Gatzaren matxinadea
Egoereak holan segidu eban hurrengo urtera arte. 1632ko urrian Erregearen ordezkari barriak, hau da, korrejidoreak, gatzaren dirua gitxitzeko neurri eta legeak onartu ebazan. Kontrakoa emoten badau be, Erregearen ordezkariak emondako aginduek barriro be gatzaren ganeko zergea ezartzen eben. Hau ikusita, barriro be milaka bizkaitar batu eta lehengo Erregearen aginduen barri emoten eben agiriak erre egin ebezan Bilbon. Ostean, gatza gordeta egoan biltegietako ateak apurtu eta zabaldu ebezan. Gero Bizkaiko uriburuan egozan Erregearen ordezkari eta aldeko guztien atzetik joan ziran. Euretariko bat, Domingo Castañeda, auzitegiko kidea, atrapau eta hil egin eben. Honezaz gan, beste etxe asko be hutsitu ebezan. Erregeak ez eban gura arazoa larritzea, baina aldi berean, ez eukan atzera egiteko asmorik. Gauzak holan, ordezkari bi bialdu ebazan, bata aurreko urtean korrejidorea izandako Morales eta bestea Ciudad Realeko Dukea, Idiakez euskalduna.
Baina ordezkari bien lana ez zan bape erraza izan, Erregeak arazoa konpontzeko asmorik ez eukala eta, ez eutsien agindu argirik emon, ezta gauzak eztabaidatu edo erabagirik hartzeko aukerarik be. Atoan konturatu ziran honetaz bizkaitarrak eta hurrengo Batzar Nagusian, 1633ko zezeilean eta martian, korrejidore barria izan zan Moralesen kontra egin eta Erregeak emondako aginduen kontra hainbat lege onartu ebezan batzarrean egozan Bizkaiko herrietako ordezkariek. Onartutako legeetatik batek baino ez eukan gatzagaz zerikusia. Holan ba, ikusi geinke zelan gatzaren matxinada honetan beste arrazoi batzuk be badagozala, besteak beste, foruen defensea, pobreen aldeko burrukea, Bizkaian ziran ohitura eta “betiko“ bizimoduaren defensea berbarako.
Baina Erregea ez egoan atzera egiteko prest eta hurrengo hilabeteetan Bizkaian, eta batez be Bilbon sartzen ziran merkataritzarako gauzen kontrako blokeoa ezarri eban. Holan, Bilbao bertako ekonomia eta Bizkaia guztikoa itota itxi ebazan.
Gauzak okerrera joiazala ikusita, Bizkaiko Aldundiak ordezkariak bialdu ebazan Madrilera, egoereari urtenbidea topau guran. Erregeak barriro be egoerea bere eskuetan eukala ikusita, Morales eta Idiakezi argibideak emon eutsezan, Bilboko jauntxoakaz batu eta matxinadearen nagusiak izandakoen kontra egiteko. Eta holan egin eben 1634ko maiatzaren 14ko gauean. Batzuk alde egin eben, baina euretariko sei bertan atrapau eta hil egin ebezan. Hiru egun geroago, Erregeak emondako aginduen bitartez gatzaren ganeko zergea bertan behera geratu zan. Era horretara, foruak errespetatzen ziran, eta Erregearen agintea be salbu geratzen zan.
Holan amaitu zan ba, bizkaitarrek euren foruen eta bizimoduaren alde egindako matxinadea.
Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko teknikaria
XVI eta XVII. mendeak astrapalatsuak izan ziran Europa osoan. Ordura arte jauntxoek menperatzen eben gizartea eta estadu barriak sortu eta indartzen joiazan, aginte politikoak eta ekonomia-ohiturak aldatuz.
Euskal Herrian be antzeko zeozer pasau zan. Mendez mende izandako ohituretan oinarritutako foru edo legeen arabera bizitera ohituta egozan herri eta eskualdeek arriskuan ikusi eben “betidanik” eurena izandako bizimodua. Baionan 1590ean, 1641ean edota 1665an, Tuteran 1654an edo Zuberoan 1661an izandako astrapalak, batzuk baino ez aitatzearren, izan leitekez egoera honen erakusgarri.
Bizkaian, antzeko zeozer ikusi geinke 1631an Gatzaren Matxinadea izenez ezagutzen dan gatzaren ganean iminitako zergearen kontra izandako astrapaletan.
Arazo honen hasikerea Erregeak eukan diru beharrizenean topau geinke. 1580an izandako krisialdi ekonomikoaren eraginez, Espainiako agintariek diru sarreren murrizketa garrantzitsua bizi izan eben. Egoera honeri aurre egiteko, Erregeak eta beraren lehenengo ministroa zan Olivares Conde-Dukeak argi euken zergak igon egin behar zirala. Euskaldunek ez eben zergarik pagetan, edo ez behintzat Espainiaren parte ziran beste lurralde batzuk pagetan eben moduan. Holan ba, Olivaresen lehenengo asmoa euskal lurrek be beste lur batzuk pagetan ebezan zerga bardinak pagetea izan zan. Asmo hau lortzeko, gatzaren ganeko zergea ezartzea pentsau eban. Baina euskal foruek, eta batez be Bizkaiko foruek, ez eben onartzen beste lur batzuk eukezan zerga bardinak ezartzea, zergak ezarri baino lehenago euskaldunen egoerara moldatu behar ziralako eta ganera euskaldunak ezin ziralako derrigortu zergak hartzera. Gauzak holan, Olivares Espainiako lehenengo ministroaren asmoak betetea ez zan bape erraza izango.
1631ko urtarrilean heldu zan Bilbora gatzaren ganeko zergearen barri. Lehenengo, estaduak kalean saldu eta erosteko egoan gatz guztia batu eta bere lonjatan sartu eban, hau da, gatzaren salerosketea estaduaren esku geratu zan. Bizkaitarrak ez egozan bape konforme hartutako neurriakaz, eta Bizkaiko Aldundiak ordezkari bi bialdu ebazan Madrilera, baina honeek ez eben ezer lortu. Ordurako gatzaren salneurria % 44 igon zan. Irailean Batzar Nagusiak egozan deituta. Bertan, mila personatik gora batu ziran, euren arma eta guzti, korrejidoreari zerga barria bertan behera ixteko eskatzeko. Azken baten, foruetan agertzen zan “ukapena”, hau da, “onartzen da baina ez da beteten” printzipioaren menpean erabilten zan pase foralaren arabera, ezer ez egitea eskatzen eutsen Erregearen ordezkariari. Hau ikusita, Erregearen ordezkariak momentuz, eta bere bizia arriskuan ikusita, zerga barria bertan behera ixtea onartu eban, Erregeak besterik ez esan arte behintzat.