Euskerea berbagai  III. urtea // 77. zenbakia

Ikastetxeetan euskerearen erabilerea indartzeaz (IV, azkena) edo ikastetxeetako planak eta udaletakoak buztartzeko gogoetea


Badira, giza baliabide eta egitura nahikoa ez izateaz ganera, hainbat zailtasun tekniko bi planak buztartzeko orduan, besteak beste, bi planak garatzeko fitxa zein bestelako euskarriak baliatzen dira. Halan da be, planifikazinoan kontuan hartu beharreko esparruei jagokenez, ez dago planen artean hartu-emon eta metodologia komunik, halan da ze, batean egiten diran ahaleginak ez dira bestean txertatzen, eta era horretara, buztarketa egoki batek plan bakotxari emongo leuskion balio erantsirik ez dago. Hori bideratu ahal izateko lankidetzarako egiazko markoa eregi behar da. Holan, bi planak buztartu ahal izateko, Udal edota mankomunidadeetako planak, baita ikastetxeetakoak be, zehazteko erabilten diran estrategiak bateratzeko (planifikazino fitxak, jarraipena eta ebaluazinoa burutzekoak, euskarri telematikoak, e.a.) Erkidego mailan batzorde teknikoa eratzea komeni da. Batzorde tekniko honetan plangintza batean zein bestean egin beharreko egokitzapen teknikoak adostuko litzatekez. Osoketeari jagokonez, barriz, Udal mailako, Hezkuntza, Unibersidade eta Ikerketa zein Kultura saileko, Foru Aldundietako eta ikastetxeetan ari diran alkarte edota erakundeetako ordezkariak egotea oso komenigarria izango litzateke.

Ikusten danez, Udal mailan egun abian doguzan plan garrantzitsuenak buztartu leitekez, horretarako, borondatea –politikoa eta instituzinonala– erakustea eta noranzko horretan pausuak emotea komenigarria da, baina. Biak buztartuta lan eragingarriagoa egitea posible da; alkarri lepoa emonda, ostera, ezin leiteke. Euskerearen normalkuntzak ahalegin hori egitea eskatzen dau!

Erramun Osa

Arinagokoan eskolea hizkuntza baten normalizazino-prozesuaren zutabe eta eragilerik oinarrizkoenetakoa dala, eta bere egitekoa euskal gizarteko beste sektore guztiakaz lotuta dagoala esan genduan. Baita gizarteak bere egoerea hizkuntza errealidadera –bai gaurkora eta bai etorkizun hurrekora– egokitzen joan behar dauala be ganeratu genduan. Horretarako, emoitzak eragingarriagoak izateko, ikastetxeetako planak eta udaletan abian diranak buztartzea beharrezkoa ez eze, ezinbestekoa be badala azpimarratu genduan.

Halan da ze, hori ahalbidetzeko eta Udalei jagokenez, udal-ereduak garatu ahal izateko, beren beregi hartutako erabagiari EBPN garatu ahal izateko baliabide nahikoak gehitzea ezinbestekoa da. Izan be, badira Udalak EBPN garatzeko erabagia hartu arren, erabagi horregaz segiduteko nahikoa giza baliabide bideratzeko pausurik egin ez dabenak, eta, erabagia garrantzitsua izanda be, Udalaren hizkuntza politikea bideratzeko, Udalean ari diran gizarte eragileakaz hartu-emonak bideratzeko eta noranzko berean ahaleginak jarteko abagunerik ez litzateke egongo. Halan da ze, Udalean hartutako erabagia garatzeko, besteak beste, antolamendu egokia (Euskera Batzordea eta beste), giza baliabideak (udal-ereduari egokitutako lehentasunei erantzun ahal izateko, beren beregiko prestakuntzea jaso daben eta neurrikoak diran zerbitzuak) eta baliabide ekonomikoak (plangintzea erabat garatu ahal izateko, aurrekontu osoaren % 2 bideratzea, gitxienez, behar beharrezkoak litzatekez.

Aitatutakoaz ganera, ikastetxe eta udalen arteko lankidetzarako, ostera, ikastetxeetako euskerearen erabilerea indartzeko jarduketa-planak eta Udaletan EBPN garatzekoak buztartu ahal izateko, koordinazino gune iraunkorra sortzea be ezinbestekoa da, hatarako, Euskera Batzordea baliatu ahal da edota beren beregi antolatutako batzorde iraunkorra eratzea komenigarria da. Era berean, egitasmo komunak abian jarteko ez eze, esperientziak alkarri trukatzeko be, eskualde mailako egiturak eratzea be garrantzi handikoa da. Eskualde mailako egitura horreetan, besteak beste, holako plangintzak abian dabezan ikastetxeetako teknikarien, berritzeguneetako hizkuntzearen normalkuntza adituen eta udaletako teknikarien esku hartze normalizatua ahalbidetu beharko litzateke, neure eretxiz.