Txutxu-mutxuan  III. urtea // 77. zenbakia

Sikate eta eurite handiagoak, beroketa globalaren ondorioz


Eurite eta sikate gehiago

Beroketa globalak dakarzan arazoak fenomeno meteorologikoetan be ikusten dira: korronte eolikoak handitzen dira eta eguraldiaren ohiko ereduak aldatzen dira, eurite eta sikate ugariagoak edo haizete gogorragoak sortu eraginez.

Administrazino Ozeaniko eta Atmosferikoko zientzialaria (NOAA) dan Kevin Trenbert-en esanetan, negutegi eragineko gasen emisinoa beroketa globalaren arrazoi nagusia da. Emisinoek ziklo hidrologikoa bizkortu eta ondorioz sikate gogor eta luzeagoak izateko arriskua handitzen da. Era berean, eurite eta uriol gehiago izateko arriskuak gora egiten dau, fenomenoak berezkotzat hartzen diran arren. Gorabeheron erakusgarri eta adibide modura, AEBko erdigunean 1995ean izandako sikate handia, Mississipin 1993an izandako uriolak eta urte berean Ipar nahiz Hego Karolinan izandako sikateak aitatu ebazan.

Begiluzea

NASAk, beroketa globalaren ondorioz, itsasoen mailea gorantz doala baieztu dau. Ikerlanek lehenengoz eta argi probau dabe aldaketa klimatikoaren eta izotz plataformen hondamenaren artean dagoan loturea.

Antartidan Lurraren beroketa orokorraren ondorioz izandako urtzaldiek itsasoen mailea goratu eta klimea aldatzen dabe; eraginak, argi ez dagozan arren, garrantzitsuak izan leitekez, aurreko astean Estadu Batuetako espazio agentziak jentaurrean azaldutako azterlanen emoitzen arabera.

NASAko zientzialariek egiaztu dabe, “Larse B” izeneko izotz plataformearen hausturea Penintsula Antartikoan 2002an detektau zanetik hona, Wedell itsasorantz abiatzen diran glaziarrak ugaritu dirala. Glaziarren mobimentu horreek ohikoak baino zortzi bider arinagoak dira; horrek eragin dau glaziarrek 30 metrorainoko altuerea galtzea sei hilabeteko epe laburrean.

“Ikerlan honeek lehenengoz eta argi eta garbi erakutsi dabe izotz plataformen hausturearen eta beroketa globalaren artean dagoan lotura estua, bai eta glaziarrak askoz be arinago mobiduten dabilzela be” adierazo eban azterlan horreetariko bat egin dauan NASAko JPL laborategiko Eric Rignot zientzialariak. “Penintsula Antartikoko glaziarren prozesua bizkortu da, Larsen B plataformea desagertu dalako” zehaztu eban Rignot-ek.

Azterlanean Europako Espazio Agentziaren eta Kanadako Espazio Agentziaren datuak erabili dira. “Inork egiaztu gura baeban ea Antartidak beroketa orokorrari arin erantzungo eutson ala ez, uste dot erantzuna baiezkoa dala”, aitatu eban Edurra eta Izotza Aztertzeko Zentroko kidea dan Teb Scambs zientzialariak. “Hamabost urtean goitik beherako aldaketea ikusi dogu itsasertzeko 240 kilometroko lerro batean” erantsi eban.

Ikerlanek ondo be ondo adierazoten dabe zeintzuk diran aldaketa klimatikoaren, izotz plataformen hausturearen eta itsasoetara abiatzen diran glaziarren fluxuaren gehikuntzearen arteko erlazinoak; horrek guztiorrek itsasoen mailea igoten dau. Eta Larsen-eko glaziarrak itsasoaren maileari eragiteko baizen handiak ez diran arren, fenomeno horrek nahiko ondo irudikatzen dau zer jazo leiteken aldaketa klimatikoa hegoalderantz zabaltzen bada, hau da, glaziarrik handienen tokira heltzen bada.

Karl Thomas Klimearen ganeko Datuen Zentroko zuzendariaren esanetan, 1999. urtea XIX. mendeko erdialdetik hona izandako bosgarren urterik beroena izan da. Tenperatureak gaur egun gora egiteko daukan erritmoa 3 edo 3,5 gradukoa da mende bakotxean. Aldakuntza hori 100 urteko epean hutsaren hurrengoa dala emoten dau. Edozelan be, oso handia da, kontuan hartzen badogu orain dala 18.000 eta 20.000 urte izandako azkenengo glaziazinotik tenperatureak 2,7 eta 5 gradu baino ez dauala gora egin.