Gazteen geroa
Osasuna eta jateko moduak
Honek beharbada ez dauka zerikusirik bizi maileagaz baina bai bizi kalidadeagaz. Gaur egungo gazteek txarrago jan, kirol gitxiago egin eta gozputzearentzat askoz be kaltegarriagoa dan ingurumen batean bizi dira. Ondorioz, 50 urtera heldukeran, gurasoena eta, batez be, aitita-amamena baino osasun txarragoa eukiko dabe.
Arazoa elikatzeko moduan dago, jateko modua gero eta urrunago dagoalako gure betiko dieta tradizionaletik. Erruduna denpora faltea ei da; aita eta amek etxetik kanpo behar egiten daben ezkero, umeek ogitartekoa jan beharrean industri opilak irunsten dabez eta okela ona barik hanburgesa koipetsuak; ganera, azukeraz beteriko freskagarri pilo bat edaten dabe. Horrek eragin dau daborduko loditasunak ikaragarri gora egin izana ume nahiz gazteen artean. Eta arazo horrek bestelako gaixotasunak ekarriko dauz, berbarako bihotzekoak.
Bizitza osorako lana ahaztuta, zorpetuta, lan merkatuan lehiatzeko preparazinoa luzatzen behartuta, gizarte klasearen erritmoari eusteko gehiago gastauta eta jateko ohiturek osasunari eragingo deutsiezan kalteak ikusita, ez dau emoten hurrengo gizaldiek guk baino hobeto eukiko dabenik. Gauza bat segurua da, behinik behin, etorkizunaren ganeko aurreikuspen guztiak okerrak izan ohi dira.
Begiluzea
Hamarkadetan barrena, gizaldi bakotxak gurasoen bizi mailea hobetzeko itxaropena euki dau. Gaur egungo gazteek ez daukie holako aukerarik. Etorkizuna ez ei da izango, emoten dauan baizen argia. Lana gero eta ezegonkorragoa da, etxebizitzea gero eta karuago dago eta estaduak makina bat konpromisori aurre egin behar izango deutso pentsinoa kobrau daigun, ganera, gazteen osasuna ez da hain ona izango gaur egungo jokaera batzuek irauten badabe.
Behin-behineko lana eta zorrak
Hiru beharginetarik batek lan prekarioa beteten dau; gehienak 30 urtetik beherako langileak dira. Laurogeiko hamarkadan erdia baino ez ziran eta transizinoaren hasikeran kontzeptu hori ezezaguna zan. Ganera, gazte batzuek lanpostua jadetsi ahal izateko, hasikera batean, “malgutasunean” oinarrituriko lanaldi luze-luzeak egin behar dabez, diru gitxiren truke.
Soldata mueta horreek etxebizitzen karutzeari gehitzen bajakoz, gazteek ezin izango dabe nahastea iruntsi. Gaur egunean etxebizitza batek, batez besteko soldatak kontuan hartuta, orain dala hogei urte baino bi bider balio dau. Eskuratu ahal izateko, soldata bi behar dira eta hogeita hamar urterako hipoteka kreditu bat. Beraz, familien zorpetzea gero eta handiagoa izango da.
Ganera, hemendik urte batzuetara beste problema bat izango da: pentsinoak zelan pagau. Orain dala 25 urte, pentsinodun bakotxeko ia 3 kotizatzaile egozan. Gaur egun ia bi baino ez dira eta, ganera, pentsino handiagoei egin behar jake aurre. “Baby boom”aren gizaldia jubiletan hasten danean, egoerea askoz be txarragoa izango da. Nork pagauko dauz etorkizunean pentsinoak eta osasun gastuak?
Tituluen balioa ez da bermea
Euskal Herrian unibersidadeko ikasleen kopurua sano handia da. Lautik bat unibersidadetik pasau da, baina unibersidadeko irakaskuntza horren demokratizazinoa bat etorri da diploma eta tituluen prestigio falteagaz. Tituluek balioa galdu dabe eta daborduko ez dira lan bat topetako bermea.
Gizartean gora egitea
Maila ertaineko funtzionario asko, 40 edo 50 urtekoak, kualifikau barik egozan beharginen seme-alabak izan dira. Gizartean emondako saltoa, beraz, esanguratsua izan da gizaldi bakar batean. Salto hau ezin izango dau hain errez emon hurrengo belaunaldiak. Lehen, karrera bat amaituta, gizarte klase ertain batean sartzeko zelanbaiteko segurtasuna egoan. Gaur egun ez da holan.
Bestalde, estatusa be gero eta karuagoa da, gazte eta helduek gehiago gastetan dabelako orain dala gitxira arte existidu be egiten ez ziran astialdi jardueretan. Beste era batera esanda, lan gehiago egin behar da, maileari eutsi ahal izateko. Pagautako prezioa sarritan familia gehiegi ez ikustea izaten da.