Non ti muovere
Gazte batek, Angelak, motor ezbehar larria euki dau eta hil ala biziko operazinoa egin behar deutsie ebakuntza gelan. Kanpoan, aita, zirujau ospetsua, alabearen heriotzeagaz batera bere bizitzea be hutsaren hurrengoa izango ete dan bildur da. Itxaronaldi gogor hori une ezin hobea izango da, alabea jaio zan sasoi eta zirkunstantziak gogora ekarteko; sasoi horretan Angelaren gurasoak txarto pasetan ebilzan eta Timoteok Italia izeneko prostituteari esker topau eban beharrezko maitasun eta gizatasuna. Film honetan pasinoa, mina eta heriotzea buztartzen dira aitaren buruan.
Pelikulan iraganeko lau aldi desbardin deskribiduten dira, ondo be ondo kateatuta dagoz eta joan-etorri ugari egiten dabez. Filmaren giroa hiperrealistea da eta ukutu dramatikoaren bila abiatzen da eten barik, ikus-entzuleen samina sortu eragiteko.
Antzezpenei jagokenez, Sergio Castellito eta Penélope Cruzen lanak zoragarriak dira; egia esan, ondo be ondo jakin dabe bizitasun, sufrimentu eta tristezia transmitiduten, erosotasunez beteta baina maitasunez urri dagoan mundu bati aurre egiteko indarra eta sendotasuna ederto erakutsiz.
Edozelan be, bizitzearen gogortasunari eta maitasunaren botereari buruzko metafora eder hau behin baino gehiagotan urratzen da eszenen gordinkeria dala eta. Pasarte batzuk lar gogorrak eta nahasgarriak dira, behar baino gehiago, seguru antzean. Duda barik, Castellitoren filmak maitasun eta minaren ganean hausnartzeko bidea emon gura deusku, baina emoitzea hobea izango zan, sentimentu horreen guztien azalpenak hain agirikoak izan ez balira.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Sergio Castellito.
- Herrialdeak: Italia eta Erresuma Batua.
- Iraupena: 125 minutu.
-Antzezleak: Penélope Cruz (Italia), Sergio Castellito (Timoteo), Claudia Gerini (Elsa), Ángela Finocchiaro (Ada), Marco Giallini (Manlio), Pietro de Silva (Alfredo), Elena Perino (Ángela), Vittoria Piancastelli, Lina Bernardi, Gianni Musy, Renato Marchetti.
- Gidoia: Margaret Mazzantini eta Sergio Castellitom, Margaret Mazzantiniren nobelan oinarrituta.
- Argazkia: Gianfilippo Corticelli.
- Muntaia: Patrizio Marone.