Bertso-eskolen Topaketa Durangon
Bertso-eskolen web-gunea
Zapatuko parrandearen osteko ajeak ondo gaindituta, domekan bertso-eskolen web-gunearen aurkezpena egin zan. Web-gune hau www.bertsozale.com gunearen barruan sortu da eta bertso-eskoletako ikasleentzako pentsauta dago batez be. Diseinu eta egitura atseginak daukaz eta bertan atal interesgarriak topau geinkez: bertso-eskolen datu-base oinarrizkoa eta mapa, Lorontzia (ikasleek alkarri mezuak bialtzeko posta), Seiko Motza (ikasleentzako aldizkako argitalpena, inkestaz, argazkiz, bertsoz eta bestez osotua), bertso-jolasak, lanerako tresnak (atal hau irakasleentzat pentsatua dago), foroa (bertso-eskolen posta zerrendea) eta agenda. Gune dinamikoa da bertso-eskolena eta informazinoa emoten dauan moduan hartu be egin gura leuke, horretarako bideak asko izanik: foroan parte hartzea ez eze, web-gunera bertso-eskolen inguruko datu barriak edo aldaketak bialdu leitekez, baita bertso-sortak eta agendea osotzeko informazinoa be. Durangon batutakoek aukerea euki eben ordenagailuetan web-gune barrian arakatzeko. Zuok be aukerea badaukazue, daborduko aktibauta dago eta web-gunea. Helbidea: www.bertsozale.com/bertso-eskolak.
Harrera polita izan dau V. Bertso-Eskolen Topaketak. Herrialde desbardinetako irakasleen ohiko topaleku bihurtu da eta gipuzkoarren eta bizkaitarren presentzia nabarmenagoa espero bazan be, herrialde guztietako ordezkaritzea izan da bertan eta giro ezin hobean pasau dabe asteburua. Eta gehiago be bada, bertso-eskolak emoteko kargauta eroan dabez biak, pilak eta motxilea.
Iñaki Aurrekoetxea
Ikasturte barriaren atarian ohikoa bihurtu da irakasle askorentzat Bertso-Eskolen Topaketa. Aurten Bizkaian batu dira, Durangoko Errotagaña Aterpetxean, irailaren 18-19ko astegoienean. Hogeita hamar bat irakasle eta eragile izan dira Durangon, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Transmisio Batzordeak preparautako egitaraua osotzeko. Azken urteetako bideari eutsi deutso Transmisio Batzordeak, eta aurten be irakasleen preparazinoa eta baliabideak izan dira Topaketaren ardatz. Bi gai nagusi jorratu dira: ahozkotasunaren aplikazino didaktikoa eta bertso-eskolen web-gunea.
Egaña irakasleen maisu
Aurreko urteetan bertso-eskolarako lan-gida eta programazinoak landu ostean, aurten metodologia jakin bat landu nahi izan da, hain zuzen be Joxerra Gartziak eta Andoni Egañak, besteak beste, sortutako ahozkotasunaren didaktikarako metodologia. Egaña berak emon eban Topaketako sarrera hitzaldia. Azaldu eban zortzi urte lehenago Joxerra bere tesian murgilduta egoala, eta Matias Mujikaren libelo ezaguna giltzarri izanda, bertsoaren azterketarako moduaz eukien ardura bati erantzuna topau eutsiela: bertsoaren azterketan testuinguruak bere garrantzia dauka eta ezin leiteke parametro poetikoetatik bakarrik aztertu, poesiak besteko pisua dauka-eta erretorikak. Ondorio honetatik abiatuta, bertsoen komunikazino estrategiak lantzen hasi ziran eta Bertsozale Elkartearen laguntzaz hezkuntza arauturako Ahozkotasuna Proiektua garatu eben, 12-16 urteko ikasleentzako metodologia bat sortuz, bertsogintzatik komunikazino estrategiak ikasi eta bestelako komunikazino ekintzetan apliketako. Ahofitxak dira metodoaren oinarri didaktikoa.
Topaketaren helburua ahofitxen metodologia hori bertso-eskoletara egokitzea izan da. Egañak argi itxi eban komunikazino arrakastatsurako estrategiak, artifizioak, ikasi egiten dirala eta bertso-eskolen ardurea izan behar dala bertsolari izan gura dauan ikaslea estrategia horreetan trebatzea. Adibide argigarria erabili eban: maratoia preparetan ari dan korrikalariak ez dauz maratoiak korritzen entrenamentuetan, beste gauza asko egiten dauz, abdominalak esaterako, eta abdominalak egitea ezinbestekoa da maratoia ondo egiteko. Bertsotan albo-ariketak izango leitekez abdominalak, estrategia eta arlo tekniko desbardinak lantzen dabezanak. Bertsotan trebatu gura dauanak biak egin behar ei dauz, simulazinoa eta disimulazinoa, bertso-saioen baldintza antzekoetan kantatuz kilometroak egin (simulau) eta bertsoaren aspektu konkretuak landuz abdominalak egin (disimulau).
Ahofitxetatik bertsofitxetara
Ahofitxetan bertsogintzearen abdominalak lantzeko aukera zabala dagoala ikusita, bertso-eskoletarako egokitzapena bilatu da. Egañaren hitzaldiaren ostean, irakasle talde batek egokitutako bertsofitxak aurkeztu ziran eta eredu moduan hartu ziran arratsaldean lan-taldeetan barriak sortzeko. Ohiturea da Topaketan herrialde desbardinetako irakasleak alkarregaz nahastau eta lan-taldeak sortzea, esperientzia trukaketa interesgarriak emoten dira eta egindako lanak aberastasun horren zantzuak bereganatzen dauz. Eguerdian bost bertsofitxa izan baziran aurkeztutakoak, zapatu arratsaldean lan-taldeetan osotutako beste bost aurkeztu ziran, eta honeeri azken orraztua emon beharko bajake be, Durangora hurreratutako irakasleek material polita batu dabe nork bere bertso-eskolan erabilteko.
Didaktikea baino gehiago be izan zan Errotagaña Aterpetxean. Zapatuan bertan bertso-eskoletako eragileak bertan zirala aprobetxauta, Bertsozale Elkarteak 2005eko Txapelketa Nagusiaren lehen aurkezpena egin gura izan eban, eta Andoni Otamendik antolaketa lanen barri kontau eban. Talde antolatzailea izentauta dago eta txapelketea diseinu fasean dago. Entzuleen artean bertsolariak baziran (Jon Martin, Miren Artetxe, Amaia Agirre, Estitxu Arozena, Xabi Paia...) eta gaiak interes handia piztu eban. Oraingoz, gauza bakarra dakigu, Euskal Herriko txapeldunaren izena 2005eko abenduaren 18an ezagutuko dogu.