Musikea  III. urtea // 78. zenbakia

Terry Callier, soul musikearen maisua, Bilboko Kafe Antzokian


Bizkaie!

Soul, blues, folk eta jazz musikea biltzen dituan Terry Callier AEBetako musikaria Bilboko Kafe Antzokian zuzenean ikusteko aukerea izango dogu egun batzuk barru, urriaren 8an hain zuzen be, 'Looking out' disko barria aurkezten. Soul musikearen munduan, gaur egungo erreferentzia garrantzitsuenetakoa da Callier.

'Looking Out' diskoan, soul, blues, folk eta jazz musika estiloak buztartu ditu Callierrek, hau da, kantariaren musikagintzan oinarri izan diran musika eredu guztiak.

Terry Callierek, Curtis Mayfield, Major Lance eta Ramsey Lewis musikari handiakaz ikasi eban musikea eskolan. John Coltranek bultzatuta hasi zan musikea sortzen Callier eta 1965ean kaleratu eban lehenengo diskoa: 'The New Folk Sound of Terry Callier' izenekoa. Luzaroan, zehatz esateko 17 urteko tartean ez eban kontzerturik emon eta 90eko hamarkadan barriro hasi zan kontzertuak emoten.

Giza-hartu-emonen eta gizakiaren eta gizartearen arteko loturen gainean idaztea gustetan jako Callierri eta disko barrian be era horretako gaiak dira nagusi. 'Looking Out' diskoan, kantuetako berbak idatzi, gitarrea jo eta abestiak kantau ez eze, produkzino lanak be egin ditu.

Kontuak kontu, Terry Callier beteranoak Bilbon urriaren 8an ez eze, Madrilen eta Bartzelonan be kontzertuak emongo ditu: Madrilen urriaren 6an izango da eta hurrengo egunean, urriaren 7an, Bartzelonan.