HIZNET: Euskerea eta Internet
Testuinguru honetan salbuespen bat badago, itxaropen argi txiki bat: HIZNET hizkuntza plangintza ikastaroa. Internet bidezko graduondoko ikastaroa, laugarren bider eskainiko da Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazinoa eta EHUko Soziologia 2 Sailaren eskutik. Daborduko 170 ikasle egon dira ikastaroaren 3 edizinoan. Holan bada, zeozer egon badagoala esan geinke!
Amaia Lasagabaster,
Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazinoa HIZNET hizkuntza plangintza ikastaroaren arduradun teknikoa
Zoritxarrez, Interneten ingelesa da nagusi, egunetik egunera gehiago ganera. Holan, Interneten garapenak beste hizkuntzen ahultasuna dakarrela esaten dabe askok, eta estadu batzuk arduratuta dagoz gai horregaz, Frantzia eta Espainia berbarako. Ingelesagaz konparauta, frantsesak edota gaztelaniak Interneten leku gitxi badaukie, zer esan geinke euskereaz? Egoerea arduratzeko modukoa da, euskereak oso leku gitxi daukalako Interneten gaur egun. Alde horretatik, gauza bat da euskerazko tresnak erabiltea (nabigatzaileak, etab.) eta bestea euskerazko edukinak Interneten egotea.
Internet dala eta, gauza asko egiteko modua aldatzen doa azken aldian, ikasteko erea berbarako; izan be, jente askok garbi ikusi dau edozein momentutan eta edozein lekutatik, edonon egon leitekezan irakasle onenakaz ikastea ezinezkoa dala orain arteko edukazino ereduagaz, baina bai barriz, Internet erabilita. Halan da be, Internet bidezko edukazinoak bide luzea dauka aurretik; ohiturak ez dira egun batetik bestera aldatzen... eta ikasteko modua gitxiago. Gauzak holan, ez da harritzekoa Internet bidez euskeraz ikasteko oso aukera gitxi egotea.
Euskerearen normalkuntzaren inguruko ikastaro presentzial gitxi dago gaur egun, eta gure hizkuntzearen normalizazino prozesuaren inguruko formazioa orain hasi dala esan geinke eta; Internet bidezko ikasketan, ganera, zer esanik ez.