak:
-Iltzalleak (Cromotip, 1961). Ipuin bilduma (Berrargitalpena: Erein, 1985, Hiltzaileak izenburuagaz)
-Ama gaxo dago (Cromotip, 1964). Antzerkia.
-Umeentzako kontuak. Sorgiñaren urrea (Itxaropena, 1966). Haur eta gazte literatura; ipuinak.
-Itsasoa ur-bazter luzea da (Gero-Mensajero, 1973). Nobela.
-Mantal urdina (Erein, 1984). Ipuin bilduma.
-Batasun eta zatiketen artean (Elkar, 1990). Kazetaritzea.
-Lezo Urreiztieta (1907-1981). (Elkar, 1990). Biografia
-Bihotza golkoan (Erein, 1990). Ipuin bildumea.
-Itzulera baten historia (Elkar, 1990). Nobelea.
-Erroetatik mintzo (Sendoa, 1993). Antologia
-Pedrotxo (Euskaltzaindia / BBK, 1994). Nobela. (Berrargitalpena: Elkar, 1995.)
-Erretiradako trena (Erein, 1997). Ipuin bildumea.
-Mohamed eta parroko gorria. Elkarlanean, 2000
-Itzulera baten historia: Historia de un regreso (Hiru, 1995; Hitz.: Koldo Izagirre).
-Un real de sueño sobre un andamio (Cromotip, 1957). Ipuina
-La semilla vieja (Cromotip, 1958). Ipuin bildumea. (1979an Ediciones Vascas-ek berrargitaratua beste izenburu bategaz: Cuentos de Inmigrantes.)
-Hablando con los vascos (ariel, 1974). Saiakera-kazetaritzea.
-Tres relatos vascos (Txertoa, 1974). Ipuin bildumea.
-Síntesis de la Historia del País Vasco (Seminario y Ediciones, 1974). Historia liburua.
-Hablando con Chillida, escultor vasco (Txertoa, 1975). Kazetaritzea.
-El problema vasco y sus profundas raíces culturales y políticas (CAG, 1980). Saiakerea.
-Nueva Síntesis de la Historia del País Vasco (Elkar, 1983). Historia liburua.
Bizkaie!
Martin Ugalde idazle, kazetari eta euskaltzain ohorezkoa urriaren 4an hil da gaixotasun luze baten ondorioz. Ugalde Euskaldunon Egunkaria-ko Ohorezko Presidentea zan. Datorren hilean bete behar ebazan 83 urte.
Martin Ugalde Andoainen jaio zan, 1921ko zemendiaren 11n. Hasieran monjakaz hasi zan eskolan eta segiduan herriko eskolara joan zan. Gero, La Salle ikastetxean ikasi eban. Bertan, matematikea asko gustau jakon eta literaturarako gogoa be sortu jakon. Batzokiko giroan parte hartu eban, dantza talde eta antzerkietan.
Aita arotza zan eta Errepublika garaian udaletxean zinegotzi be izan zan. Gerrak markau eban, baina, familiaren bizimodua. Aita azkeneraino egon zan gerran, Katalunia jausi arte, eta orduan Venezuelara alde egin behar izan eban. Baina aita bakarrik joan zan: anaia, gerrea zala-eta, erbestera eroan eben, Errusiara hain zuzen be; Martinek, baina, ez eban hara joateko modurik izan, eta Ipar Euskal Herrira joan zan. Hamar urtez, bakotxa bere aldetik ibili zan familia osoa: aita Venezuelan, ama Andoainen, anaia Errusian eta Martin Donibane Lohitzunen.
Gerra ostean Venezuelara iges eginda egozan aita eta anaia, eta, amagaz batera, hara joan zan Martin Ugalde be, 1947an. Han alkartu zan familia osoa. Caracasen, Euzko Gaztediren sortzaile eta lehendakaria izan zan, baita EAJko buru be, alderdi horretako erbesteko batzordeko presidentea zan eta. Euzko Gaztedi eta Euzkadi aldizkarietan eta Elite astekarian hasi zan idazten. General Motors enpresan lanean eta egunkarietan idazten be hasi zan eta Elite egunkariko erredakzino-buru izentau eben.
Chicagon ikasi eban Kazetaritzea, eta Venezuelan kazetari eta idazle ezaguna izan zan, bertako hizkuntzan. El Farol aldizkaria zuzendu eban, eta ipuingintzan sariketa asko irabazi eta ospe handia lortu eban. 1969an etorri zan Euskal Herrira bueltan, eta euskal kulturearen inguruko ardureak Euskal Herriaren inguruko liburuak idaztera bultzatu eban, Hablando con los vascos alkarrizketa-sorta eraginkorrak berbarako. Alderdi, EAJko buletina egiten egoala, 1971ean, Leizaola presidente zan klandestinidadeko Jaurlaritzako kontseilari izentau eben. 1973an, preso hartu eban Poliziak eta, 24 orduren buruan, erbesterako bidean jarri eben barriro. 1973tik 76ra bitartean, Donibane Lohitzunen bizi izan zan. Urte bi geroago, Hego Euskal Herrira bueltau eta Deia egunkariko euskerazko taldearen erredaktoreburu izan zan.
Eusko Jaurlaritzearen Euskerearen Sustapenerako arduradun izan zan, Carlos Garaikoetxearen Gobernuan. Gobernuko lanak itxita, idazteari ekin eutson Martin Ugaldek eta artikuluak eta liburuak argitaratu ebazan, Erritar goitizenaz.
Euskaldunon Egunkaria hasieratik bultzatu eban, Joxemi Zumalabek proiektua aurkeztu eutson momentutik bertatik, eta egunkari horretako Ohorezko Presidente izan da, hil arte.
Venezuelan bizi izan zanean, bertako gaztelaniaz egin eban literaturea Ugaldek. Bere lehen euskal ipuin liburua (Iltzalleak) 1961ean argitaratu eban, Caracasen, baina batez be Euskal Herrira etorri ostean hasi zan literaturea euskeraz egiten, euskera batuan. Euskal ipuingintza modernoaren aitzindaritzea autortu deutsie hainbat adituk, Anjel Lertxundik berbarako.
1993. urtean, Euskaltzaindiak euskaltzain ohorezko izentau eban. Euskaltzaindiak argitaratu eban “Euskararen liburu zuria – El libro blanco del euskera” (euskeraz eta gaztelaniaz) berak zuzendu eban.