Iran
Zelan hartu zinduezan iraniarrek?
Ezin hobeto. Iraneko gauzarik onena jentea dala uste dot. Beste leku batzuetan, turistea beti ikusten dabe aberats edo dirudun legez eta Iranen, barriz, persona legez tratetan zaitue. Hori bai, aparteko ahaleginak egiten dabez kanpotarrakaz komuniketako, izan be, eurentzat mundu desbardinerako atea gara turistak.
Seguridadeagaz arazorik?
Herrialde segurua eta abegitsua da Iran. Lehenengoz joan nintzanean, aurreretxi askogaz hurreratu nintzan; herrialde zarratua, baltza, zapaldua eta diktatoriala zalakoan nengoan. Dana dala, arin jaubetu nintzan, kaleetan herrialde musulmanetako zaparradarik egon ez arren, etxeetan eta hartu-emonetan jarrera edegikoak dirala. Kontua da ze, jentea bildur dala, izan be, diktadura baten menpean bizi dira.
Iranera bidaia egitea ez da erraza. Zuk ze arazo izan zenduan?
Gaur egun, orain urte batzuk baino errazagoa da. Halan da be, egia da beste herrialde batzuetara joateko baino traba gehiago dagoala eta horreetako bat bisadoa lortzea da. Gaur egun, barriz, Interneten topau zeinkez bisadoa lortzeko baldintza eta pausuak. Hilebeterako balio dau eta 65 dolar inguruko kostua dauka. Bigarren bidaian, kooperazino proiektu baten barruan joan nintzan eta Turkiatik, Istanbuletik sartu nintzan autobusez, Kurdistan aldetik bueltan. Zortzi bat ordu emon genduzan mugan poliziak danon agiriak aztertu eta maleta danak arakatu bitartean. Pare bat egun behar izan genduzan Teheranera heltzeko. Gura izan ezkero, hegazkinez egin daiteke bidea 230 bat dolar pagauta baina niri herritarrakaz ibiltea gustetan jat, abenturearen eta esperientzia personalaren zati garrantzitsua da niretzako; hori bai, nahikoa gogorra izaten da ze ordu asko emon behar dozuz baldintza eskasetan.
Bisadoa nahikoa karua da baina herrialdea oro har karua da?
Ez. Oro har merkea dala esango neuke. Lo egiteko 6 bat euro pagau behar dozu edozein ostatutan eta egun osoko jatorduetarako beste horrenbeste behar da. Iranen bizimodua egiteko egunean 15 bat euro behar dozuz. Beste alde batetik, persiar alfonbrak Euskadiko prezioakaz konparauta prezio erdian erosi daitekez; hori bai txartela leku jakin batzuetan baino ezin izango dozue erabili, batez be, turistak ugari dabilzan lekuetan hain zuzen be.
Lehen esan dozu kaletan ez dagoala zaparrada handiegirik. Bazar eta azoka inguruetan bestelakoa izango da giroa, ezta?
Bai. Holakoetan sekulako mobimentua dago; bazter guztietan dagoz kafea zein tea hartzeko eta ur-pipeagaz erreteko lekuak... leku atseginak dira.
Iranen zelan bizi dabe Irakeko aurrez-aurreko edo gerra giroa?
Atseginez hartzen dabela esango neuke. Kontuan hartu 1952tik hona hiru iraultza eta makinatxu bat gerra sufridu dabezala. Bai Iran eta bai Irak gerran nahastau ebazan Saddam Husseinek eta horregaitik gorrotau egiten dabe. Afganistango errefuxiatuak be ez dira ondo etorriak eta ez dabez duintasunez tratetan. Uste dot jarrera horretan eragin handia daukala herrialdea gobernetan dauan erregimenaren jarrera hipokritak.
Herritarrakan zelan eragiten dabe erlijinoak eta politikeak?
Bete-betean eragiten dabe. Herritarrek aldaketea gura dabe, ateak edegitearen alde dagoz baina ez deutsie ixten. Erlijinoa ondo sustraituta dago gizartean, kaleetan emakumeak goitik behera tapauta doaz baina, oro har, herritarren jarrerea ez da muturrekoa; ganera, gizartea nahikoa laikoa dala pentsetan dot.
Zeintzuk dira Iranera bidaiaren nahitaezkoa bisitak?
Teheran uriburua eta, beren beregi, Sharen etxe-jauregia. Isfahaneko meskitak be ikusgarriak dira eta UNESCOren ondarea dan Yazd uriko edertasun arkitektonikoak be ez dira makalak. Shiraz edo Persepolis, inperioaren uriburu zaharra eta Caspio itsasoa bisitetea be nahitaezkoa da. Lurrikarearen aurretik, Bam be leku interesgarria zan baina gaur egun ez dau larregi merezidu.
Iran herrialde ezezaguna da eta komunikabideetan agertzen dan bakotxean, ezbeharren bat edo beste aitatzeko baino ez da izaten. Dana dala, miloeka herritar bizi dira bertan eta alkarrizketa hau euren kulturea, bizimodua eta ohiturak gureganatzeko aberasgarria izan dala uste dot. Ondo joan!
Testua: Zigor Aldama
Argazkiak: Mikel Ayestaran
Munduan badira lekuak antxinako sasoiak, guretzat ezezagunak diran lekuak gogorarazoten deuskuezanak. Iran leku horreetako bat da. Oraintsura arte mendebaldekoentzat ia-ia ezinezkoa zan Iranen sartzea eta gaur egun be ez da bape erraza Iran bisitetea. Irak mugakidearen protagonismoak janda, Iran bigarren mailan dago. Diario Vasco egunkariko kazetaria dan Mikel Ayestaran Iranegaz maiteminduta dago, birritan egon da han eta alkarrizketa hau Internet bidez bertan irakurriko dau, egunotan Iranen dago eta.
Ayestaranek Iraneko oraintsuko historiako momenturik gogorrenetako bat bizi eban: Bam uria hauts eginda itxi eban lurrikara bildurgarria. Mikel bera izan zan ezbehar hori bertatik bertara ezagutarazo euskuna eta orain, barriz, lurrikarearen osteko giroa eta egoerea hurretik ezagutzeko joan da Iranera.
Zelakoa izan zan Bamgo lurrikarearen esperientzia?
Esperientzia gogorra. Uria birrinduta geratu zan eta hildakoak 40 milatik gora izan ziran, ez daukat ez ahaztuteko. Urian bigarrenez nengoan eta oso esperientzia gogorra izan zan lehendik ezagutzen nebazan lekuak zelan geratu ziran eta jentearen sufrimentua hurretik ikustea.
Sekulako ezbeharra izan arren, barriak ez eban ohiartzun larregi euki komunikabideetan...
Nik esango neuke ezbeharrak ez ebala ezelako oihartzunik izan Iranetik kanpora. Iran nazinoarteko informazino agendatik kanpo dago eta, ganera, lurrikarea gabonak bueltan izan zan, 'sasoi txarra ezbeharren barri emoteko'. Tristea bada be, azpigaratutako herrialdeetako hildakoek gitxiago balio dabe; AEBn 40 mila hildako eragingo leukezan ezbeharren bat izango balitz, komunikabideen jarraipena eta gizartearen erreakzinoa sekulakoak izango litzatekez.
Zelako egoerea bizi zenduan?
Egoerea negargarria zan. Hondakinen artean galdutako lagunak topetako lanak baliabide eskasakaz egiten ziran eta, bien bitartean, milaka lagun etxe barik egoan. Urtarrilean hotz handia egiten dau baina, halan da be, arratsaldeko seirak aldean haize boladak hasten ziran eta uriaren sarreran zabaldutako hobi komunetatik etorren gorpu hatsa aguantauezina zan. Hats hori urian zehar zabaltzen zan eta barru-barruraino sartzen zan.
Laster hasi behar dozun bidaian Iran zelan topetea espero dozu?
Ez dakit. Pentsetan dot dana hankaz gora egongo dala, egia esan behar badeutsut gogo handia daukat uriaren eraikuntza prozesua zelan egin daben eta gauzak zelan geratu diran ikusteko.
Zer dauka Iranek hirugarrenez hara joateko?
Asko ibilitakoa naz eta leku gitxik eragin deustie buelteteako gogoa; horreetako bat da Iran eta, akaso, galarazotakoaren morboagaitik gustetan jat. Iran herrialde ezezaguna da, publikoarentzat oro har zabalik ez dagoana eta harridurea eragiten dauana. Herrialde desbardina da, parekorik ez daukana; aniztasun etniko handia dago eta kutsatu bako herrialdea da, herritar gehienak zintzoak dira.