LUBERRI. Bertso lurra barritzen
Lehenengo saioa Agurainen izan da urriaren 2an. Bertso-bazkaria Merino jatetxean egin eben. Bertsotan Iñaki Murua, Sustrai Colina, Iñaki Gurrutxaga eta Ruben Sanchez ibili ziran. Gai-jartzailea, barriz, Naroa Sasieta izan zan.
Ondoko herrietan be Luberri programa barruan bertso-saioak antolatuko dira: Orio, Itsasondo, Soraluze, Ispaster, Elorrio, Etxebarria, Orozko, Elizondo, Etxarri, Sunbilla, Gasteiz, Araia, Legutio, Laudio, Aiherra...
Bizkaie!
Gaur egungo plazen mugimenduari begirada bat emonda, azken urteotan, oro har, bertso-saio kopurua mantendu edo goraka joan da. Bertso-saio gehiago antolatzen dira, besteak beste, formato desbardinak be sortu diralako. Baina, aldi berean, tradizino handiko herri batzuetako bertso-saioek laguntzinoa behar dabela konturatu da Bertsozale Elkartea. Bakar batzuetan ez dira antolatu eta beste batzuetan zailtasunak izan dabez.
Bertsolaritzea sendotze eta iraunkortze bidean, Bertsozale Elkarteak, Euskadiko Kutxagaz alkar-lanean, bertso-saioak errekuperetako programa bat abiarazo dau. Lanku zerbitzuak herrietako bertsozaleakaz, zuzenean, hartu-emonak bilatu ditu, laguntzinoa eskaintzeko asmoagaz. Gauzak holan, helburu bakarra ez da bertso-saioak bideratzea, lekuan lekuko bertso-eskola edo bertsozaleek saioen nondik norakoen martxea hartu eta herri bakotxean txertatzea; horrezaz gan, bertso-saioak bertako izakerara egokitzea lortu gura da. Aurten antolatzeaz gan, datozen urteotan be antolatzen jarraitzea da sakoneko asmoa.
Oraingoz, 30 bertso-saio antolatuko dira: jaialdiak gehienak baina baita bertso-bazkariak be. Urrian jarri da ekimen barri hau abian eta martian amaituko da. Euskal Herri osora zabalduko da eta lehenago egiten ziran saioak barriro antolatuko dira. Bizkaia eta Gipuzkoan 9 bertso-saio berreskuratuko dira, Nafarroan 5, Araban beste 5 eta Iparraldean 2 bertso-saio.
Euskadiko Kutxak finantzaketearen zati bat jarriko dau, ganerakoa, herriak berak. Azpimarratu behar da hau izango dala Euskadi Kutxa eta Bertsozale Elkartearen, nazino mailako, lehen alkar-lana.