Antxina-barri  I. urtea // 7. zenbakia - 2002ko abuztuaren 1a - Hamaboskaria

San Justoko karobia (Zeanuri) barriro ketan


Tradizinoak eta ondare historiko-kulturala berreskuratu guran

Zazpi udatan jardun ondorik, karobiaren zaharbarritze beharrak amaitutzat emoten dira.

Orain dala zazpi urte berreskuratu eban Ipizki Taldeak 1950etik bertan behera itxita eta hondatuta egoan San Justoko karobia, eta ordutik abuztuko lehenengo astegoienean martxan jarri dabe kare-labea. Baina, ketan jarteaz ganera, urtero-urtero karobiaren inguruan egokitze lanak egin dabez Ipizkikoek: 'lehenengo urtean karobia bera egokitu genduan, hurrengoan egurrez eta zohiz osotutako txabolea eregi genduan ondoan, hirugarrenean ingurua trabiesez zarratu; laugarrenean, karobiaren hormea arrakalatuta eta jausteko arriskuan egoala ikusiz, harrizko horma barria altzau genduan. Orain urte bi, egurrezko eta zohizko txabolea sendotu eta karobiaren beheko aldera pasetako mailadun pasabide bat egin genduan; igaz, pasabidea osotu eta goiko ahoa txukuntzea otu jakun. Aurten, laba-ahoaren ganean teilatutxua eta karobiaren beheko aldean, lurrei eusteko horma bi altzau doguz, eta zaharbarritze beharrak amaitutzat emon geinkez.'

Konponketa honeekaz, Zeanuri eta Gorbeialdeko ondare historiko-kulturalaren berreskurapenean garautxu bat jarteaz batera, abuztuko lehenengo astegoienean ez eze urteko edozein momentutan bisitau daitekeen gune interesgarri bihurtu gura dabe San Justoko karobia. Dana dala, holako beharrak aurrera eroatea, herritarren, erakunde publiko zein enpresa pribatuen diru-laguntzino barik ezinezkoa izango zan, eta Ipizkikoen aburuz, 'Juan Aranaren gidaritzarik barik ezinezkoa izango jakun karobia berreskuratzea eta abian ipintea, ze Juan izan zan 1950ean leku berean azkenengoz karea egin ebana eta bera da gure maisua; bestalde, diru-laguntzinoak be eskertzekoak izan dira, hasikeran Gorbeialde Mendi Nekazaritza Elkartetik etorritakoak, eta gero, batez be, Zeanuriko Udalarenak. Aurtengo beharrak Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak emondako laguntzinoari esker egin doguz. Horrezaz ganera, herritar askok eta enpresa pribatu batzuek be lagundu egin deuskue, berbarako BBKk, Canteras Nafarrondok, Cementos Lemonak edo Bernaola Zerrategiak'.

Kontuak kontu, aurtengoagaz zazpigarren urtez jarraian kareharria, egurra eta sua nahastauko dira San Justoko karobi 'frantsesean' eta lanbide honen gorabeherak ezagutu eta aldi berean Arratian ospatzen dan erromeria bitxi eta herrikoienetariko bategaz disfrutau gura dauenak, hitzordua datorren abuztuaren 3an eta 4an dauka Zeanuriko San Justoren omenezko baseleizearen inguruan.

Testua: Jon Urutxurtu.
Argazkiak: Jon Urutxurtu eta IƱigo Karidade.

Karobien ke zuria amaitu barri dan mendearen erdirantz amatau zan. Dana dala, orain zazpi urte Gorbeia mendiaren hegalean dagoan San Justoko karobia berreskuratu eta karea antxinako erara egin eban Ipizki Taldeak. Ordutik, abuztuko lehenengo astegoiena karegintzaren gune bihurtu da Zeanuriko (Bizkaia) Otsemendi auzunea.

Urteetan zehar ahaztuta eta amatauta egon dan ke zuriskea San Justoko haretxen artean igoko da Gorbeia mendiaren tontorra bilatuz. Domeka eguerdirantz, kare bizia oka egiten hasiko da 'labe-agoa'.

1950ean azkenengoz

Orain dala zazpi urte jarri eben abian 1950etik bertan behera itxita eta hondatuta egoan karobi hau. Horretarako, urte haretan eta toki berean azkenengoz karea egin eban Juan Aranagaz hartu-emonetan jarri ziran Ipizkikoak eta haren zuzendaritzapean, konponketa lanei ekin behar izan eutsien kare labea ketan jarri aurretik.

Otsemendi auzuneko Goikuria eta Arana familiak, Kandido eta Felix Goikuria anaiak alde batetik eta Juan eta Julian Arana bestetik izan ziran 1950ean leku honetan azkenengoz behar egin ebenak. Juan eta Felix labea jagoteaz eta karea egiteaz arduratzen ziran bitartean, Julian eta Kandidok, idi pare baten laguntzinoagaz, Atxebeiko beheko errekatik - San Justo goiko aldean- kareharria, eta Azkarralde eta Igertubarri basoetatik egurra ekarten eben. Soloetan ongarri moduan erabili ziran 2.000 kintal - 100.000 kilo- kare produzidu zituen danetara.

Karobi 'frantsesa'

San Justokoa, karobi frantsesa deritxona da, hau da, kontraterrenoa aprobetxauta eregitakoa. Apurka-apurka estutzen doan zulo bat da, 4 metroko sakonerakoa, 150 zentimetroko zabalerea goiko aldean eta 40koa behekoan.

Kare labe frantsesek era honetan egiten dabe behar: erregai funtzinoa daben egurrez bete eta sua emoten jake; gero, ganean, kareharri geruza bat ipinten da. Harria erreta kare bihurtzen da eta karea egin ahala, egur eta kareharriz kargetan da karobia.

Lan honek hainbat lagunen beharra eskatzen eban; horregaitik hiru-lau etxe alkartuz edo auzolanean egiten zan.

Karearen erabilerea

Baina zertarako egiten zan karea? Eraikuntzan, lurra eta ura nahastauta etxe-hormak eta era guztietako hormak altzetako mortairua lortzen zan, eta uragaz bakarrik nahastau ezkero, baserrietako hormak zuritzeko. Nekazaritzan, soloetako ongarri moduan eta koko edo harren kontra erabilten zan. Abeltzaintzan, kortak desinfektetako eta ganaduen apatxetako gaixotasunak osatzeko. Botika modura be erabilten ei zan tifusa eta nafarreriaren kontra egiteko. Beste alde batetik, aitagarria da arrautzak kontserbetako erabilerea be.

Kontuak kontu, funtzino ugari beteten eban kareak, eta ondorioz, Euskal Herri tradizionaleko geografian han-hemenka azaltzen ziran karobiak. Dana dala, XX. mendean zehar, abono kimiko eta porlanaren produkzino industrialagaz lehiatu ezinik, bertan behera geratu ziran mendearen erdirako.

San Justoko karobia berreskuratuz, Gorbeialdeko ondare historiko- kulturalaren ikerketa eta babes arloan garautxu bat ipini gura dau Ipizki Taldeak. Abuztuko lehenengo astegoienean, barriro ikusi ahal izango da kare-labea ketan!