Kulturea  III. urtea // 78. zenbakia

Euskal Kulturearen Plana martxan dago


Eginbeharrak

Mende barriko lehen hamarkaradako helburuak finkatuta daukaz daborduko Euskal Kulturearen Planak. Holan ba, honeek bost pausuak emon beharko dira datozan hamar urteotan:

1.- Sorkuntzea eta produkzinoaren nagusitasuna, batez be giza baliabideen ikuspuntutik.

2.- Kultur integrazinoa.

3.- Nortasuna sendotzea.

4.- Modernizazinoaren aldeko apustua.

5.- Kanpo proiekzinoa, lehenengo Espainian, gero Frantzian, gero Europan eta azkenik, euskal diasporearen herrialdeetan.

Antolakuntza hori martxan imini ahal izateko erakunde honeen esku egongo da Plana: Kulturearen Euskal Behatokia (oraindino sortzeko dago eta kulturearen arloen ganeko informazinoa batu, hausnarketea egin eta azterketearen emoitzak erakutsiko dauz), Eusko Jaurlaritzea, Foru Aldundiak eta udal handiak. Tartean Eustat be egongo da. Erakunde horreekaz guztiakaz batzorde bat osotuko da, 14 kidegaz hain zuzen be.

Kulturea gora eta kulturea behera ibili ostean, nor da kapaz euskal kulturea argi, arin eta labur definiduteko? Itaun horreri erantzuna emoten saiatu da Plana daborduko, eta erantzuna hau izan da: ‘oinordetzan hartutakoaren, integrautako beste kultura batzuen eta gaur egungo euskaldunen kulturearen emoitza’. Definizino horretan oinarrituta, ‘kultur identidade komuna eta gizarte politikoa eregitea’ dira Planaren egitasko garrantzitsuenak. Ez da lan makala, ez, Euskal Kulturearen Planak aurretik daukana. Emoitzak hamaika urte barru aztertuko doguz. Bitartean, 1,3 milioi euro gastauko dira egitasmoan.

Bizkaie!

Proiektuaren izenburua irakurrita gaia nondik-nora doan jakitea ez da gauza gatxa. Euskal Kulturearen Plana aurkeztu barri dabe, eta proiektuaren helburu nagusia euskal kulturea, euskal herritarren kulturea, XXI. mendearen kultur desafio handiei aurre egiteko preparetea da, baina tartean gai asko dagoz, etxebizitza bat eregiteko horma eta teilatuagaz nahikoa izan arren, barruan altzariak eta apaingarriak imini arte ez dogu amaitutzat emoten eta. Holan ba, egitasmoak 2007ra arteko hamar ardatz estrategiko eta bete beharreko 120 ekintza finkatzen dauz. Urtero onartu beharko dira eginbehar horreek eta 2015. urtera artekoak zehaztuta dagoz daborduko, Planaren aurkezpen egunean Euskalduna Jauregira hurreratu ziranen artean emon eben 106 orrialdetako liburutxuan azaltzen dan legez.

Berba bi nagusitzen dira egitasmoaren oinarrian: adostasuna eta partaidetzea. Espezializazinoaren alde egiten dau Planak, eta euskereari garrantzia berezia emoten jako, ‘euskerea euskal kulturearen oinarri nagusietako bat dalako’, Planaren aurkezpenean zehaztu zan legez.