Donostia Zinemaldiaren 52. edizinoa abiada bizian
3.000 ikusle
Anoetako belodromoa be zine onenaren lekuko izango da. 400 metro karratuko pantaila erraldoian 3.000 ikusle baino gehiagok hainbat estreinaldi ikusiko dabez. Horrezaz ganera, astelehenetik barikura, etxeko txikienek zazpigarren arteaz gozau ahal izango dabe. Gipuzkoako 25.000 ikasle hurreratuko dira belodromora eurentzat beren beregi preparautako emonaldiak ikusten.
52. edizinoko Donostia Sariak Woody Allen, Anette Bening eta Jeff Bridges aktoreentzat izan dira. Kursaal Jauregian jaso dabez hirurek euskal ikusleek euren beharrari eskainitako sariak. Era berean, Anthony Mann handiari be omenaldia egingo jako berari buruzko Atzerabegirakoaren bitartez.
Joseba Terreros
'Melinda and Melinda' Woody Allenen azken lanagaz emon deutsie hasikerea zine jaialdiari. Edegiera ekitaldian Allenek Donostia Saria jaso dau Pedro Almodovar zinemagilearen eskutik. Hilaren 25era bitartean, 16 film lehiatuko dira sail ofizialean
Bederatzi egunean, uriko zine aretoak eta beste hainbat leku munduko zinerik onenaren lekuko izango dira. Emonaldi ugari izango dira eta estilo desbardinez gozetako aukerea izango da. Sail Ofizialean Urrezko Maskorra eskuratzeko lehiatuko diran filmez ganera, Zabaltegin eta Horizontes Latinos sailetan be hainbat pelikula ikusi ahal izango dira. Azken sail horretan esaterako, film latindarrak ikusi ahal izango dira.
Guztira, 16 pelikula lehiatuko dira Sail Ofizialean. Aurtengo epaimahaia Mario Vargas Llosa, Ymani Benguigui, Tom Dicillo, Marta Esteban, Laura Morante, Eduardo Serra eta Dito Tsintsadzek osotzen dabe. Eurek erabagi beharko dabe norentzat izango dan aurtengo Urrezko Maskorra. Sail Ofizialean ikusi ahal izango diran lanak ondorengoak dira: Una mujer difícil, Being Julia, Bombón el perro, Brothers, El cielito, Spider Forest, Horas de luz, Clandestino, Mi padre es ingeniero, Nine Song, Omagh, Roma, San zimske noci, Silver City, Sumas y restas, Tarfaya, Turtles Can Fly eta Letter from an Unknown Woman.
Zabaltegi sailean, bestalde, gaur egungo hainbat produkzino ikusi ahal izango dira, eta baita beste zinema jaialdi batzuetan parte hartu daben filmak be. Askatasuna da sail honen ezaugarri nagusia; izan be, formatu, iraupen, estilo eta genero desbardinetako lanak ikusi daitekez Zabaltegin. Modu horretan, zinemaz zentzu guztietan gozetako aukerea dago.
Horizontes Latinos
Latindar lanak Horizontes Latinos sailean izango dira ikusgai. Sail horretan Estadu espainiarrean ezezagunak diran lanak emongo dira, guztiak Hego Ameriketan eginak, edota latindar jatorriko zuzendariek eginak. Era berean, munduko latindar komunidadeetan oinarritutako lanek be hartzen dabe parte bertan.
Barrikuntza modura, ostera, 52. Zinemaldiak Ardi Galduak izeneko ziklo bat eskainiko dau. Bertan historian pentsamentu bakarrak baztertu dauzan filmak ikusi ahal izango dira. Michaael Moore, Dusan Makavejev, John Waters, Pedro Almodovar, Marx anaiak, Luis Buñuel, Trey Paker, Ulrich Seidl, Todd Solondz... zuzendari askoren filmak emongo dira.