Travisek “Omagh” filman Benetako IRAk egindako atentadua erakutsi dau Donostian
“Familiek desbardintasun politiko eta erlijiosoak albo batera itxi doguz, egia eta justizia besterik ez dogu eskatzen. Pelikuleak ni bizi nazen komunidadea erakusten dau, katolikoak, protestanteak... guztiok batuta, eta egoera hori ia bakarra da Ipar Irlandan”> erantsi eban Donostian egindako agerraldian.
Hildakoei justizia egiteko eta batez be euren senideei, atentadu egileak atxilotu arte ez dabela amore emongo azpimarratu dau Gallagherrek.
Joseba Terreros
Donostiako Nazinoarteko Zinema Jaialdiko sail ofizialean Peter Travisek zuzendutako “Omagh” film anglo-irlandarra estreinau zan irailaren 22an. 1998ko abuztuaren 15ean Benetako IRAk Irlandako Omagh herrian eginiko atentadua jaso dau filmak. Era berean, Erresuma Batuko eta Irlandako gobernuek jazotakoa argitzeko ez dabela nahikoa egin salatzen dau lanak.
Filmaren arduradunak Michael Gallagherren familia katolikoan oinarritu dira Omagh egiteko. Michaelek semea galdu eban Omagheko atentaduan. Gerard MacSorley eta Michele Forbes aktoreek jokatzen dabe senar-emazteen rola. Atentaduaren egunetik hasita hurrengo hilabeteetan aurrera eroan eben kanpainea da filmaren ardatza.
Michael Gallagherrek, Omagheko ezbeharraren biktimen aldeko plataformako burua danak, 1998ko abuztuaren 15ean eztanda egin eban bonbearen erantzukizuna Benetako IRArena dala dino. Baina Erresuma Batuko eta Irlandako gobernuek ikerketak aurrera atarateko nahikoa ez dabela egin eta, ganera, holako atentadu bat izango zana jakin arren, ez ebela ha ebitetako neurririk hartu salatu dau.