Truman Capote
Idazleak autortu ebanez, bere uniberso literarioa umezaro haretako bakardadean eregi zan, amagaz senar baten etxetik bestera ebilenean. Arrazismoaren eta aurreretxien gunean, Amerikarik atzerakoienean, berak eregitako unibersoan.
Hamazortzi urte baino ez eukazala, The New Yorker egunkarian beharrean hasi zan, erredaktore. Handik hiru urtera, etorkizuna aurretik eta ausardia sobran eukala, kazetaritzearen munduan erreferentea zan egunkari ha itxi eta Miriam ipuina idatzi eban, O´Henry saria irabaziz eta kritikea bere aurrean makurtuz. Argitaletxeen mundua be laster jarri zan haren esanetara, eta ez zan denpora larregi pasau zinemak be lekua egin eutsan arte Truman Capoteren talentuari.
Capote esaldi bategaz definidu beharko bagendu, erraz eukiko geunke: “Alkoholikoa naz, drogazalea naz, homosexuala naz, jenio bat naz”.
Autobiografiatik asko daukan lehenengo eleberrian (Other voices, other rooms, 1948) homosexualidadearen gaia landu eban, eta aurrendaria izan zan horretan. Liburuak sortu eban astrapalea zala eta, milaka ale saldu ziran, eta Truman Capoteren izenak oihartzun itzela hartu eban Estadu Batuetako mundu literarioan.
Horren ostean, urte batzuk emon ebazan argitaletxeen mundutik aparte, Europatik bidaiatzen eta, gero, Playboy aldizkariko alkarrizketagile legez.
Tartean pelikuletarako gidoiak eta narrazinoak idatzi baebazan be, ospe handiena 1958an heldu jakon, Breakfast at Tiffany´s nobeleagaz. Handik gitxira, 1961ean, obra horrek entzute handiagoa hartuko eban, Black Edwardsek liburua zinemara eroan ebanean, Audrey Hepburn eta George Peppard aktore lanetan iminiz.
Edozelan be, kritikearen eritxiz, In cold blood (1966) kronikea da haren lanik aitagarriena. The New Yorker egunkariaren enkarguz idatzitako lan horretan, Capotek, sei urtez, Clutter familiaren hilketa ikaragarria barru-barrutik ikertu eban. Auzokoakaz alkarrizketak euki ebazan eta hiltzaileakaz be hartu-emonetan egon zan denpora guztian, goi mailako testigantzak eskainiz eta, bide batez, kazetaritzea eta fikzinoa buztartzen ebazan generoa inauguratuz. Richard Brooksek eroan eban gero pantaila handira.
Gero beste makina bat lan etorriko ziran, tartean amaitu barik geratutako Answered prayers eta inongo generotan sartzen ez dan Music for chameleons (1980).
1984ko udan hil zan, beti legez zeresana emonda: lodi, pilula mordoa hartuta, burua galduta eta amaren ganean geratu barik berbetan pasau ebazan azkeneko orduak. Medikuak etorri jakozanean, ez eutsen etxean sartzen itxi. Holantxe hil zan, showaren erdian, Estadu Batuek sekula euki daben lumarik zorrotzenetakoa.
Horrezaz gan, Every Word is True, idazlearen ganeko filma egingo dabela jakin barri da. Douglas MacGrathek zuzenduko dau, eta Sandra Bullock izango da protagonistetako bat, Harper Lee idazlea izango baita filmean. Capoteren rola Toby Jones aktore britaniarrak egingo dau. Ganera, Gwyneh Paltrow aktore ezaguna be ikusi ahal izango dogu, hiru minutuz baino ezpada be, Peggy Lee abeslaria interpretauko dau berak eta. 'This Thing Called Love' kantea abestuko dau, hiru minutuz, eta hiru miloe euro kobrauko dauz 'lanagaitik', zinearen historian agerpen labur batengaitik pagauko dan dirutzarik handiena hatan be.
Julen Gabiria
XX. mendeko Ipar Amerikako letren enfant terriblea, kazetaritza barriaren sortzailea, idazle zorrotz eta ahaztua. Horixe da, besteak beste, Truman Capote (1924-1984). Aste honetan beteko leukez 80 urte, orain dala 20 hil izan ez balitz.
Hain zuzen be, bere garaiko idazlerik aitagarrienetakoa dan hau 1924ko irailaren 30ean jaio zan, Louisianan, eta umezaro bakarti eta korapilotsua bizi izan eban: gurasoak bananduta, alkoholismoa familian, suizidioa hurretik ikusi beharra... Ipar Amerikako hegoalde sakoneko beste idazle batzuek inguru hareetako giro mitikoa erakutsi eben moduan, Truman Streckfus Pearsonek (holan deitzen zan benetan) bakardade mingarria baino ez eban erakutsi, ez eukan-eta besterik bakardadea baino. Ama bigarrenez ezkondu zanean, Joseph García Capote kubatarra hartu eban senar, eta harengandik hartu eban idazleak abizena.