Bertsotan  III. urtea // 77. zenbakia

Aurretiaz landutako bat-bateko bertsolaritzea


Eta bertsotan be holan da; taulaz taula eta plazaz plaza dabilzanentzat, alperrekoa da azken asteetako entrenamentu arrunta. Horreek errimak lantzen dabez ('... lehenengo bikaina erabiliko dot, gero bi kaña, eta gero bik haina...'), ideia alternatiboak ('bizitza bizi nahi duen orok/ hori ondo daki baina'), gaien araberako errima aukeraketea ('gaia moda bada, pasarela, top-modela, pamela... erabiliko dodaz') eta askoz be gauza espezifikoagoak. Ondorioz, gaia gitxi gorabehera holakoa bada: “Zu, Koldo, taberna batera sartu zara. Goizeko hamarrak dira eta zure gorputzak alkohola eskatzen deutsu.” Orduan, bertsolariak hauxe botatea eukiko leuke:

Kaixo, egunon, tabernaria
atera azkar bi kaña,
gaur pozik edan nezakeelako
herriko mozkor bik haina.
Nahiz ondo busti atzo gauean
zintzurra eta mingaina,
zorioneko alkohola ez da
hain elementu bikaina...
bizitza bizi nahi duen orok
hori ondo daki baina.

Azken batean, Linda Whiten arabera, ezin froga leiteke bertsolaritzak formula zehatzak erabilten dauzanik, baina argi dago sano pentsagarria dala. Inprobisazinoaren ohiko ezaugarrien artean hanka sartzearena imini beharko geunke, baina egungo bertsolaria hanka sartzearen bildur da. Ez dau bertsoaren erdian lotu gura, ez dau “pot egin” gura (hortik poto berbea) eta ez hori bakarrik. Ahozko bertsoa gero eta gehiago parajetu gura deutso idatzizko tradizinoari; esaldi luzeak osotu gura dauz, errima aberats eta argudio handikoak. Eta azkenean, ahozko tradizino legez jasoten bada be, idatzizko prozesutik abiatutako alea da. Erbia saldu eta katua erostea, hain zuzen be.

Beraz, bat-batekotasuna gero eta urriagoa da txapelketatan. Orduan, puntu gehiago jaso beharko leukez bat-bateko bertsoak egiten dauzanak, ondokoari atoan erantzuten deutsonak, etab. Bestela, non amaitzen da bertsolaritzea eta non hasi literaturea? Edo bertsolaritzea literaturea ete da?

Xabier Paia

Bizkaiko bertsolari txapelketea gero eta parajeago dagoan sasoian, ezinbestekoa izaten da bertsolaritza beraren zentzu eta muinean pentsetea. Izan be, taula ganera igon behar dogunok zein armailatatik begira jardungo dabenek, noz edo noz gogoeta sakonen bat egitera bultzatu behar doguz geure garun kritikoak. Zer da bertsolariok emon behar doguna eta zer da entzuleak espero dauana? Non amaitzen da bat-batekotasuna eta non hasi aurretiaz landutakoa? Zelan preparetan dabe bertsolariek txapelketea? Erantzunen bat edo emoten ahaleginduko gara.

Txapelketa aurretik egon ohi dan preparazinorik onena kantetea izaten da; bertsolariak, gizakiak legez, ibilian ikasten dau zein dan bere bidea. Badaki hondarretan gehiago kostetan jakola ibiltea, lokatzetan ingurukoen zipriztinak jasan behar dauzala, lurrazal barrietan errazago galtzen dala... ibilian-ibilian ikastea baino bide hoberik ez dago. Arazoa asko ibilten diranek izaten dabe, maratoigileek, triatloilariek eta eliteko atletek. Horreek joan-etorriko ibilaldia eginda daukie eta ondorioz, gauza bereziagoei eskaintzen deutsee denporea. Berbarako, edurretan ibilteko erraketak erabili behar dirala jakiteaz gan, erraketen sarea ondo apaintzen ahaleginduko dira eta pausoz pausoko lanean be lore edarrik botateko bidea bilatuko dabe.