Barriketan  III. urtea // 76. zenbakia

Larraitz Artetxe: 'jaten ikasi behar dogu'

Indaba zuriak gorroto dauz. Eskola garaian derrigorrez jan behar izaten ebazan, eta orain, 33 urtegaz, probau be ez dauz egiten. Halan da be, ganerako janari mueta guztiak gustetan jakoz.

Dietetika eta Nutrizinoan Diplomaduna da Larraitz Artetxe. Galdakaon bizi da eta bere beharraz gan dantza ikastaroak emoten dauz, baita gure aldizkariko Jan-edanak atalean dietetika eta nutrizinoaren ganean idatzi be.

Ikasturte barria hasi da eta jateko kontuetan be, danok finkatzen doguz helburu batzuk: kilotxu pare bat kendu, garbiago jan... Baina, beteten ete doguz? Horren ganean eta beste hainbat konturen ganean berba egiteko alkartu gara Larraitz Artetxe dietisteagaz.

1.- Hasteko, kontseju bat jateko kontuetan udan gehiegikeriak egin dabezanentzat.

Gehiegikeriak ordena apurtzen diranean egiten dira. Uda partean lasaitu egiten gara eta gure plazerraren kontzeptuan ordenetik kanpo jatea dago. Halan da be, kontuan hartu behar da ensalada gehiago be jaten doguzala, eta bero egiten dauan legez, gorputzak ez deusku eskatzen janari gogorrak jatea. Gehiegikeriak egin dabezan personentzat onena ordena hainbat arinen hartzea da, baina honetan be gehiegikeriarik egin barik, hau da, ordena ez da zigor legez hartu behar. Egunean bost biderrez jatea da onena, armozua, hamaiketakoa, bazkaria, meriendea eta afaria. Bazkarira eta afarira ez da gose askogaz heldu behar, eta gogoratu armozua dala eguneko jatordurik inportanteena.


2.- Armozurik ia jan bez, hondartzan bokadilo pare bat, eta iluntzean, tabernaren baten terrazan, zerbezatxua eta beste pintxo bat. Hori izan da askoren udako menua. Ze eragin dauka horrek gorputzean?

Horrek gehienbat desorekatu egiten dau gure gorputza. Hasteko, eta lehenago esan dodan legez, bardin da negua zein udea izan, armozua oso inportantea da. Gau osoan jan barik egon ostean, eguna hasteko energia emoten deusku. Horregaitik, jatordu hori ez geunke inoz ahaztu beharko.

Ogitartekoei jagokenean, proteinak eta karbohidratoak baino ez doguzala jaten gogoratu behar dogu, hau da, tartean sartzen deutsaguna normalean bigarren platereko jatekoren bat izaten da, proteinaduna, eta karbohidratoak ogiak daukaz. Egun baten jateagaitik ez da ezer pasetan, baina txarrena aste oso baten jatea da. Horrek idorreria daukien personei kalte egiten deutse, eta azken baten, jan behar doguzan barazkien kopurua jaten ez dogun legez, danoi egiten deusku kalte. Persona batzuk ogitartekoei piper batzuk edo letxuga apur bat botateaz arduratzen dira, baina normalean solomoa, oilaskoa... sartzen dogu ogi artean, eta txarra ez izan arren, monotonoa egiten da, eta ez dogu jaten gure gorputzak daukazan beharrizan guztiak beteteko beste.

Afaltzeko ez da hainbeste arazo egoten, izan be, ensalada ugari jateko ohiturea daukagu. Ganera, urtetan dogun bakotxean ez dogu pentsau behar gehiegikeriaren bat egitera goazenik. Etxetik kanpo jan arren, ondo jan leiteke.


3.- Izozkiek digestinoa egiten laguntzen dabela entzuten dogu askotan. Beste batzutan, hotzak kalte egiten deuskula. Zer da egia eta zer guzurra kontu honetan?

Antza danez, digestinoa egiten gagozanean zeozer freskoa hartzeak lagundu egiten deusku. Egia da, baina, dietetikearen munduan teoria asko dagozala.

Kontua da izozki batek digestinoa egiten laguntzen badeusku be, normalean ez dogula izozkia horretarako hartzen, jateko gogoa daukagulako baino. Izozki horrek koipe batzuk daukaz, eta horreek dira kontrolau behar doguzanak. Orekea lortu behar dogu jateko orduan hartu dogun koipe kopuruaren eta izozkiak daukanaren artean.

4.- Eguzkia berotzen hasten danean kilotxuak kendu gura izatea gauza normaltzat joten dogu gaur egun. Kontuz ibili beharreko kontua be bada...

Bai, batez be prisea daukagulako. Beti gura izaten doguz kiloak oso arin kendu, eta dietistengana eta gimnasiora joten dogu. Baina kontuan hartu behar da persona horreek ezin dabela mirakururik egin. Gorputzak bere orekea lortu behar dau, eta horretarako denporea behar da. Ganera, iminten dogun helburua posible izan behar da. Gauzak arin egin gura izaten doguz eta kontuz ibili behar da. Elikadurea ez da bakarrik udabarrian edo uda hasikeran jagon behar, urte osoan baino. Inportanteena dinamika bat hartzea da, eta jateko modu horretan, osasungarriak izan ez arren, plazer gehiago emoten deuskuzan janariak jan geinkez lantzean behin, beti be kontrolagaz.

Irailean be, uda hasikeran pasetan dan legez, jenteak zaindu gura izaten dau. Ikasturte barria hasten dala esan geinke, danok ikasle izan ez arren. Geure buruari gauza asko prometiduten deutsaguz, gimnasiora joaten hasiko garala, kilo batzuk kenduko doguzala... Inportanteena zeregin horreek ondo antolatzea da, gehiegikeriarik egin barik. Beti gogoratu behar dogu danok ez garala argalak izan behar, eta hobeto da orekatuta jan eta pisu gehiago eukitea, oreka barik jan eta pisuan gorabeherak eukitea baino.

5.- Frutea eta ensaladak udako jatekoak dirala esan geinke. Tenperaturak beherantz hasten diranean, ze jateko mueta jan behar dogu?

Neguan be, frutea eta ensaladak jan behar doguz. Onena egunean bi pieza fruta jatea da, eta nire ustez armozutan aukera ederra daukagu horretarako, izan be, fresko dagoan legez, ondo sartzen jaku. Beste persona batzuk gurago dabe jan ostean edo hamaiketakoan.

Halan da be, hotza dagoanean gurago izaten doguz janari beroak. Orduan, ensaladen eta fruten kopurua gitxitu egiten dogu, izan be, hobeto sartzen jaku indaba plater bat ensaladea baino, baina biak dira beharrezkoak, hau da, beharrizana nahiko antzekoa da udan zein neguan. Egia da hotza dagoanean gorputzak kaloria gehiago behar dauzala, baina gehienok nahiko antzera jaten dogu udea zein negua izan. Hori bai, neguan gauza beroak jateko jokerea dago, berdura egosiak, arroza, lekaleak, pastea edota patateagaz egindako platerak, saltsa berdean berbarako. Bigarren platerei jagokenean, normalean ez dira hainbeste aldatzen, baina preparetako denpora gehiago eukiten dogun legez, plater landuagoak jaten doguz. Hau, baina, ez da etxe guztietan pasetan, eta askotan ensaladak ez dira jaten gorputzarentzat onak diralako, arin preparetan diralako baino. Horregaitik, udan zein neguan jaten dira.

6.- ‘Jateko arina’. Zer eretxi dozu?

Jateko modu hori gure artean oso sartuta dagoala uste dot. Kontuan hartu behar da zenbat biderrez jaten dogun. Jente askok zapatu gauean lagunakaz urten eta ogitarteko bat jaten dau. Horrek ez deusku kalterik egingo, aste osoan ogitartekoak jan ez badoguz behintzat.

Kontua da sarritan mueta horretako jatorduak egiten badoguz proteina eta koipe larregi hartzen doguzala. Orduan, lehenengo platera falta jaku, eta horrek desorekea sortarazoten dau. Baina lehenago esan dodan legez, astean behin lagunakaz pintxoak jaten joateagaitik ez da ezer pasetan.

7.- Ume asko, eta hain ume ez diranak be, ikusten dira kalean mueta guztietako gozokiak jaten. Kalte larririk eragiten dabe gorputzean?

Asko jan ezkero, bai. Normalean desorekea eragiten dabe gorputzean, batzuk azukera asko daukielako, beste batzuk kalidade gitxiko orioagaz prijiduta dagozalako... Produktu horreek eragin zuzena daukie kolesterol mailan.

Beste arazo ugari be sortarazoten dabez, izan be, gozoki asko jaten dauzan umeak jatorduan ez dau goserik eukiko, eta berez umeari barazkiak eta frutea janarazotea kosta egiten bajako, pentsau goserik ez badauka zer jango dauan. Horregaitik, urtenbideak topau behar dira, asteburuetara mugatu, sari legez bakarrik emon... Mugatu egin behar da kopurua.

8.- Berdurea eta arraina: umeen burukominak. Zergaitik ete?

Hain umeak ez diranak be antzeko burukominak daukiez! Barazkiei jagokenean, nik uste dot formeagaitik dala. Gogoratzen dot txikia nintzanean lekek haria eukiten baeben... ez nintzan kapaz jateko!

Arrainari jagokonean, hazurrek eta gustuak daukie eragina. Jenteak gurago izaten dauz arrain zuriak, gustu suabeagoa daukielako, baina ume askok jaten dabez antxoa prijiduak, arrain urdina izan eta gustu fuertea euki arren.

Zeozer ez bajaku gustetan, jateko modu desbardinak topau behar doguz. Kroketa bategaz nahastean, asko gustetan jakun jateko bategaz batera... Ahoa hezitu egin behar dogu, jaten ikasi behar dogu.

9.- Anorexia eta bulimia kasuak gero eta sarriago entzuten dira. Zein mailaraino dauka gizarteak erantzukizuna gaixotasun horreetan?

Elikadureagaz zerikusia daukien gaixotasunak dira, baina norberaren alde psikologikoa be kontuan hartu behar da. HIESagaz moduan pasetan da anorexiagaz eta bulimiagaz, hau da, besteari tokauko jakola pentsetan dogu beti, baina edonori tokau ahal jako. Hori bai, persona batzuk aukera gehiago eukiten dabez, euren bizimodua dala eta.

Gizarteak erantzukizuna dauka, bai, baina norberak be zeresan handia dauka gai honetan.

10.- Obesidadea be ez da kontu makala. Askok ebakuntzea egitea erabagiten dabe, arriskutsua dala jakin arren. Urtenbidea ala gaixotasuna hobe?

Obesidade maila desbardinak dagozala kontuan hartu behar da. Behar dana baino hamar kilo gehiago eukitea edo larogehi eukitea ez da bardin. Personearen altuerea eta pisuaz gan, muskulatureak be garrantzia dauka. Izan be, obesidadea koipe larregi eukitearen ondorioa da, ez pisu larregi eukitearena.

Obesidadearen mailea zehaztu ostean erabagi behar dau medikuak ebakuntzea egin edo ez. Izan be, ebakuntzea medikuen kontua da, gaia dietisten lana baino harago doa eta. Egitea erabagiten badau, persona horrek ezin izango dau asko jan bere bizitza osoan. Urdaila txikitu egiten deutsienez, ez jako janari ugari sartzen. Hori dala eta, askotan gehigarriak hartu beharko dauz. Horregatik dinot ebakuntzea egin aurretik ondo pentsau behar dala.

11.- Euskaldunok ospakizunak mahai inguruan egiteko ohiturea daukagu. Proposatu zeuk menua, beti be osasuna kontuan hartuta.

Menu mueta asko egon leitekez, beti be pagau gura dogunaren arabera. Merke jan gura badogu, indabak jan geinkez, odoloste edo txorizoagaz, eta gero gaztai apur bat. Onena lehenengo platerean asko, bigarrenean gitxitxuago eta postre arin bat jatea izaten da. Baina danok gura izaten dogu txuletea jan bigarren plater legez, eta atzetik azukerazko postrea. Ideala ensaladea, arraina eta postre gozoa izango litzateke. Halan da be, behin eta barriro esan dodan legez, egun baten gehiegikeria egitearren ez da ezer pasetan, hurrengo egunetan jagoten garen bitartean.

Saioa Torre Gereketa