Barriketan  III. urtea // 78. zenbakia

Xabier Paia: 'itzulpenik onena be, obra baten bersinoa izango da'

Eguna okerreko hankeagaz hasten dauanari emon ahal jakon kontsejurik onena Xabier Paiagaz kafe bat hartzera joatea da. Egoera serioenean be txistea topetan dau Algortako 21 urteko mutilak, eta umore finez alaitzen dauz egunaren segundu danak.

Itzultzailea, interpretea, bertsolaria, udalekuetako monitorea, Bizkaie! aldizkariko erredakzinoko kidea... Hainbat saltsatan dago sartuta, eta beti pozik. Euskerea, gaztelania, ingelesa, frantsesa eta arabiera menperatzen dauz, eta lagun bati esker gormutuen zeinu-hizkuntzaz be zeozer badaki. Oraintsu, Literatura Unibersala itzulpen-lehiaketara A streetcar named Desire izeneko antzerki obrearen zati baten itzulpena aurkeztu eban eta bera esleitu barri dabe obrea euskerara itzultzeko. Horren ganean berba egiteko batu eta hainbat konturen ganean egin deusku berba Xabier Paiak.

1.- Lehenengo eta behin, zorionak Xabier, jaso dozun sariagaitik. Zerk bultzatu eutsun Literatura Unibersala itzulpen-lehiaketan parte hartzera?

Hasteko esan behar dot sari hau saria dala itzulpen lehiaketea egiten dalako, baina benetan sariak esleitu egiten dira. Urtero urtero egiten dan egitasmoa da, munduko literaturea, Literatura Unibersala euskeratzeko. Hainbat hizkuntzatako literatura itzultzeko ekimena da, ingelesa, frantsesa, errumanoa eta errusiera euskerara itzultzen dira, beste hainbat hizkuntzagaz batera.

Neuk itzulpengintzea ikasi dot, eta karrerako laugarren mailan ‘Itzulpen Literarioa’ irakasgaiko irakasleak ebaluazino legez azterketa eta lana imini euskuzan. Nik banekian lehiaketa hau existiduten zana eta pentsau neban bide batez biak buztartzea posible zala. Orduan, hamar orriko lagina irakasleari aurkeztu neutson eta lehiaketara be bialdu neban.

2.- A streetcar named Desire. Zergaitik erabagi zendun antzerki obra hau itzultzea?

Bi arrazoi nagusi dagoz: batetik, eliminazinoa; bestetik, ama. Eliminazinoari jagokonean, sei edo zazpi obra egozan ingelesez itzultzeko aukera moduan, baina ez eusten ezer berezirik sortarazoten. Ostera, neure amak asko ezagutzen dau A streetcar named Desire edo ‘Desio izeneko tranbia’, neuk itzuli dodan legez. Antzerkian ibilitakoa da eta asko lagundu eustan, batez be obrea leidukeran eta bere garaian, hirurogetamar eta larogei urte bitartean, Brodway-n euki eban oihartzuna zelakoa izan zan azaltzen. Berak sartu eustan itzultzeko gogoa, eta neuri be asko gustau jatan obrearen argudioa.

Hamar orrialde buruhauste askogaz itzuli ostean, literaturea itzultzea ez baita edozer gauza, irakasleari emon neutson lana eta amak berak bialdu eban lehiaketara, neuk ezin izan neban eta.

Hiru edo lau hilabete pasau dira ordutik eta uste neban daborduko esleipena eginda egoala. Horregaitik, itzelezko sorpresea jaso dot.

3.- Hogetabat urtegaz, daborduko hainbat sari irabazi dozuz, bertsolaritzean aurtengo Abra Saria berbarako. Itzulpengintzeari jagokonean, Literatura Unibersala itzulpen-lehiaketako esleipena da irabazi dozun lehenengoa. Zelan sentiduten zara?

Pentsau egizu! Horretarako itzultzaileok hotzak izaten gara. Sentimentuak itzultzen doguz, bai, baina transmitidutea edo azaltzea beste kontu bat da. Niretzako itzelezko saria dala autortu behar dot. Itzulpengintzearen munduan sartuta dagoan jentearentzat oso normala da hau irabaztea, baina pentsau, bi urtez mundu honetan buru-belarri sartuta egon ostean, ingelesetik euskerara egindako lehenengo itzulpen literarioa saritzea, jakinda gaztelaniatik egin ezkero, ezagutza hobea eukiko nebana, ikaragarria da. Ganera, neure ibilbide profesionalerako be jomuga handia dala uste dot. Imajinau zeinke zelako poza daukadan gorputzean!

4.- Jatorrizko lana ingelesez dago eta zeuk, oraindino lagina baino ezpada be, euskerara itzuli dozu. Ze zailtasun euki dozuz bidean?

Liburuaren hasieran arazo handi bat sortu jatan. Bi personaia, bi arrantzale agertzen dira portuan berbetan. Berbakera nahiko zatarra daukie, eta zelan emon hori euskeraz? Hasieran euskera narrasa imintea otu jatan, eta amari komentau neutsan. Gaztelaniara itzultzen neban eta berak esaten eustan ondo geratzen zan ala ez. Egia esan, aspektu horreek lantzeko aholkulari oso ona euki dot, asko lagundu deust amak.

Berez, askoz be errazagoa da hizkuntza latinoa itzultzea. Aurrerago azaldu dodan legez, erregistroen kontua oso gatxa da. Berbarako, obran, protagonistearen ahiztearen senarra poloniarra da, eta ingelesa ez dau ondo menperatzen. Andrari harrokeriaz egiten deutse berba, mespretxuz. Hori euskeraz zelan adierazo? Hika berba eginez edo berba desbardinak erabiliz, berbarako. Erregistroak ondo zehaztu behar dira, personaien izakerea adierazoten dabelako.

Erregistroetan topau dodazan zailtasunez gan, euskereagaz beragaz be traba ugari euki dodaz. Ez dakit gabezia esan ahal dan, baina ingelesak urtero berba barri ugari sortzen dauz eta etenbarik dabil barritzen. Ganera, oso hizkuntza bisuala da, adjektiboetan aberatsa. Ingelesez lau berbako izen sintagma baten esaten dana euskeraz esateko bi lerro behar doguz. Eta hor, benetan, zailtasuna igarri dot, itzulpena behin egin ostean, ingelesekoa irakurri eta gabezia egon dan lekuetan ia magia egin behar izan dodalako. Asko pentsau behar da askotan, eta literaturea egitea horma bat eregitea da, baina itzulpenean adreilu bat jartea asko kostetan da. Ondo pentsau behar da non jarri eta zelan jarri, ingelesezko hormearen bardina egiteko.

5.- Literaturea eta itzulpena. Non amaitzen da bat eta non hasi bestea?

Literaturea egiteko bi era dagozala esango neuke. Musikeagaz konparauta, Mozart eta Beethoven aitatu geinkez. Lehenengoak gura barik egiten eban musikea, barrutik urtetan jakon. Bigarrenak, barriz, matematika egiten eban, ez eban musikea egiten. Nik uste dot, gaur egun literaturea be holan egin ahal dala. Badagoz jesarri eta euren burua askatu ostean, gura barik laurehun orrialde idazten dabezanak. Beste batzuk, barriz, berben arteko loturak be kontuan hartzen dabez.

Argi dago itzulpenek be matematikatik asko daukiela, izan be, aurkitu dozuna emon behar dozu. Literaturea, barriz, matematika ez zehatzena dala esan geinke.


6.- Itzulpengintzearen oinarria testua hizkuntza batetik bestera itzultzerakoan interpretazinorik ez egitea dala esan geinke. Zer eretxi dozu?

Itzulpengintzea oso subjektiboa da, eta azken finean, zeurea dan zeozer iminten dozu, zeozer kendu edo zeozer gehitzen dozulako. Ados nago galderan baieztutakoagaz, baina jokerak be badagoz. Gogoratzen dot Juan Gartziak berbaldi batean esaten ebala hori ezinezkoa zala, interpretazinoa derrigor egon behar dala. Zuk, benetan, espektro bat jarten dozu, eta horri esker ulertzen dau jenteak testua. Prisma horrek ahalik eta gardenena izan behar dau, baina beti egongo da zeozer subjektiboa dana. Ganera, badago teoria bat hori azaltzeko, basuen teoria, eta neu bat nator teoria horregaz. Itzulpena azken finean urez beteta dagoan basu batetik beste batzutara ura pasetea lakoa da. Basuari bueltea emon deutsazunean, tangada batzuk geratu dirala konturatuko zara. Horrek esan gura dau basutik basura pasetan badozu ura, gero eta gitxiago geratuko dala, eta itzulpenakaz be bardin pasetan da. Hori bai, gehitu be egin zeinke, baina orduan bersinoa dala esango neuke.

Kontua da: itzulpen bat jatorrizko obrearen baliokidea da? Idealena irakurle bakotxak bere hizkuntzan leiduten dauanean itzulpena dala ez igartea da. Baina, azkenean, itzulpenik onena be, modu batera edo bestera, obra baten bersinoa izango da, hurreko baliokidea. Argi dago ez dala bardin-bardina izango, baina azken finean, itzulpengintza eta interpretazioaren oinarria beste batek daukan hutsunea betetea da. Eta hor dator arazoa, izan be, euskera ez dakien bati interpretazinoa egiten bajako, persona horrek ez dau sekula euskeraz ikasiko.

7.- Interpretazinoan, hau da, momentuan bertan egindako ahozko itzulpenean, oinarria bera da ala interpreteak malguago jokatu leike?

Interpretazinoa askozaz be malguagoa da. Itzulpenean forma eta edukia pasetan dozuz eta interpretazinoan, barriz, edukina. Azken finean, zubi lana egiten dabe.

Argi dago denporaz egindako zeozer momentuan egin dozuna baino hobea dala, baina interpretazinoan komunikazinoa lortzea da helburua. Berbetan dagoanak bialtzen dauan mezu komunikatiboa arrakastaz heltzea asegurau behar dau interpreteak. Holan ba, entzuleak jakin behar dau jasoten dauan mezua momentuan egin dan zeozer dala.

8.- Bertsoak botaten be ibilten zara. Zein izan da taula ganean pasau dozun momenturik onena eta txarrena.

Ni oso kritikoa naz neure buruagaz eta momentu txar asko gogoratzen dodaz; onak, barriz, gitxi. Baina bueno, onak gogoratuko dodaz lehenengo.

Asko dagoz, berez, momentu onak, baina pentsau gura dot onena oraindino ez dala heldu. Orain sei edo zazpi urte, Fredi anaiak eta biok Eskolartekoan kantetan gendun, eta nik gaztetxuenen txapela irabazi neban eta berak nagusiena. Agurra batera kantau gendun, puntuka ganera.

Momentu txarrena be ez daukat ahaztuteko. Neure lehenengo bertso-saioan izan zan, Senperen, Herri Urrats jaialdian. Lau bertsolari ginan eta gai jartzailea Ernest Alkart zan. Lagunak danak joan ziran neu ikustera, baita familia be. Alkartek izena itaundu eustan eta neuk esan neutsan ‘Xabier Paia, bizkaitarra...’. Hasierako agurra kantetako ordua heldu jatanean, Alkartek esan eban: ‘Bizkaitik, beren beregi etorria zaigu bertsoen kantatzera... Xabier Paella’. Han momentuan neure gorritasuna ez dakit zein punturaino heldu zan. Oraindino lagunek sarritan gogoratzen deustie kontu ha.

9.- Horrenbeste saltsatan egonda, egunak beste hiru edo lau ordu eukiko baleukez, zertarako erabiliko zeunkez?

Orain bi urte, Quebec-en beka bategaz urte osoa egon nintzanean karrerako hirugaren maila egiten, karate ikastaroa egin neban, eta asko gustau jatan. Bueltau nintzanetik, urtero nabil barriro hasi behar dodala esaten, baina ez daukat astirik.

Anaiari trikitixea be lapurtzen deutsat nozonoz, eta piano ikasketak eginda daukadazan legez, zeozer joten badakit, belarriz baino ezpada be. Dantzan barriro hastea be gustauko jatan, eta txistu talde batean be gustura sartuko nintzake. Txikitan hasi nebazan gauzak barriro hastea gustauko jatan, baita gauza barriak probetea be, gormutuen zeinu-hizkuntzea ikastea eta arabiera ondo menperatzea berbarako. Eta zelan ez, lagunakaz egon, zinemara joan, telebista ikusi... Baina proiektuak, neuk jarri baino, etorri egiten jataz. Ezetz esaten ikasi egin behar da, eta azken aldian gauza batzuk atzera bota dodaz. Zer egin gura dodan eta zertarantz joko dodan erabagiteko ordua be badala pentsetan dot, eta argi dago denpora librea eukiko baneu ez zala librea izango, beste gauza batzuk egingo nebazalako.

10.- Definidu zeure burua bertso baten.

(Barre algarea egin eta buruari buelta batzuk emon ostean):

Irribarretan habila
Algortako marabilla
Ama guztiek alabarentzat
Nahi lukeen mutila
Harroa bezain humila
Sekretuak daukaz mila
Guztiak jakin gura dauzenak
Joakola bila.

Saioa Torre Gereketa