Inconscientes
Pelikula honetako gauza batzuk gustoko izan dodaz. Beharbada, garrantzitsuena antzezle onez hornidutako komedia ironiko bat ikusteko aukerea izan da. Film honen hasikeran zine mutuari eta amaieran mundua bete daben psikologo argentinarrei egindako aitamenak benetako bitxiak dira; filmaren erdian antzezleek egiten daben beharra on-ona da eta alkarrizketak burutsuak eta distiratsutzat hartu daitekez; ganera, personaien jarrera amoral arinak barre eragiteko bidea jorratzen dau. Azken baten, komedia honek ohiko zinean ezarritako arau batzuk urratu eta surrealismotik hurren dagozan ezaugarri batzuk lantzen dauz.
Baina “Inconscientes” pelikuleak agiriko hainbat hutsune be badaukaz; ausardia falta jako eta metrajea sobran dauka; sekuentzia batzuk lar luzeak dira eta sarritan bilbearen korapiloa gehiegi nahastetan da. Ganera, akatsok estalduteko edo, filmari larregizko bizitasuna emoten jakolako sentsazinoa heltzen jake ikus-entzuleei. Bestalde, pasarte batzuk histrionikoegiak dira, seguru antzean, filmari emon gura izan jakon muturreko komikotasunaren ondorioz, lar behartuak. Oso-osorik balorauta, ez da lan bikaina, baina zine aretotik irribarrez urteteko modua emongo deutsue.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Joaquín Oristrell.
- Herrialdea: Espainia.
- Iraupena: 100 minutu
- Antzezleak: Leonor Watling (Alma), Luis Tosar (Salvador), Alex Brendemühl (León), Mercedes Sampietro (Mingarro andrea), Nuria Prims (Olivia), Ana Rayo (Pastora), Juanjo Puigcorbé (Mira doktorea).
- Gidoia: Joaquín Oristrell, Teresa de Pelegrí eta Dominic Harari.
- Ekoizpena: Gerardo Herrero.
- Argazkia: Jaume Peracaula.
- Muntaia: Miguel Ángel Santamaría.
- Zuzendaritza artistikoa: Llorenç Miquel.
- Jazkerea: Sabine Daigeler.