Txema Aldamiz: 'Euskal pelotea gure ondarea da eta hori ez dago ukatzerik'
Jose Ramon Garai, gaur egun Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaria danaren lekua bete dau Txema Aldamiz jaunak, eta karguan hilebete gitxi egin badau be, buru-belarri sartuta dago pelota munduko zereginetan. Gaztea dogu Txema Aldamiz, 30 urteko bilbotarra eta lanbidez abokatua.
1. Ezer baino lehenago, kontaiguzu kargua hartu eta lehenengo pausuak zelakoak izan ziran, eta orain arte egindakoaz zelako balantzea egiten dozun.
Kargua orain sei hilebete hartu neban eta hasikerea nahikoa gogorra izan zan mahai ganean postura asko egozalako; dana dala, orain emoten dau gauzak asko normaldu dirala, eta balantzea egiteko goizegi izan arren, erronka edo zeregin guztiak gogoz hartu dodazala esan behar dot.
2. Pelota jokoa aspaldiko kontua da. Erromatarren sasoian benetako indarra hartu eban, baina hutsik egiteko arrisku barik esan leiteke lehenago beste zibilizazino batzuek be era askotako pelota jokoak praktiketan zituela. Edozelan be, euskal pelotea Euskal Herrian sortutakoa dogu eta, jakina, beti izan doguz gure artean izar eta txapeldun handiak; zoritxarrez, azken aldian, Bizkaia mailan hutsunea igarten da eta pekatu handia izango litzateke Imanol Agirre, Karmelo Ariznabarreta, Oier Zearra eta beste batzuen beharra ez onartzea; baina inori ezer kendu barik, gaur egun pelotaririk handienak nafarrak, gipuzkoarrak eta errioxarrak dira. Zergaitik ez da sortzen Bizkaian gaur egungo izarrei aurre egingo deutsen benetako erreferente bat?
Aitatu dozuzan izen horreek moda-modan dagoz, eta azken hamar urteotan egindako beharraren frutua dira, baina beste batzuk be badagoz eta joko ona erakusten ganera; nik esango neuke, belaunaldi ona daukagula orain beharrean eta emoitzak geldiro-geldiro etorriko dirala; horrezaz ziur nago. Bizkaian oso ondo lantzen da pelotea eta, ume, kadete eta gazte mailan Bizkaian beti izan da maila polita, batez be eskuz. Hori bai, egia da momentu jakin baten saturazinoa izan zala; orain 3-4 urte, enpresen banaketea tarteko, pelotari askok debutau eben; gaur egun, ostera, askozaz gatxagoa da debutetea.
3. Gizarteko ganerako sektoreetan legez, urteen podezuz eboluzinoa sekulakoa izan da kiroletan be (teknikea, materiala, publizidadea...); baina emoten dau pelota arloan gauzak ez dirala horrenbeste aldatu, beharbada, mundu honetan diru larregi ez dalako mobiduten?
Duda barik, futbolean dabilen diruaren laurena be ez dabil pelotan. Egia da, materialaren arloan pelotea nahikoa zahartuta dagoala eta material barriak homologetako premina larria ikusten dogula; material merkeago eta erresistenteagoen bila gabilz eta ikerlanak be agindu doguz. Orain urtebete pasatxu, Eusko Jaurlaritzearen Euskadi-Akitania diru-laguntzinoen bitartez, hitzarmena sinatu gendun Frantziako Federazinoagaz batera pelotea material sintetikoakaz egiteko. Horretan gengozan, baina aurten, ezustean, Frantziako Federazinoak atzera egin eta ez dau kontratua barriztau gura izan. Halan da be, nire uste apalean, laster ikusiko doguz emoitzak: narruzko pelotea baztertu barik, material sintetikoez egindako peloten beharrizana ikusi dogu, batez be entrenetako eta pelotari guztiak frontoietara erakarteko, ze kontuan hartu behar da pelotea nahikoa karua dala; erremintan, berbarako, narruzko pelotea partidu baterako edo, asko jota, partidu bitan erabiltekoa baino ez da. Material sintetikoagaz egindako pelotak, ganera, ez dira hain gogorrak izango, eta eskuak 'apurtzeko' bildurrik be ez da egongo.
4. Diru larregirik be ez eben irabazten antxinako pelotariek. Sinatu eban lehenengo kontratuaren arabera, Jose Mari Palacios 'Ogetak' esaterako 1.200 pezeta irabazten zituan partiduko, nahiz eta 5-6 hilebete geroago 5.000 pezeta irabazi partidu bakotxeko. Gaur egun, ostera, pelotari batzuk profesionalak dira, eta futbol jokalarien dirutzarik jaso ez arren, polito antzean bizi dira...
Bai, batzuk bai eta, batez be, esku pelotan dabilzan pelotariak, baina profesionalen artean momentua ez da lar ona, eta palearen eta zestearen edo xixterearen egoerea gogoratzea baino ez dago. Gaur egungo gizartean komunikabideek agintzen dabe, batez be telebistak, eta ez dago ukatzerik horri esker peloteak sekulako zabalkundea izan dauela; esangura horretan, pelotariak produziduko dauenaren neurrian kobrauko dau. Futbolaren munduan, gauzak berrikusten dabilz orain, besteak beste, futbolariek diru gehiegi kobretan dabela eta etxe handiek publizidadeagaz esaterako ez dabela horrenbeste ataraten ikusita. Nik ez dakit hori pelota mundura be ailegauko dan ala ez, baina oraingoz pelotari batzuk oso ondo bizi dira eta ona da hori, pelotari gazteentzako erreferente diralako, besterik ez bada maila horretara heltzeko gogoz ekin daiotsen peloteari.
5. Herririk-herri, pelota eskoletan jente asko dabil, afizino handia dago eta emoten dau etorkizuna ziurtatuta dagoala, baina beheko mailetatik gora egiten dabenak oso gitxi dira eta asko, ostera, adin batera heldu eta pelotea bertan behera ixten dabenak. Zer egin behar litzateke hori ebitetako?
Momentu honetan ia Euskal Herri osoan, esku peloteak agintzen dau, eta beheko mailetan gehienak horretan dabilz. Egia da gazte mailara heltzen diranean, askok baztertu egiten dabena pelotea, eta gu jaubetu gara horrezaz. Pelotariak pelotea zehatz ez daiala baztertu, horixe da gure erronkea; berbarako, esku pelotea ixten dauen pelotaria beste modalidade baterako ona izan daitekela uste dogu. Oso garbi ikusten dogu prozesua. Edozelan be, edade jakin batera heldu eta kirola ixtea gauza normala da, eta ez pelotan bakarrik; nik uste dot kirol guztietan pasetan dala eta, beraz, gogoeta sakona egin behar geunke danok be gazteek zergaitik emoten daben pausu hori zehazteko. Aparteko ahaleginak egin beharko doguz gazteak kirol mundura erakarteko.
6. Zesteak edo txistereak be asko galdu dau orain urte batzuk eukan ospe eta indarragaz alderatuta, eta pala jokoak be ez dauka jarraitzaile larregirik. Zer egin daiteke modalidade honeek eta galbidean dagozan beste batzuk bultzatzeko?
Afizionatu eta profesionalen mailak bereiztea derrigorra da. Emoten dau esku pelotea osasuntsu dagoala; telebistan asko agertzen da, eta esan leiteke gauzak bideratuta dagozala; baina argi dago afizionatuen mailan gauzak ez dagozana hain ondo, eta adituek esaten dabe kalidadea falta dala. Profesionalak egoteko, ezinbestekoa da beheko mailetan jente asko ibiltea, eta maila onean. Lehen be esan dot telebistak agintzen dauela eta, jakina, telebistak espektakulua gura izaten dau, eta palearen kasuan, gatxa izaten da tantu politak ikustea; atzetik ezker hormatik pelotea ataratea meritu handikoa da, baina gehienetan tantu luzeak izaten dira, eta akatsak ugari. Zestearen kasuan, hain modalidade ikusgarria izanda, ez dot aitzen zelan ez dan telebistan saltzen.
7. Azken hilebeteotan, Abel Barriola eta Mikel Goñi izan doguz protagonista. Abel Barriola txapeldun handia da eta Mikel Goñi bera be nozonoz pelotari handia izan daiteke. Dana dala, Mikelen kasuak mesede baino gehiago kalte egin deutso pelotearen irudiari; zer pentsetan dozu gai honetaz?
Peloteari baino gehiago, Mikelek bere buruari egin deutso kalte. Mikelen kasua nahikoa bakana eta berezia da. Pelotari eta persona handia da, eta posibilidade handiak ditu aurrera egiteko, baina penea da aukera handiak dituan pelotari batek ahal dauen guztia ez emotea. Mikelek bere burua jagon beharko dau, ze Mikel desagertuta be, peloteak aurrera egingo dau.
Abel Barriolaren kasua harrigarria da, eta nik uste dot aurten buruz buruko txapela eta Nafarroako lau eta erdi barruko txapelketea irabazita, aurrerantzean be gauza asko lortuko dituala.
8. Enpresen arteko tirabirak be ez dira samurrak izaten, eta konponbidea ez da erraza. Tirabira honeetan eta pelotarien eskandaluetan federazinoak badauka esku hartzeko aukerarik?
Kargua hartu nebanetik nire asmoa ez da izan enpresario beharra egitea. Nik garbi euki dot federazinoak bere aldetik zeregin batzuk dituana, eta enpresek euren beharra; federazinoak laguntzinoa emon behar dau bien arteko hartu-emonak ahalik eta onenak izan daitezan. Orain urte batzuetako tirabiretan federazinoaren beharra garrantzitsua izan zan, eta neurri baten horri esker bestelakoa da gaur egun egoerea. Enpresen arteko Alkartearen aurkezpena oraintsu izan da, eta duda barik, erakunde honek zeresan handia izango dau pelotearen etorkizunean. Jakina, federazinoak alkarte horregaz formazino eskubideak adostu beharko ditu, ze, gure ustez, enpresa horreek harrobitik ataraten dabez pelotariak, eta harrobia geuk lantzen dogu. Orain arte formazino eskubideak garatu barik egon dira, eta guretzat ezinbestekoak dira. Bestalde, profesionaletan, ikuskizuna bermatze aldera, araudi aldaketea, epaileak be federazinoko estamentua izanda, tratamentu berezia merezidu dabe, eta kirol disziplinearen gaia eta halakoak be danon artean adosteko kontuak dira.
9. 1882an Buenos Aireseko Euskara Plazak ateak zabaldu eta euskal pelotariak gure mugetatik kanpo jokatzen hasi ziran profesionaletan. Kontuak kontu, gaur egun euskal pelotariek ezin dabe oraindino nazinoarteko txapelketetan Euskadiko selekzinoagaz parte hartu, Euskal Herriko Kirolaren ganeko bagilaren 11ko 14/1998 Legeak kontrakoa esan arren. Erabagi politikoa falta da, baina Madrilen ez dago ezelako borondaterik...
Argi dago, gaia politikoa da. Guk kirol arrazoiak erabili doguz beti eta alde horretatik, euskal selekzinoa ukatzea ez da bidezkoa, kontuan hartuz euskal pelotariak kenduta Espainiako Federazinoa indar gitxikoa dala. Konponbidea lortzeko ahaleginetan gabilz, eta gure estrategia garbia da: buruen dimisinoak tarteko, nazinoarteko federazinoan botere-hutsunea sortu da eta erakundea oso ahul dago. Nazinoarte mailan gora begira gelditzen bagara, pelotea hilteko arriskua ikusten dot. Orain markautako bidea okerra da, eta gu ez gara hortik joango.
10. Oso oker ez bagagoz, 1929an sortu zan Euskal Pelotearen Nazinoarteko Federazinoa, eta gaur egun oinarri historiko eta kultural sendoak izan arren, euskaldunak izan ziran eta kirol honen sortzaileak, Euskadiko Euskal Pelota Federazinoa ez da eskubide osoko kide Nazinoarteko Euskal Pelota Federazinoan. Fikzinozko kontua emoten dau.
Bai, bai. Argi dago, euskal pelotea geure ondarea da, eta hori ez dago ukatzerik. Pelotea nazinoarte mailan zabaldu bada, guk zabaldu gendualako izan da, eta orduan gure kontra egitea ez da zentzunezko kontua. Euskal pelotearen sortzaileak izanda, munduan zehar pelotea berrindartzea gure zeregina dala uste dot.
11. Hasikeran Bilbok bere hautagaitzea aurkeztu arren eta tartean upealako polemikea izan ondorik, azkenean, Munduko Pelota Txapelketea Iruñean jokatuko da datorren abuztuaren 21etik 31ra bitartean, eta 17 herrialdetako 385 pelotarik hartuko dabe parte.
Bilbo lako uriak frontoiak behar dituala esango neuke, eta Bilboren hautagaitzeagaz aukerea egon zan frontoiak eregiteko, eta hor kalte handia jaso genduan; dana dala, irregularidade handiak egon ziran, gutun lakratuak zabalik agertu ziran eta, era horretara, informazino sekretua jasota, ganerako hautagaiek aukerea izan eben euren hautagaitzak hobetzeko. Gaia epaitegietara heldu zan, baina bai epaitegiak eta bai Kiroletako Kontseilu Gorenak (CSD) erantzun bera emon eben, hau da, gaiari konponbidea emoteko ez zirala eskudunak, nire ustez irregularidadeak ondo probautakoak izan arren. Aspaldiko kontua da, eta beraz, ahaztu daigun.
12. Gaia aldatuta, Julian Retegi aitatu gura dot, azken urteotako txapeldun handia, agurraren ondorik, kazetari eta Asegarceko aholkulari tekniko beharretan dabilena. Retegik oraintsu egin eutsien alkarrizketa baten esan eban pelotea artea dala, baina azken aldian pelotearen esentzia galdu egin dala. Zein da zure eretxia?
Retegik esan badau, hori 'Jaungoikoaren legea' da. Bat nator Julian Retegigaz. Lehen be zeozer esan dot, esku pelotea goi mailan egon arren, beheko mailetan falta dala esentzia zeozelan esateko. Beste alde batetik, gaur egun aurrean baino gehiago atzean jokatzen dira partiduak, espektakuluaren kalterako. Hori bai, kirol guztietan lez, zikloak dagoz pelotan be, eta laster, beharbada, jokatzeko beste modu batzuk ikusiko doguz.
13. Aurrera begira, ze proiektu edo ze asmo daukaz orain buruan Txema Aldamizek?
Erronka nagusia euskal selekzinoarena da. Iruñeako Munduko Txapelketea hor dago, baina hori baino lehenago nazinoarteko ez ohiko bilera deialdia lortu dogu Nazinoarteko Federazinoaren estatutuak aldatzeko eta, holan, gu geu be eskubide osoko kide izan gaitezan. Hitzordua Venezuelan, Karakasen izango da abuztuaren 5ean.
14. Pelotea artea dala esan dogu lehentxuago eta, horrenbestez, pelotariak artistak dirala esatea ez dago txarto. Txema Aldamiz artistea da?, Pelota jokoan ibilten da?
Bai, pelotan astero ibilten naz, gitxienez astean behin, baina ez naz inondik inora artistea; Alonsotegiko zein Deustuko frontoian ibilten naz martitzenero.
Koldo Isusi Zuazo