Musikea  III. urtea // 77. zenbakia

“Euskadiko Soinuak” 2004-2005 programea


"Euskadiko soinuak" disko bilduma barria

Aurten be Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak "Euskadiko Soinuak" programearen barruan bi promozino disko barri argitaratu dauz. Guztira 1.200 disko fabrikau eta "Euskadiko Soinuak" 2004-2005 programearen barruan erabiliko dira. Diskoak eta honeekaz batera, informazinoa, Euskal Herriko, estaduko eta Europako komunikabide askotan banatuko dira, eta baita musika sektorea osotzen daben beste sektore ugaritan be. Promozino disko honeek Mercat de la Musica Viva de Vic 2004 azokan izan dira, eta Popkomm 2004 eta Midem 2005 ferietan be egongo dira, "Euskadiko Soinuak" programearen stand-ean.

Diskoek bi estilo jasoten dabez. Lehenengo diskoko abestiak "pop rock" estiloan sailkatuta dagoz eta bigarren diskokoak "folk-kantautore-jazz" estiloetan.

"Pop rock" estiloko diskoan artista honeen abestiak topau geinkez: : Atom Rumba "Gone", Audience "Ten Times", Cujo "New Brand of Pills", Ruper Ordorika "Zaindu maite duzun hori", Bide Ertzean "Hotel Bel Air", Ken Zazpi "Haizea", Doctor Deseo "Abrázame", Asier Serrano "Esan nizun", Anari ta Petti "Inon izatekotan", Gatibu "Zoramena", Fjord "Azahar usaineko lurrean", Kuraia "Udaberri azidoa", Leihotikan "Munduaren leihoa", Sutagar "Beti zu gabe", Tijuana In Blue "Funky experimental" eta Fermin Muguruza Kontrabanda "Armagideon tenoreko aztarnak".

"Folk-kantautorea-jazz" estiloak jorratzen dabezan artistak eta euren kantak honeek dira: Xabi San Sebastián "Agur maiteño", Ibon Koteron "Airea", Dronadar "Galdua", Mikel Urdangarin "Mundua begiratzeko", Oskorri "Ezin erran nizun hitzez", Iker Goenaga "Haitz", Karidadeko Benta "Karidadeko benta", Mal de Ojo "Lekeitio", Kukuma "Samba maneltz", Jon Urrutia "Wally's Memories", Maddi Oihenart eta Josetxo Goia Aribe "Mendi-gaña", Amaia Zubiria "Heldu zaigu azaro", Iban Nikolay "Seashore Thoughts", Angel Unzu "7 por 4", Karlos Jiménez "Loreak lizardirentzat" eta Belardi "Adios ene maitia".

Gotzon Uribe

"Euskadiko Soinuak" Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak musika arloko
enpresakaz batera sustatzen dauan programea da. Programearen zeregin nagusia Euskal Herriko musikea (pop, rock, folk, musika barriak,...) estadu mailan eta nazinoarte mailan ezagutarazotea eta bultzatzea da. Zentzu honetan, programeak helburu bikotxa dauka: batetik, musika-industria lako sektore estrategikoa laguntzea eta bestetik, kulturearen adierazle garrantzitsu honen kanpo-zabalkunderako hainbat jarduera martxan jartea eta bultzatzea.

Hiru azoka garrantzitsuenetan izango da "Euskadiko Soinuak" programea, musika sektorean nazinoarte mailako hiru garrantzitsuenetan hatan be. Beste urteetan legez, irailaren 16, 17, 18 eta 19an ospatu dan Mercat de la Musica Viva de Vic azokan egon barri da. Hamaseigarren edizino honetan penintsulako leku desbardinetatik joandako enpresa ugari bildu ziran. Hartu-emonetarako lekua dogu Vic urian ospatzen dan azokea, eta eguneko feriaz gan, azokeak iraun dauzan lau egunetan arratsalde eta iluntze aldean 100 kontzertu baino gehiago ikusteko aukerea egon da.

Irailean bertan, 29tik urriaren 1era arte, Berlinen Popkomm jaialdia ospatuko da eta "Euskadiko Soinuak" bertan egongo da. Feria honek garrantzia berezia dauka mundu mailan, Europako eta nazinoarteko musika industrian parte hartzen daben enpresarik garrantzitsuenak han batzen dira-eta. Lehenengo urtea izango da "Euskadiko Soinuak" Popkomm-era doana.

Hirugarren bilgunea Midem 2005 azokea izango da, urtarrilaren 23tik 27ra, Frantziako Cannes urian ospatzen dana. Hogeita hemeretzi edizino bete dauz eta garrantzi handia daukan azokea dogu berau. Europako musika industria osotzen daben hainbat atal batzen ditu eta laugarren urtea da "Euskadiko Soinuak" programeak bertan parte hartzen dauana.