Kulturea  III. urtea // 77. zenbakia

Azken egunak Idazle Eskolan izena emoteko


Bizkaie!

Euskal Idazleen Elkarteak eta Bergarako UNEDek bultzatuta sortu dan Idazle Eskolako bigarren ikasturteko matrikula epea irailaren 30ean amaituko da eta ikasturtearen hasierea, barriz, urriaren 26rako dago iragarrita. Zazpi bat hilabete geroago, maiatzaren 25ean, bi urteko graduatu ondoko ikastaroa amaituko daben ikasleek diploma bana jasoko dabe. Gogoratu, eskolak astegoienetan izango dirala, zehatz esateko zapatuetan, goizeko 9:00etatik 13:30etara, Bergarako UNEDeko Ikastetxe Elkartuan.

Aurtengo barrikuntzen artean, Literatura eta Dibulgazinoaz eta Addministrazinoaz gan, Ahoz Hitz Egiteko Idazkera izeneko espezialidadea eskainiko dau Idazle Eskoleak Tere Irastorza, Euskal Idazleen Elkarteko presidenteak adierazo dauanez. Aurten, ganera, berbaldiak be antolatu dabez, euren esperientziak kontetako idazleek emongo dabezan ikastaroak hain zuzen be. Edozelan be, igaz ikastaroko lehen urtea egin ebenen artean, literaturako espezialidadea aukeratu eben gehienek. Arlo horretan, Unai Iturriaga izango dabe aurten nobelagintzea lantzeko, Jon Alonsok narratibea landuko dau eta Gerardo Markuletak emongo dauz literatureari eta dibulgazinoari jagokozan euskal gaiak. Yolanda Arrietak antzerkia landuko dau eta Jose Martin Elexpuruk, barriz, hiztegi mailako baliabideen ganeko ikastaroa emongo dau. Irakasle lanetan, Unai Elorriaga, Kepa Altonaga, Gerardo Elortza, Jose Martin Elexpuru, Tere Irastorza, Jon Alonso, Jexus Eizagirre eta Alfonso Mujika ibiliko dira.

Euskal Idazleen Elkarteagaz eta Bergarako UNEDegaz batera, Eusko Ikaskuntzako Asmoz Fundazinoak be parte hartzen dau Idazle Eskola proiektuan eta HAEEk diruz laguntzen dau.