Kulturea  I. urtea // 7. zenbakia - 2002ko abuztuaren 1a - Hamaboskaria

Melodramea eta ausardia


Informazino gehiago gura izan ezkero, hona hemen web orriaren helbidea:
http://www.artium.org

Edorta Jimenez,
Idazlea

Gasteizko jazzaldiak Arabako uriburuan barna ibilteko erea eskaini deustala aprobetxau eta Artium dalako arte-gune barrira jo neban, udako arrasti epel batez. Ez daukat damurik Artium Museora hurreratu izanaz, inondik be, han barruan ikusi dodanak hunkitu egin nauen ezkero.

Museo gehienetan legez, Arabako honek be bere erakusketa finkoa izango dau, kasu honetan Bilduma izeneko atalean, aldi baterako erakusketakaz batera. Bigarren atal horretan irailera arte ikusgai dagozanak hiru dira, hain zuzen be 'Melodrama', 'Orlan 1964-2001' eta 'Jesus Palomino, Merkatu arina zain' izenekoak.

Bilduma izenekoa, berbeak berak argi dinoan moduan, horixe da. Izatez Arabako Foru Aldundiaren ondarea dan bilduma hau hogeigarren gizaldiko artelanakaz osotu da, eta ehun urteko horretan Euskal Herrian ez eze Espainia deritxon horretan be sortu ziran artista eta jokeren zirriborro modukoa da, ez besterik. Bost azpiataletan banandua -Aurrekariak eta Abangoardiak (1900-1939), Gerraondoa barruan eta kanpoan (1939-1957), Barrikuntza eta normalizazinoa (1957-1980), Abangoardia eta Arte Globala (1980-2000) eta Etorkizunaren atarian (2000...)- Bildumeak lan gogoangarriak ikusteko erea eskaintzen deusku.

Nagel, Tapies, Miro, Canogar, Oteiza, Txillida, Picasso: horra hunkidureak lepazurrean kalanbrea eragin barik ikusi ezin diran Bildumako batzuen izenak. Kalanbrea ezer balitz legez. Ez dira ikusgai dagozan danak, niri zirrararik sakonena eragiten deustenak baino, beste edonori beste batzuek eragingo deutsen era berean. Bildumea hor egongo da, eta nork bere kuttunak zein diran erabagiteko astia eukiko dogu.

Ez dogu hainbesteko astirik izango ez, Melodrama izeneko erakusketea ikusteko. Bada, hainbat arinen joan eta ikusi beharrekoa da, nire ustean. Artearen balioaz eztabaidan sartu baino hobe hemen eskaintzen jakunaz gozetea, eta gero gerokoak.

Erakusketearen azalpenezko berbetan esaten dan moduan, 'gaurko artista askok melodramearen ezaugarriak erabilten ditue euren lanen eduki, forma eta neurrietan, euren ideiak adierazoten edo erabilten dituen modu gehiegizkoetan'. Izan be, horixe da melodramea, zera, sentimentuaren gehiegizko agerrerea, berezko malkoa beharko leukena izan itsasoa beteteko neurrikoa egitea, mina eta samina are minago eta saminago bihurtuarazotea, eta abar.

Molodrameari ezin jako, egun eta hemen, ezpanetara barre aire bat agertu barik begiratu, baina ezta be noizean behin dardarea sentidu barik. Erakusketa honetan zineman melodramea sortzeko erabili izan diran tekniketako batzuk agirian ixten jakuzan legez, arte sakroan be melodramea dagoala erakusten jaku, besteak beste, esan behar dala alderdi horretatik txalotzekoa dala erakusketea taiutu dabenen ausardia. Eta artegintzeak ikuslearen bebarruak astindu behar dituala sinistu gura ez dabenentzat, hor dago John Isaacs izenekoaren 'A necessary Change of Heart' izenekoa. Ez galtzeko erakusketea, benetan.

Bada, Melodrama izenekoa harrigarri, hunkigarri eta ausarta eretxi badeutsagu, 'Orlan 1964-2001' erakusketea be ez da makala. Hogeigarren gizaldiko arteaz lar ez dakigunok orain dogu ausarta eta probokatzailea izan zan artista frantsesaren lanaren atal garrantzitsu bat ezagutzeko aukerea. Nik behintzat gozau egin dot haren bideoak, argazkiak eta beste artelanak ikustean. Ez dabe, ez, probokazino kutsua erabat galdu.

Hirugarren erakusketa bat be badago, esan dodan moduan, Artium museoan. Hain zuzen be, sartu nazanean baizen normal itxi nauen Jesus Palominoren ‘Merkatu arina zain’, Arte garaikidea ezein definizinoren bidez harrapau ezin dana dala berresteko motiboa.

Jakina, Artium hau barria da, eta eraikinak berak be bisitaldia merezidu dauela esan behar dot. Dana dala, ez dot horrek eragin deustan eretxia hemen azalduko. Eraikinak izaki biziak dira. Horreen azalaren azpian izaten dan bizia igarteko astia behar izaten da. Halandaze, sarriago joan beharko dogu Gasteizera. Eta joan be joango gara, gogoz ganera, orain ikusgai dagozan erakusketen bardinak edo antzekoak ekarten badabez behinik behin.