Zapaterok La Navalen ganean esandakoa sinisgarria ete?
Diru kontuak oso labankorrak dira, bai, baina are gehiago politikeagaz nahastauta dagozanean. Oraindino akordetan gara zelan orain urte batzuk Euskalduna zarratu eben beste leku batzuetako ontziolen mesedetan. Historia errepetidu egiten da. Orain Izar erakunde publikoko ontziolak multzo bitan banatu dabez. Batzuk sail militarrera pasauko dira eta hor egotearren diru-laguntzinoak hartu ahal izango dabez. Besteak, ostera, ontziola zibil legez mantenduko dira, konpetentziari zabalduta. Etorkizunean eukiko dabena argi dago: birmoldaketea, hau da, lanpostu galerea eta pribatizazinoa ala enpresea zarratzea. Galderea berehala jatorku burura: zeintzuk dira alde batera ala bestera joateko erispideak? Ez ete dira garrantzitsuak izango sozialisten interes politikoak erabagia hartzeko orduan?
Langileek aldarrikatzen dabe alor publikoan jarraitu ahal izatea baina bide antzua da hori. Enpresa publikoak gero eta gitxiago dira eta geratzen diran apurrak ezin dabe lehengo moduan lehiatu. Europako erakundeek ez dabez diru-laguntzinoak hain erraz emoten konpetentziari kalte egingo badeutsie behintzat, salbuespen gitxi batzuk kenduta.
Ezin da esan, beraz, etorkizun argia daukanik La Navaleko lantegiak. Nerbioiko Ibaiezkerrak beste zaplasteko bat hartuko dau. Langilerik zaharrenen itxaropena aurrejubilazino ona lortzea da. Ganerakoen etorkizuna ez dago bape seguru. Eta ez dot uste Zapaterok agindutakoak bidea erraztuko deutsenik. Madrilera bueltau eta berehala Espainiako Gobernuburuak SEPIren eskutan itxi eban arazoaren konponbidea. Biharamonean, Solbes ministroak kiebra egoerearen mamua astindu eban. Zapaterok esandako berbak sinisteko modukoak ete dira? Denporeak esango dau, baina sozialisten politika ekonomikoa eta birmoldaketea alkar lotuta dagozala emoten dau.
IƱaki Atxutegi
Euskadiko herritar gehienok pentsetan dogu datorren urtean izango diran hauteskundeak oraindino urrun dagozala. Edozelan be, ez dator bat eretxi horregaz Euskadiko Alderdi Sozialistako zuzendaritzea, martxan dago eta euren kanpainea.
'Patxi Lehendakari' lelopean ekitaldi handia antolatu eben Euskadiko sozialistek Bilbaoko Euskaldunan. Zapatero gobernuburu espainiarra be bertara hurreratu zan hautagaiari bere babesa emoteko. Danak arrosa kolorekoa emoten eban, baina mundu erreala ahalegindu zan jaia pikutara bialtzen. La Naval ontziolako langileak hor egozan, euren arazoa konpondu barik dagoala gogorarazo gura izan eutseen mandatari sozialistei.
Enpresa komiteko ordezkaritzea hartu eban Zapaterok. Promesa eta berba gozoak agindu eutsezan langilei mitinean: 'ontziolea salbauko dau gobernuak, salbazino operazinoa sindikatuakaz adostuko da eta ez da langilerik geratuko babes barik'. Eta berehala galderak: zelako konpromisoak hartu ditu Espainiako gobernuak? Zer pasauko da ontzioleagaz?
Ez da bape egoera gozoa La Navalek bizi dauana. Lan kargarik ez daukie, hau da, ez jake lanik emoten. Konpetentzia latza sufriduten dabe, batez be, Hego Korea, Japonia eta Estadu Batuetako ontzioletatik. Ganera, Aznarren gobernuak emondako diru-laguntzinoak bueltau behar dabez Europako araudiagaz bat ez datozalako.