Juan Mari Lujanbio: 'isilik egon beharrean, gure odol beroak lehertarazo egiten gaitu'
Urdaibaik azken urteotako denporaldirik onena egin dau aurten eta kantabriarrei zein gipuzkoarrei aurre egiteko moduko trainerua dagoala ikusi dabe zaletuek; hori bai, aurtengo maileari eustea ez da erraza izango, kontuan hartuta, plantilako batzuk jubilauko ete diran eta Jose Antonio Olaskoaga 'Aizperro' entrenatzaile oriotarrak be taldea itxi leikela zabaldu ostean.
Kontuak kontu, aspaldiko partez Bizkaiko arraunlaritzea indartsu dabil eta datorren denporaldian, Urdaibaigaz batera, Arkote eta Isuntza be onenen artean izango dira TKE Ligan.
1.- Zorionak, aurten TKE irabazi, Kontxan bigarren geratu eta makinatxu bat bandera irabazita egindako beharragaitik. Igaz, barriz, Kontxatik kanpo geratu ziran bermeotarrak eta Castroko Banderan hirugarren postua izan zan Bou Bizkaia traineruaren lorpenik handiena. Denporaldiaren hasieran zelan ikusi zenduan zuk taldea?
Denporaldiaren hasieran, neguan hasi nintzan beharrean Bermeon eta taldea osotu barik egoan, besteak beste, zazpi baja egon ziralako; Aizperro entrenatzailearentzat panorama txarra egoan, izan be, bakarrik egoan denporaldiari aurre egiteko. Azkenean, sekulako beharraren eta arraunlari eta entrenatzailearen arteko giro onari esker, apurka-apurka, danok hartu genduan konpromisoa talde sendoa osotzeko. Arrauna itxita egozan lagunak be konbenzidu genduzan eta, azkenean, talde polita osotu dogula uste dot.
2.- Inpernu bihurtutako Castroko zerutik Bermeoko zerura pasau zara. Zelakoa izan da aldaketea?
Bueno, ondo esan dozu Castroko lehenengo urtea ona izan zan, Kontxa be irabazi gendualako baina bigarrena benetako inpernua izan zan niretzako, estropada askotatik kanpo geratu nintzalako. Hori bai, ez daukat ezer Castroren kontra, klub handia da, maila handikoa.
Urdaibaira etortea ez zan bape dramatikoa izan, gustora etorri nintzan ze ezagunak, koinatua eta ebilzalako bertan, atara kontuak, gaur egun sei gipuzkoar gabiz taldean. Urdaibai talde legez ondo ezagutzen neban eta pozik etorri nintzan.
2.- Aurtengo denporaldian egindako beharragaz, pozik zagoz?
Bai, oso pozik, danok gagoz pozik aurten egindakoagaz. Igazkoaren ostean, Kontxa irabaztea zan asmoa eta pena handia da ez irabaztea baina maila polita emon dogula uste dot. Gatxa izan bada be, TKE liga irabazi dogu eta horrek erakusten dau erregularrenak geu izan garala; puntu bakarreko aldeagaz amaitu da ligea eta azken egunera arte emozino itzela egon da.
3.- Kontxarako sailkapen estropadan estropada eremuko errekorra ezarri ostean (19.04.64), faborito nagusiak zinien Kontxa irabazteko. Lehen jardunaldian, barriz, Astillerok 20 segunduko aldea atara eutsuen eta sekulako polemikea sortu zan: horrenbesteko aldea ataratea ezinezkoa dala..., dopingaren susmoak...
Bai. Penagarria da arraunlariak adierazpen saltsa horretan sartzea baina momentuan bertan ni lako persona beroak itsutu egiten gara. Nik orduan esan neban ez zala normala Astillerok eguenetik domekara 20 segundu errekuperetea, munduan ez dagoala personarik hori egiteko; bost aldaketa egon ziran, bai, baina horreetatik bi behintzat ez dira urte osoan arraunean ibili. Doping kontuarena beste arraunlari batzuk aitatu eben eta hor sortu zan polemikea; arraunlariak batzuk holakoak gara eta batzuetan isilik egon beharrean gure odol beroak lehertarazo egiten gaitu.
4.- Hogei segundu 'lartxu' zala salatu zenduen baina, oso oker ez banago, Telefonika Banderan 15 segundu atara eutsozan Urdaibaik Astillerori...
Bai, Galizian be 19 segundu atara geuntsozan Astillerori baina estropada batetik besterako progresinoa da gauza bat eta eguenetik domekara bitartekoa beste bat. Egun gitxitan hemeretzi segundu ataratea lartxu da, ze ganerakoak, Orio, Hondarribia hor ibili gara eta zer pasau jaku, golpera egin dogu behera?
5.- TKE Ligan dopingaren kontrako kontroletan hiru emoitza positibo be izan dirala zabaldu zan, gero TKEk barria guzurtau eban arren. Bermeoko banderan 'Urdaibai aurrera, Astillero pastilero' pankartea atara eben batzuk. Argi dago kontu honeek ez deutsela bape meserik egiten arraunari. Dana dala, kontrolak behar dan moduan egiten dirala uste dozu?
Ez. Niretzako ez da normala horrenbeste kontrol egitea bata bestearen gainean, bi egunetik behin kontrolak egitea. Bestalde, jente askok komentau dau Donostiako KTEk Kontxako estropadea antolatu arren, ez daukala ezelako eskumenik kontrol horreek egiteko eta zeregin hori federazinoaren ardurea dala.
Horrezaz gan, azken aldian danak dagoz obsesionauta EPO topau guran eta nik uste dot kontrolak egin behar dirala ez bakarrik EPO bilatzeko ze doping diran substantzia asko dagoz eta kontrol zorrotzagoak egin beharko litzatekez; ganera, kontrolak abisau barik egitea da zentzuzkoena.
6.- Bou Bizkaian bederatzi arraunlari dagoz inoiz Kontxa irabazi dabenak (guztira, 23 bandera) eta zuk zeuk bost aldiz irabazi dozu 1986, 1988 eta 1990ean Koxtapegaz, 1995ean Donibanekogaz eta 2002an Castrogaz. Sekulako gogoa zeunkan seigarrena Bizkaiko traineru bategaz irabazteko...
Bai. Ilusino handia neukan Urdaibaigaz Kontxa irabazteko, ez bakarrik seigarrena zalako taldea osotzeko moduagaitik eta talde barruan euki dogun giroagaitik baino. Taldean koinatua eukitea, Etxabe, nigaz Koxtapen urte askotan ibilitakoa, Julio Cascante, Eneko, Castron neugaz ibilitakoa, Alex Castrokoa Astilleron ibilitakoa ederra izan da...jente ezaguna alkartu gara, lagunarteko giroa euki dogu eta Kontxa irabazteko gogo handia geunkan. Gero, ezin ahaztu Bizkaian Kontxa irabazteko gosea dagoala eta horregaitik be aparteko ahaleginak egin doguz.
8.- Urdaibairen plantilan 40 urtetik gorako bat baino gehiago dagoz eta batzuk erretirauta egon arren, barriro arraunean hasi diranak (Julio Cascante, Juan Mari Etxabe eta Aitor Balda). Arraunean ez dago jubiletako edaderik?
Bueno, nik uste dot edadeari baino gehiago bakotxaren bizimoduari begiratu behar jakola. Arraunlari bat oso ondo ibili daiteke 35-37 urtegaz eta 40tik gora be bai; arraunlariaren bizimodua eta ze behar daukan hartu behar da kontuan.
9.- Aurtengo denporaldiagaz jarraituz, etxean ezin izan dozue irabazi baina Urdaibaik aurten egin dauana hobetzea ez da erraza izango (13 bandera, TKE Liga, Kontxan bigarren...). Bermeok zelan bizi dau Bou Bizkaiaren aurtengo ibilbidea eta Astillerogaz sortu giro txarra?
Etxean irabazteko gogoa geunkan TKE be jokuan egoalako baina azkenean Nojako estropadan erabagi zan guztia gure alde. Bestalde, banderak irabazi arren, herriaren bultzakadea, zeozelako babes faltea igarri genduan hasieran baina gero herri osoa hur sentidu dogu eta euren berotasuna sekulakoa izan da.
Astillerogaz bai zeozelako pikea sortu dala pentsetan dot baina denporeagaz lasaitzen joango dalakoan nago. Penagarria da arraunlariak eguneroko entrenamentuetan zentrau beharrean holako saltsatan sartzea baina sarritan geure karakterragaitik konpliketan gara gura ez doguzan polemikak sortuz. Polemika horreek ebitetako gauzak behar dan moduan egin eta zorrotz jokatzea da onena.
10.- Astilleroko traineruan bermeotarrak dagoz eta Urdaibain kantabriarrak. Fitxaketak eta arraunlarien mobimentuak ugaldu dira; ikuskizunaren mesederako ala batzuen boltsikoak betetako?
Argi dago, gaur egun talde on bat egiteko, goian ibilteko eta banderak irabazi gura izan ezkero, dirua behar dala. Ikuskizunak irabazten dauala pentsetan dot ze fitxaketak eta kontratuak egon arren, gu ez gara bizi honetaz, aparte behar egiten dogu bizimodua atarateko.
11.- Norberaren koloreak defendidutea antxinako kontua da? Diruak agintzen dau gaur egun?
Nik neuk, egon nazan klub danatan, barruan euki dodan guztia emon dot. Hori bai, bihotzean bakotxak etxeko kolorea daroa. Ni sanjuandarra naz, Donostian jaioa eta hor egin dodaz lehen pausuak arraunean eta errosa kolorea beti eukiko dot bihotzean.
12.- Orain oporrak hartzeko momentua eta laster datorren urteko denporaldia preparetan hastekoa izango da. Zelan ikusten dozu kontua?
Bueno, gauzak ahalik eta arinen argitzea espero dot. Gure artean beti ibilten gara esaten 'zuk jarraitu ezkero, neuk be jarraituko neuke', 'ixteko gogoagaz nabil'...; Kluba arraunlari batzugaz berbetan hasita dago daborduko baina oraingoz ez dago ezer aurreratzerik. Ni neu pozik nabil Bermeon, esperientzia ederra izan da eta nik gehienbat hemengo giroa baloretan dot, beste klub batzuetan topau ez dodan giroa, gustora jarraituko neuke berton.
Beste alde batetik, badakizu, beterano bat baino gehiago dagoala taldean, arrauna itxita egon diran batzuk ibili dirala aurten eta, jakina, beharrari eta arraunari eta eguneroko joan-etorriari eustea ez da erraza..., ez ahaztu sei gipuzkoar gagozala Urdaibain, Aizperro urrian ezkontzen da...
Koldo Isusi Zuazo