Umeen obesidadeari aurre egiteko neurriak (I)
Obesidadea eragiten daben faktore garrantzitsuenak
a) Jateko modua aldatu egin da
Gero eta janari gitxiago preparetan dogu eta gero eta arinago jaten dogu; sarriagotan jaten dogu etxetik kanpora eta horretarako erea egon arren, beti ez dogu aukeratzen menurik egokiena. Askotan, otorduak saltau egiten doguz, eta horretan, gehienetan, gosaria izaten da txapeldun.
Eta ez naz sekula kantsauko hau esateaz: otordu guztietan jan behar dogu, 4-5 biderrez egunean. Janaria preparetan denpora apur bat emotea ez da denporea galtzea, gure osasunerako denpora zoragarri bat erabiltea baino. Denpora askorik ez badaukagu, gaur egun preparauta datozan janariak erosi geinkez, eta horreekaz orekea lortu. Eta etxetik kanpo jaten dogunean, egunean zehar menua zelan orekatzen dan ikasi behar dogu. Uste doguna baino errazagoa da eta saiatzeak merezidu dau!
Gurasoek ikastetxeetako jantokietako janaria egokia izan daiten exijidu leikie, horretarako indarra daukie eta. Leku batzutan, kalidade hobea eta janari hobea eukiteko umeen otorduak gehiago pagetea pentsetan dabilz. Halan da be, gehiago pagau eta hobea izatea beti ez datoz bat. Horregaitik, zuhur ibiltea komeni da.
b) Umeak gero eta gitxiago mobiduten dira
Umeek helduon modeloak hartzen dabez eta helduek gero eta telebista gehiago ikusi eta ekintza sedentario gehiago egiten doguz: umeak ez dira “play station” eta holako jokoakaz denpora gehiago emoten daben bakarrak!
Holan ba, guztiok ariketa fisiko gitxiago egiten dogu eta ariketa fisikoa guztiz beharrezkoa da, bai pisua kontroletako, baita osasun egoera orokor ona mantentzen laguntzeko be. Mobiduteko ahalegin gehiago egin beharko geunke guztiok, helduok batez be. Ariketa fisikoa urteetan egin behar dogu, modu orekatuan, izan be, bizitzako garai baten ariketa fisiko asko egin arren, personea agobiau eta gehiegi kantsetan bada ez dau gehiagotan egin gura izango. Sarritan egin geinkezan ariketak zeintzuk diran jakitea oso garrantzitsua da: ikastetxera oinez joan, etxeko eskilarak oinez igon... Telebista bai, eta joko sedentarioak baita, baina neurriz. Kalean peloteagaz, kordelagaz, bizikleteagaz edo mobidutea eragiten dauan beste edozein tramankulugaz olgau leike umeak, eta hain ume ez danak be...
Anekdota triste bat kontauko deutsuet: ikastetxe baten ume potoloen gurasoei umeei ariketa fisiko gehiago egiten laguntzeko proposatu eutsien (asteburuetan mendira joan, umeagaz pelotan olgau, hondartzan paseau...). Hainbat guraso hasarratu egin ziran, euren bizitzeko ohitura sedentarioa aldatu gura ez ebelako. Ez naz kritiketan hasiko, baina gogoeta hau egin dot: umeek gauza gehienak imitetan ikasten dabez eta geu gara euren modeloak; gugaitik ez bada be, saiatu gaitezan gure umeen osasun hobeagoa lortzen!
Larraitz Artetxe,
Dietetika eta Nutrizinoan Diplomaduna
Azken urteotan umeen artean be loditasunak edo obesidadeak gora egin dauala ikusi dogu eta arduratzen hasi gara; baina zergaitik hainbeste ardura?
a) Umezaroan obesidadea daukien umeek beste arazo batzuk be eukiteko jokera handiagoa daukie, hipertentsinoa, glukoseari intolerantzia, diabetesa, hiperlipemiak (hiperkolesterolemia berbarako) eta arnasteko arazoak, beste askoren artean.
b) Ganera, aspalditik ezaguna da umetan, hasieran, koipe zelulen edo adipozitoen neurria handiagotu egiten dala, eta gero, adipozitoen kopurua. Horregaitik esaten da ume potolo batek heldu potoloa izateko aukera gehiago daukazala, bere adipozitoen kopurua handitu egin daualako. Baina umea loditxuagoa izaten hasten dan momentuan neurriak hartu ezkero, adipozitoen kopurua baju mantendu geinke, eta hori lagungarria izango da etorkizunerako.
c) Ume loditxuek sarritan burlak be jasan behar izaten dabez. Hau ze neurritaraino ebitau geinken ez badakigu be, hezitzaile eta helduagoen artean errespetuzko gizarte bat eukiteko ahalegina egin beharko geunke. Obesidadeak sortu leikezan arazoen ganean berbetan hasten garanean, arazo hori konpontzeko gogo itzela ipinten dogu, eta batzutan ahaztu egiten jaku ume potolo horreri min emozional bat sortu geinkiola. Holan ba, pisua bajetako animau bai, baina beti errespetuz eta kontu handiz egin beharko dogu, anorexia edo bulimia nerbiosoa ebitetako.
Argi euki behar dogu, beti be, pediatreak adierazo behar deuskula umearen pisua egokia dan ala ez. Sarritan 3 urtera arte umea “borobiltxuagoa” izatea normaltzat hartzen da eta hortik aurrera arduratzen gara gehiago. Dana dala, hainbat ikerketetan ikusi da txiki-txikitatik umeei dieta orekatuak emon deutsiezanean, ume horreek euren bizitza osoan pisu egokiari eutsi deutsiela.