Horren paraje, horren asago
Han kontau euskuenaren arabera, inoz euskaldunak pozik bizi izan ziran. Bizkaiko golkoan ibilten ziran geure arrantzaleak eta berton topetan ebezan baleak eta arrankariak; baina egun batean, balerik ez zan agertu han inguruan eta asago joatea erabagi eben. Eta asago. Eta asago. Akabuen Lontxo deunaren ibaian gora (auskalo zelan deituko zan garai haretan ibaia), Trois Pistoles parera ailegau ziran. Hasikerako hogeta hamar edo berrogei urteak baleak hartzen pasau ebezan, baina hango baleak be desagertu ziranean (euskaldunok be hankea sartzen dogulako), beste hogei urte pasau genduzan amerindiarrakaz tratutan, larruak hona eta hara.
Antza, bost-sei bale atrapetan ebezan geure arrantzale-arbasoek. Bale horreen haragia uretan egosi eta haren koipea upelatan sartzen eben. Barkua kargauta, gaur egungo 3.500.000 euroko balioa eukan harek merkantziak. Itsaso beteko poza etxerako, beraz.
Gauzek okerrera egin eben baina Champlain bialdu ebanean Frantziako erregeak. 1608an ailegau zan berau hara, hango aberastasunak martxan imini eta etxera ekarteko. Ordutik aurrera, euskaldunek zergak pagau behar ebezan erregearen lurretan arrantzan eta ehizan ibiltearen truke, baina ordurako be burugogorrak izanik, baleen hazurrak be ez geuntsezan itxi quebectarrei (autoktonoei zein besteei).
Eta azkenik, 1620 inguruan azkenekoz joan ziran euskaldunak bertara bale bila.
Arrazoiak ez dira falta behintzat ugartea Kanadako ondare nazional bihurtzeko. Txori migratzaileen babeslekua be bada gaur egun, baina zenbait txori eta animaliaz ganera, orduko euskaldunen labak eta beste aztarrena batzuk topau leikez bertan irlan. Lau laba dagoz hantxe, orain urte batzuk Laurier Turgeon Université Lavaleko irakasleak hainbat arkeologo eta bestelako adituakaz aztertu eta sailkatutakoak. Hari esker jakin zan euskaldunok Kanadan be historia egin genduna. Hala eta guztiz be, indusketak oraindino amaitu barik dagoz, baina diru-iturria ixten danean, adios, merci, bonsoir.
Eta orduan, zer eskatu behar deutsedan Juanjo eta Angelesi? Garbi dau kontua, ezta? Nork egingo dau euskaldunon alde, gu gerori ez bagara? Ene kapitain eta kontramaistra, handik ekarritako baleen maraukoak eurotan aldatu eta zergatik ez doguz SOS batzuk emoten hango ikerketagaz jarraitzeko? Behin enbaxada lako etxe edo ugarterik izango, eta ez ete dogu ha jagon behar?
Ez zan izango plan txarra.
Xabier Paia
Aste bete pasau da Quebecetik bueltau nintzanetik eta hamaika dira bueltaka darabildazan kontuak. Oroitzapen polit asko daukadaz Ameriketako Euskal Herritik ekarriak, baita eskerrak alde danetatik emoteko be. Eskerrak Bideak agentziari Quebec hamar egunez oparitzearren eta eskerrak bidaiakideei, eurakaz paisaiak askoz be ederragoak izan diralako.
Eusko Jaurlaritzeari be eskerrak emon behar deutsadaz neurri batean, Barriola sariaren antolatzailea berau dalako; ostera, maleta bete eskari ekarri deutsadaz erregalutan, aginduak emotea lar karua izan ahal dalako. Juanjogaz eta Angelesegaz kaferik hartzeko denporarik ez daukadanez, Bizkaieren bitartez emongo deutset Les basques eskualdeko barri.
Bidaiako zortzigarren egunean Île aux basques, Euskaldunen ugartea dalakoa bisitau gendun joandako hamar euskaldunok (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako bederatzi irakaslek eta neuk), Lontxo deuna ibaiaren ur artean, Trois Pistoles herritik bost kilometrora dagoan lur zatia. Honek irlak milaka urte badaukaz be, amerindiarrek orain 2000 urte topau eben, mendebaldetik ekialderako bidean. Hala eta guztiz be, horreek ez ziran izan irlan egon ziran indio bakarrak, Europako indiorik zaharrenak be, handik eta hemendik, 1584 urte inguruan ailegau ziralako ingurura.