Brasil (I): Sao Paulo
Darcy Ribeirorena izan zan Memorial da America Latina egiteko ideia. Hegoamerikako eta Amerika erdiko herri guztiak batzea eta euren eskubideak defendidutea zan helburua, herrietako egoerea bardintsua zana baekien eta. Holan ba, herrietako ikuspegia zabaltzen saiatzen dira. Berbarako, eraikinetako batean Mexikoko, Ekuadorreko, Boliviako, Peruko, Guatemalako eta Brasileko hainbat kultura jasoten dabez, musika-tresna, jazkera, erreminta eta abarren bidez.
Azokak be badagoz, eta domekan artisautza azoka batera joan naz. Danatarik egon da han, baina, batez be, pinturak eta pintoreak. Pintore gazteak, zaharrak, baltzak, zuriak, orientalak, andrak eta gizonak. Sao Paulon moduan, danatarik, eta estiloak be askotarikoak dira. Batzuk onak, eta beste batzuk, ez horrenbeste. Artisautzea be badago, lepokoak, eraztunak, erropak, boltsak, etxeko gauzak eta jatekoa. Azken horretan be danatarik daukazu aukeratzeko: Asiakoa, Brasilekoa, Afrikakoa... Plazan musikea be badago, eta baita entzuleak be. Bandea bossa nova antzeko musikea joten egon danean, jentea ikusten egon da. Gero, Peruko talde bat etorri da, eta publikoa entzuten geratu da, baita Paraguaiko talde bat etorri danean be. Jentea geratu egiten da, eta luzaroan egoten dira entzuten. Neu be bertan jesarrita egon naz, musikea entzuten eta jenteari begira. Aurrean gizon bat edari latak saltzen ikusi dot; fresko eukiteko, izotz-bloke bat dauka ganean eta latei eragiten deutse. Han ikusi dot, baita, gizon zahar bat, lepoa makurtuta, bera baino erropa zaharragoakaz, lepoan loro bat eukala.
Uria ikusteko Sao Paulon dagoan eraikinik altuenera joan naz. Metrotik urten eta bidea hartu dot. Aparta izan da metrotik eraikineraino ikusi dodana: eskaleak, artisautza-saltzaileak, sex-shopak, nesken showak eta pelikulak, dendak. Sao Pauloko burtsako kanpoaldean gizon gazteak dagoz, jaka barik, alkondara zuriakaz eta gorbatakaz, taldeka berbetan. Handik goitik Sao Paulo ikusi dot, baina ez osorik, kutsadurea handia da eta. Geroago jakin dot poluzinoa hain handia izaten danez, lainoak 50 metrotik gora egoten dirala udan; gaur 450 metrora egon dira gitxi gorabehera, eta horregaitik ezin izan dodaz ikusi Sao Paulo inguruan dagozan favelak.
Handik urten eta japoniarren auzora joan naz. Izan be, Inglaterran Sao Pauloko japoniar bat ezagutu neban. Beraren gurasoak lanagaitik hara joan ziran, eta banekian Sao Paulon dagoala munduko japoniarren koloniarik handiena. XX. mendean japoniar franko etorri zan hona nekazaritzan lan egiteko, Japoniako pobretasunetik igesi. Asko eta asko hemen geratu ziran. Metro geltokian igarten da auzoan nagoala, begiak, ibilkerea, ulea eta jazteko erea: dana desbardina. Apur baten Japoniako uri bateko auzoa zelakoa izan daitekeen imajinau zeinke. Kaleko kartelak be bi hizkuntzetan daukiez, eta hainbat jantoki dagoz. Dendetan Japoniako aldizkariak, kimonoak eta artisautzea saltzen dabe. Japonia txiki bat izango balitz moduan.
Iratxe Ormatza
Hamazortzi miloe persona bizi dira Sao Paulon, Euskal Herrian baino sei bider gehiago. Munduko txoko guztietatik etorritako jentea ikusten dozu kalean: arraza guztiak eta arrazen arteko nahasketa ederra. Harrigarria, zoragarria.
Sao Paulo daukazan museoengaitik da ezaguna. Eta hori izan da hona etorteko arrazoi nagusia. Museoek bilduma onak daukiez, aro eta estilo guztiak hartzen dabezanak. Brasileko artistak be badagoz, eta lan ederra egiten dabe. Edo niri sikeran gustau egin jat. Museo de Sao Paulo ikusi dot lehenengo, museoen erreketan mobiduten hasteko. Batez be, Brasileko pintoreen eta eskultoreen lana ikusi dot. Ederra. Arte-galerietara be joan naz, eta Museo de Sao Paulon ikusi nebana barriro ikusi dot brasildarren pinturetan: argitasuna.
Memorial da America Latina Noemeyer arkitektoak sortu eban lekua da, zortzi eraikin guztira. Noemeyer bera izan zan Brasilia sortu ebana Amazonasen erdian. Memoriala ederra da, eraikinetako hormak zuriak dira eta formak kurboak dira, goxoak. Leku baketzua da. Han, beste erakusketa bat ikusi dot, Di Calvitini pintorearena hain zuzen be. Di Calvintini maiteminduta egoan Brasilegaz, eta argi erakutsi eban koadroetan. Beraren ustez, neska mulatoak Brasileko ikur ziran, ez ziralako ez zuriak ez baltzak, ez aberatsak ezta pobreak be. Jantzan egitea gustetan jake, baita musikea eta futbola be, brasildarren antzera.