Bertso-eskolako irakasleari, bihotzez
Bizkaiko Txapelketea
Motorra prest dauka 2004ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketak. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak urriaren 8an emongo dau prentsaurrekoa txapelketearen nondik norakoak azaltzeko. Badakigu datorren domekan hasiko dirala kanporaketak. Munitibarko frontoian jokatu da lehenengoa, urriaren 10ean, arratsaldeko 17:30etan. Bertan honeek bertsolariak kantauko dabe: Arkaitz Ugartetxeak, Xabier Enbeitak, Garikoitz Sarriugartek, Urtzi Urrutikoetxeak, Ander Salaberriak eta Jokin Castañosek. Aurkezle lanak Josu Goikoetxeak beteko dauz. Bizkaiko txapelerako lehia martxan da eta Bizkaie! Aldizkarian jarraipen zabala egingo deutsagu.
Iñaki Aurrekoetxea
Aupa titxer maitea 
gauzak zelan doaz?
Aprobetxau al dozu 
udea ganoraz?
Nik egin dot nahikoa
parranda ta jolas
ta ikusi dozunez, 
hamar bat bertsogaz, 
zuk agindu ez arren 
lanak egin dodaz.
Bertso-eskolan ikasturte barria hastekotan da, baina igazkoaren balantzea egin gura dauanik be bada. Joan dan irailean Arabar Errioxara bisitea egin eben bertso-eskolako irakasle eta arduradunek Bizkaiko Bertsozale Elkartearen eskutik. Bazkalosteko kopa eta kantu artean karta hau agertu zan, “Bertso-eskolako irakasleari bihotzez”, eta han batutakoek, hartzailea bera tartean egon eitekealako errezeloan, kantuz irakurteari ekin eutsien, hamalau heriotzen doinuaren intrigapean. Hamar hamarreko txikigaz ordago irakasleari. Bertso sortea, orduan, “ikasle bihozbakoa”k firmau eban.
Ikasturte barriak 
laster dauka leku, 
baina igazkoa ezin 
gogotik baztertu.
Gure ustez egon zan 
notabletik gertu, 
baina zure eretxirik 
ezin lei aztertu, 
azken lau klaseetara 
ez zinan agertu!
Urrian hartu zendun 
sorpresa itzela: 
mutiko bakarra ta 
zortzi damisela!
Bada ikasi dozu
munduak bezela,
potroek galduala 
urguilu nibela, 
bertsotan neskatoak 
gehiago garela.
Metodoaz zer esan, 
lekutan Descartes!
Zer egin bazenkian
pozik horrenbestez.
Inprobisazinoa 
ederra da berez, 
baina inprobisauta, 
jakin behar zendun lez, 
bertsoa egin leike 
baina eskola ez.
Ahalegindu zinan bai 
eskola orduetan 
eta ia lortu be 
handia benetan.
Hileak ariketa 
bakarraren bueltan,
oinez ondo ikasiak 
sartu arren bertan, 
ia atara ginan 
barriz lau oinetan!
Gabonetatik aurre 
eskolako plazan, 
ofiziotarako 
afizinoa zan
Temara tematuta 
gaiaren peskisan, 
lehenengo coitus hemen 
gero interruptus han, 
Bapatean guztiak 
gastauko zenduzan!
Eskolartekora be
heldu ginan, karai!
Zure espektatibak 
guretzako etsai.
Txapela gura zendun 
gure buruan, ai,
baina ez gara Igor 
ta ez gara Unai, 
bertsotan ondo pasau 
gura dabenak bai! 
Gero sailkapena zan
eskualderako,
zu sailkatu ez eta 
ni finalerako.
Holangoetan zenbat 
arrazoi doako;
Kontuz, ez da irakasle 
ona zarelako, 
bertsotan txarra zara, 
zer egingo jako!
Irakasle moduan 
ez zabiz hain oker, 
arean galduta bai
makina bat bider.
Elkartruke apur bat 
izan ezkero zer?
Edukiak, programak 
ta pare bat tailer...
Durangon Topaketak 
ez al dira laster?
Hau da despedidea, 
goraintzi ugari,
animoakaz ekin 
kurtso barriari.
Buruari astindu, 
ez etorri nagi;
halanda be gogoa 
ez bada ernari,  
eskatu kontsejua 
bizar zuriari.	
