Kulturea  III. urtea // 78. zenbakia

Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresuak (Bilbaoko Euskaldunan, zemendiaren 9tik 12ra)


Egitaraua

UEUko komunikazino-arduradun Idoia Torregaraik azaldu dauanez, Kongresuak iraungo dauzan lau egunetan gai monografiko desbardinak landuko dira.

Zemendiaren 9an, Euskerearen Komunikazino-Esparrua jorratuko da. Kanpoko ereduak kontuan izango dira, besteak beste, Europako ikus entzunezko komunikabideak eta hizkuntza gitxituen egunkariak. Errealidade horreetara hurreratzeko asmoz, Islandiako Sistema Komunikatiboaren barri emongo dau RUV-eko albistegietako buru Logi Bergmann Eiƶsson-ek. Ingelesez izango diran hiru berbaldi horreetan aldi bereko itzulpen zerbitzua egongo da.

Zemendiaren 10eko jarduerea "XXI. mendeko Kazetaritzea" izenburukoa izango da. Egun horretan, euskeraz jarduten daben komunikabideen etorkizuneko erronkak lehenengo eskutik ezagutzeko aukerea egongo da: telebista, irrati, egunkari eta astekarietako buruak izango dira Kongresuan.

Zemendiaren 11n, 'Alkarlanaren beharra: sinergia bila' gaiaren harian, euskal komunikabideek aurrera egiteko behar izan daben alkarlana aztertuko da. Administrazinoaren eta gizarte ekimenaren ikuspegiak ez eze, alkarlan horren ondorioak ezagutzera emongo dira.

Kongresuaren azken egunean, zemendiaren 12an, 'Aurrera begira', hizkuntzeari berari eta teknologia barriei erreparauko jake. Kazetarien lan egoerea aztertu eta Mikel Elortza kazetari eta editoreak idatzitako antzerki emonaldi bategaz amaituko da Kongresua.

Babesle eta laguntzailea

EIEko idazkari kudeatzaile Ana Urkizak Kongresu honetan parte hartu daben ganerako erakunde eta komunikabideak aitatu ebazan: Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Hezkuntza Sailak, Bilboko Udalak eta Bilbao Bizkaia Kutxak babestu dabe I. Kongresu hau. Laguntzaileak, ostera, Aldaketa 16, Argia, Bizkaia Irratia, Bizkaiko Foru Aldundia, Euskadiko Kutxa, Euskalerria Irratia, Euskal Irratia eta Zabalik dira.

Izen-emotea

Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresuan parte hartzeko izen-emote epea urriaren 1etik 29ra izango da. Izen-emote orria Kongresuko diptikoetan agertzen da eta http://www.ehu.es/kongresua web orrian be eskura daiteke.

Ikasle eta lanbakoek 50 euro pagau beharko dabe matrikulea eta langileek, barriz, 100. Kongresuko lau egunetako bazkariak be prezio horren barruan dagoz. EHUko ikasleek, ganera, aukera askeko bi kreditu konbalidetako aukerea izango dabe.

Parte-hartzea

Kongresuak euskerazko kazetaritzaren ahalik eta esparrurik gehien jorratu gura dauz eta, beraz, egitarauan agertzen ez diran beste edozein gai plazaratzeko aukerea be egongo da.

Kongresura bost-hamar minututan defendiduteko txostenak aurkeztu daitekez(gehienez, 20.000 karaktere), norberak aukeratutako gaiaren inguruan. Honeek
matrikulea doban izango dabe. Kongresuan, "komunikazioak" izeneko tartean gai hori azaldu ahal izango dabe komunikazinogileek. Argibideak http://www.ehu.es/kongresua web orrian zehazten dira.

Horma-posterrek Kongresuan parte-hartzeko beste bide bat dira. Interesdunek 1 x 0,70 metroko espazio fisikoa eukiko dabe, euren posterra ipinteko. Edukia eta materiala posterra aurkeztu gura dauanaren esku geratuko dira.

Bizkaie!

Aurkezpen ekitaldian, Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresua egiteko sasoia zala esan eban EHUko irakasle Txema Ramirez de la Piscinak; euskerazko kazetaritzeak azken hogeita hamar urteetan izandako hazkundeak gogoetea merezi dauala. Ramirez de la Piscinak adierazotakoaren arabera, bolada batean ia ezinezkoa emoten ebana errealidade bihurtu da. Gaurko egoerea hainbat lagun, alkarte, gizarte-mobimentu eta erakunderen ahalegin eta alkarlanen ondorioa izan da. EHUko irakaslearen esanetan, egunkari, irrati eta telebista nazional banaz gan, zabalpen eremu desbardineko astekariak be badagoz; baita, herriz herri, eta sektorez sektore, osotzen joan dan komunikabide txiki eta erdi mailakoen sare zabala. Horregaitik, euskerazko kazetaritzea Euskal Herri osoan presentzia daukan errealidadea da: 500 profesional inguru eta 250etik gora komunikabide horren lekuko dira. Hori guztia, 779.788 euskaldun daukazan herri batean.

Orain arte egindakoaz jaubetu eta hemetik aurrera izango doguzan erronkei erantzun egokia emoteko asmoz antolatu dogu Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresua, azaldu dau Ramirez de la Piscinak.

Kongresuaren helburuak

Lehenengo eta behin, euskerazko kazetaritzearen diagnostikoa egiteko beharra aurreikusi dabe antolatzaileek, ahuleziak eta indarguneak sektorez sektore zehaztuta. Bigarrenez, euskerazko kazetaritzearen etorkizunaz hausnartzea. Hirugarrenez, eta aurrekoen ondorioz, euskerazko kazetaritzearen Liburu Zuriaren abiapuntua finkatzea, beharrezko plangintza estrategikoa azalduz. Azkenik, eztabaidea maila teorikoan ipintea.