Zinea  III. urtea // 78. zenbakia

The Bourne supremacy


Inork ez eban itxaroten “Bourne kasua” 2002ko udako ezustekoetariko bat izatea. Errodajean arazo handiak izan ziran eta estreinau baino lehenago zuzendariak berak adierazo eban ez jakola pelikulearen emoitza artistikoa lar gustetan; edozelan be, uda horretako arrakasta ekonomikorik handienetariko bat izan zan.

Urte bi geroago, “The Bourne supremacy” zine aretoetara heldu da, oraingoan beste zuzendari baten eskutik: Paul Greengrass. Aldaketa hau gorabehera, egiturea aurrekoaren antze-antzekoa da; protagonisteak arazoak eta dudak daukaz bere nortasunaren inguruan eta iragan ilun hori aztertzen jarraitu beharko dau; hori guztiori suspenseko eszenek eta ekintza pasarteek hornidutako egitura baten bitartez emongo deuskue, ikus-entzuleen arretea bereganatzeko ahaleginak eginez; beraz, ez dago ezer barririk bigarren zati honetan.

Gidoiari jagokonez, itxurakeriek edukinek baino garrantzi handiagoa daukie; filmaren amaierea be lar sinplea da; horrenbestez, filma amaitzen ikusi eta pentsau ahal da errusiar mendi baten egon garala, ibilbidean zehar buelta asko baina, azkenean, bidaia hasi ginan lekuan amaituko da.

Matt Damonek atzera be oratu behar izan deutso Jason Bourne antzezteko zereginari; antzezpena nahiko hotza da, baina hori logikotzat hartu beharra dago, personaia hiltzaile errukibakoa izateko entrenau dabela kontuan hartzen bada. Onena Brian Cox-ek eta Joan Allen-ek antzezturiko personaien arteko norgehiagokan ikusi daiteke. Laburbilduz, ez dozue aparteko ezer topauko film honetan, denporea pasetako modu bat besterik ez.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Paul Greengrass.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 108 minutu.
- Antzezleak: Matt Damon (Jason Bourne), Franka Potente (Marie), Brian Cox (Ward Abbott), Julia Stiles (Nicky), Karl Urban (Kirill), Gabriel Mann (Danny Zorn), Joan Allen (Pamela Landy), Tom Gallop (Tom Cronin), Marton Csokas (Jarda), Karel Roden (Gretkov).
- Gidoia: Tony Gilroy, Robert Ludlum-en nobelan oinarrituta.
- Argazkia: Oliver Wood.
- Muntaia: Christopher Rouse eta Richard Pearson.