Euskerea berbagai  III. urtea // 78. zenbakia

BIZKAIE!ko Xabier Paia jaunari


Berba bitan emotea ez da huskeria bat, zuk, Paia jauna, besterik uste badozu be, zeren eta euskaraz batera be idatzi da EUSKALERRIA, ESKUALHERRIA eta abar. Inork ez dau esan hiru zatitan idatzi danik, gutxiago kale eta baserriagaz txiste bat egiteko. Ez da ez larria, argigarria baino.

Deklinabidea emon beharrik ez egoan askorentzat. Euskaldun zaharrok ez dogu horretan hutsik egiten, baina euskaldun barri batzuk bai. “Euskalerriako” ondo esanda dago, baina bakarrik XIX mendeko bizkaitar fuerista liberalentzat, Sagarminaga, Sota eta beste, ez gure nazio izenaren deklinabidean. Sarri ikusi dogu holan be, zoritxarrez. Beraz arau soilaren 3. puntua jendearen lagungarri emon da.

Azkenengo lerrokadan dinozunak, “inkisizinoa” eta beste balorazinoak eztabaidagarriak izan leitekez, begirune asko ez badauke be. Arazoak non dagozan beste batzuk be badakigu, gitxi edo asko. Arazook soluzionetan saiatu, beharra egin eta, behar izan danean, urte txarragoetan hasita, burrukatu be egin dogu, beti be, ustez behintzat, gure nazinoaren arlo desbardinetako erakundetzea kaltetu barik, gauza serioetan inori adarra jo barik.

Hau guztia da abadiñar euskaltzain baten uste pertsonala, erakunde akademikoak ez dauka zertan beretzat hartu, ez eta eztabaidetan sartu.

Begirunez,

Jose Luis Lizundia Askondo.
DURANGO

Agur t´erdi!

137. araua dala eta idatzi dozunaz ez nator bat, batez be tonuagatik. Dirudienez Euskal Herri osoko erakundez sobratan gagoz. Estatu bat bageunke akratakerietan ibiltea onuragarria suertatu leiteke, baina, bestelan, ezezkotan nago.

Harritu, hasarratu eta barre egin badozu be, gitxienez gaiaren zergaitiak, aurretiaz, itaundu bazenduz beste modu batera kritikatuko zenduen Euskaltzaindia, errespetu gehiagogaz bai, seguru asko. Ahaleginduko naz aurrekariak, zure eta aldizkariaren irakurleen argitasunerako.

Euskal Akademiari Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak egin eutson eskari zehatz bat, hots, Madrilgo Gobernutetik eta bere hemengo Ordezkariengandik jasotako salakuntzak zirela medio, adierazpen bat guk egitea gure Gobernuaren mesedegarri. Euskaltzaindiaren egitekoa Euskal Administrazinoari eraso baten aurrean laguntzea be danetik, igaz, uztaileko hileroko batzarrean onartu eban “Adierazpen” mailako irizpen hori. Ez kapritxoz, ez denbora pasa, ez inori adarra joteko, ez horretarako biderik emoteko. Adierazpen hori euskaraz eta gaztelaniaz behar den lekuetara bialdu zan.

Euskaltzain oso batek gaia hobeto finkatu guran, adierazpen horretan oinarriturik arau maila emotea ondo izango litzakela eta era horretara proposamena egin eban. Onartu eta ohiko prozedura jarraiki, dagokion batzorde akademikora pasatu zan, gaia aztertzeko, hots, Onomastikakora. Honek proposamena prestatu, ekaineko osoko bilkurara aurkeztu, euskaltzain guztiei bakotxaren ohar edo iradokizunak egin ahal izateko eta uztaileko batzarrean, Abadiñoko udaletxean erabagi arau maila emonaz. Ez da Zuzenbidean aditua izan behar jakiteko parlamentuetan eta administrazino erakundeetan lege, dekretu, agindu, ebazpen eta beste maila berekoan ez diran legez, erakunde akademiko baten be maila desbardinetako erabagiak dagozala. Institut d´Estudis Catalansen be “normes” deitzen dira gure arau mailakoak, “Normas lingüísticas da Real Academia Galega” dira Galiziako hizkuntza erakundean eta antzerakoetan. Espainian orohar dudatan jarten ete da Real Academia Españolak “norma” bat emotea, gaztelarren zorionerako gurea baino askoz hedatuago, hornituago, normalizatuago daukaten hizkuntzarako? Gainera, hiru Parlamentuetan onartutako hizkuntza legeetan, hiru Akademioi emoten deusku irizpen=dictamen ahala, lehen Espainiako Historia Akademiak bakarrik eukana eta ele bakardun erkidegoetan halan jarraitzen dau. Argi itxi behar izan jako, beraz, Estatu Administrazinoari nori jagokon irizpengintza hori Euskal Herria izenaz, beste toponimoetan legez. Hortxe daukazu, besteak beste, zergaitia, eraginkortasuna barne.