Makinek bizimodua estututa
Esklaboak
Teknoestresaren adierazpideetariko bat informatikako berbakeran “multitasking” edo atazen pilaketea deritxon arazoa izaten da. Makina bat zeregin aldi berean beteteko gaitasuna tresnen ezaugarrietariko bat da, baina ez personena. Guztiagaz be, personok makinen ahalmenak bardindu gura izaten doguzanean, telefonoz berba eginez eta aldi berean teklatuan edo agenda elektronikoan idatziz, sarean nabegatuz eta programa batetik bestera salto eginez, gauzak ez doazela lar ondo esan daiteke. Seguru antzean menpean euki dogun teknikea apurka-apurka matxinatu da eta euren esklabo bihurtu gaitu, horretaz konturatu ez bagara be.
Espezialistek uste dabe, holako kasuetan, lehenengo neurria abstinetzia dala, denpora tarte baten estutzen gaituen tresnak albo batera ixtea. Hau da, eguneko hogeita lau orduetan erabilgarri egoteko bide emoten deuskuen tresnak deskonektetea. Baina hori bakar-bakarrik egin geinke behar egiteko orduan tresnon menpe ez bagagoz. Holan izan ezean, teknolarritasunari aurre egiteko bide bakarra makinen erabilkerea mugatzea da, tarteak eta epeak arrazionalizatuz, zeregin barriak topetako aukerak baztertuz eta alperreko gauzak ikasteari uko eginez. Azken baten, helburua tresnek bizimodua erreztea da eta ez alderantziz.
Begiluzea
Teknologiak bizimodua erraztu eta arazoak konpontzeko zeregina bete behar dau. Orain arte teknologiak gizakion erosotasun eta garapenari egindako ekarpena eztabaidaezina eta guztiz aprobetxagarria izan da, batez be komunikazinoaren eremuan. Ordenagailuek, eskuko telefonoek, eskanerrek... orain gitxira arte erabilten izan doguzan beste tresna geldo eta baldarragoak ordezkatu dabez eta daborduko gure bizimoduaren unibersoko behar-beharrezko zati dira.
Edozelan be, gure ongizatearen eta askatasunaren zerbitzupean iminitako ustezko mundu zoriontsu horrek badauka hain atsegina ez dan beste aurpegi bat, teknologiara moldatzeko zailtasunek sortu eragiten daben estresa edo “teknoestresa”, hatan be. Gorabehera honeek sasoi barriak exijituriko eskakizunei makurtzeko prest ez dagozan personen kasuan ikusten dira edo, paradoxikoa dan arren, aurrerapen teknikoakaz guztiz identifikauta dagozanen kasuan be.
Ohiko bizimodua
”Infolarritua” tresna informatikoez lanean baliatzen dan erabiltzailea izan ohi da, baina orokorrean elektrotresnakaz (ordenagailuak, agenda elektronikoak, eskuko telefonoak, bilagailuak...) daukazan hartu-emonak ohiko bizimoduaren esparru guztietara zabaldu dauz. Hainbat adituren esanetan, antsiedaderik gehien sortarazoten daben egoerek zuzeneko zerikusia daukie tresnek edo programek erantzuteko daukien gaitasun eta abiadura txikiagaz. Teknomenpekoak berehalako erantzunak jasoten ohitu dira eta, beraz, edozein atzerapen izan ezkero, larritu egiten dira. Halakoetan, tresneagaz haserratu eta sutu, arretea galdu, arterien presinoak gora egin, bihotz taupadak bizkortu eta, azkenean, insomniorako jokaerea handitzen da, bai eta sabeleko arazoak nahiz estresari jagokozan ganerako neke iturriak be.
Datuak galtzeak edo alperreko mezuak jasoteak be ondoeza eta antsiedadea eragin ohi deutsee holako tresnen erabiltzaile trebeei. Hainbesteko esperientziarik ez daukienen kasuan, ostera, estresa sortarazoten daben faktoreak bestelakoak dira, batez be ezjakintasunaren sentsazinotik, ezagupen barriak eten barik eskuratu behar doguzalako eretxitik edota matxura bat edo arazo tekniko bat dagoanean sentitzen dan laguntzino edo babes faltatik datozenak.