Euskerea berbagai  I. urtea // 7. zenbakia - 2002ko abuztuaren 1a - Hamaboskaria

Mende akabuko kontakizunak / Txomin Agirre (1864-1920)


Mende akabuko kontakizunak. Gizon oituez bat

'Barrez lertu eragin deust adiskide batek beste erromerizale ezagun baten ipuiñakaz.

Aldra andien batzarretan beti izaten dira gizon argiak eta argi bagiak, sorrak eta azkarrak, jakindunak eta asko ikusitakoak, ez-jakiñak eta izer ikusi eztabeenakaz batera. Askoren artian asko modutako jentia. Batzuek, adierazoak dagozanak, ikusten dira erabagiak, askatuak eta ausarkiro ibilleretan; besteak lotuta, ganorabaga, zer egin eztakiela pausu bakoitzian. Argia daukana argiro, argirik eztaukana illunean: gauza jakiña da eta nunnaikua.

Euskaldun erromeriazalien aldran bere bazan norbait badezpadakua. Gizontxu bat, bearbada bein bere jaioterritik urten bagia edadian sartua egonarren, ona, tolesgabea, baña piska bat malmutza, fedearen besoetan guztiz erara jarrita, etorren gugaz Aita Santua ikusteko ames ederretan oso pozturik.

Bartzelonara eldu giñanian juan zan beste euskaldun batzuekaz ostatura, baña ostatuko jaubiakaz fidande edo konfianzarik ez eukalako an ibilli ei zan gisajua kalerik kale eta eleizarik eleiza bere pardeltxua lepuan ebala mundu guztiaren barregarri.

Erromara sartu giñanean, ostera, edo bidezorroaren errejistroan azkenerotz gelditu zalako, edo iñori izer itaundu ez eutsalako, edo naiustez aldegin zalako bestiak gandik bere gisara ibilteko, eztakit nik zergatik eta zelan, baña esan deustee or ibilli zala jo batera eta jo bestera bere pardelagaz, mundu guztiari euskeraz berba egiten...eta azkenez, lenengo gabian, biajeko neke gogaikarria kentzeko, lo egin ebala pasialeku bateko jarrilekuan ederto ta gozotsu...bere bidezorro maitia burkotzat arturik.

Etzaite estutu, irakurlea, gertaera txarren bategaitik: or dabil gure gizona, pozik, alai, esale, itzontzi bat egiñik, ardura baga eta zorionekoa Erromako kalietan. Berari zerbait gertau? Ona da bera...'

Aurkezpena

Erabili edo aztertu gura dogun hizkuntzea edozein izanda, hizkuntzan sakondu eta norberaren altxorra aberastu gura izan ezkero, derrigorra da klasikoak irakurri eta aztertzea. Euskerearen eta bizkaierearen kasuan, piloa dira euskalki honetan idatzi dabenak eta klasikotzat hartu geinkezanak; 'Euskerea Berbagai' atalean, tarteka-marteka inoiz bizkaierea erabili daben idazleen lanak aurkeztuko deutsueguz, beste barik, idatzion aberastasunaz eta balioaz jaubetu gaitezan danok eta, ahal dala, zeozertxu ikasi daigun. Oraingo honetan eta hurrengo zenbakian, Kresala eta Garoa maisulanak beste okasino baterako itxi eta Txomin Agirre Ondarrutarraren beste idatzi batzuk ezagutuko doguz: XIX. Mende Akabuko Kontakizunak liburutik 'Juan-etorri bat Erromara, Biajari baten ziabeztxoak' ataleko idatziak hain zuzen be. Ezer baino lehen, labur-labur baino ez bada be, Txomin Agirreren ganeko datu batzuk aitatuko doguz.

Txomin Agirre

Bizkaiko kostaldean, Gipuzkoako mugatik paraje, Ondarroan jaioa. Abadetu zanean, Zumaiko moja karmeldarren komentuko kapilau izentau eben eta zeregin horretan, idazteko denpora asko-edo eukanez, arin hasi zan orduko euskal aldizkarietan artikuluak argitaratzen eta liburuak idazten. Euskaltzaindiaren sortzaileetako bat izan gendun Agirre, baina duda barik bere hiru nobelek ekarri eutsien ospea.

'Auñamendiko Lorea', Agirren lehenengo nobelea izan zan, baina ez eban aparteko interesik eragin (VII. gizaldian kokatua, Euskal Herria kristautzeko beharrak eta burrukak kontau zituan); geroago, gai historikoak baztertu eta bere sasoiko kontuen ganean idazteari ekin eutson. Txomin Agirren maisulanak 'Kresala' eta 'Garoa' ohitura-nobelak dira. 'Kresala' liburuan, bizkaieraz idatzita, arrantzale herri bateko kontuak dakarz. 1901etik aurrera zatika atara eben Euskalerria aldizkarian, eta 1906an liburua. 'Garoa' liburuan, barriz, gipuzkeraz, Oñatiko Zabaleta baserriko biztanleen bizimodua kontau eban. 1907tik aurrera agertu zan aldizkarietan, eta 1912an, lehenengoz liburu legez.

Txomin Agirreren idazkerea dotorea da, eta zeozer azpimarratzekotan, deskripzinorako maisutasuna eta hizkuntzearen aberastasuna aitatuko geunkez.