The terminal
Spielberg-ek adierazo dau “The terminal” filma ekarpen txiki bat dala munduan irailaren 11tik aurrera gero eta okerrago doazen gauzak orekatzeko. Beraren eretxiz, ikus-entzuleek gizakiaren berezko zintzotasunaren aldeko fabula eta ikuspegi baikorrak behar dabez, personek zoritxarrari aurre egiteko daukien gaitasunean sinistu daigun, egunean-egunean telebistan eta egunkarietan ikusten diranak gorabehera. Beraz, pelikula hau epaitukeran, horixe da kontuan hartu beharreko ikuspuntua.
Egia esan, istorioaren abiapuntua sano originala da eta joko ezin hobea emoteko modukoa: Viktor Navorski-ren ibilbidea, ustez Europako sortaldean dagoan nazino bateko estadu kolpe baten ondorioz, New York-eko JFK aireportuko nazinoarteko pasagunean paper barik eta legezkotasunaren mugan harrapatuta lotzen dan bidaiariaren istorioa. Duda barik, azken urteotan zinean egindako planteamenturik erakargarrienetako bat da. Benetako jazokera baten oinarrituriko egoera honen surrealismoak bide emoten dau luzemetraiaren lehenengo ordu erdian dan-dana egokiro garatu daiten.
Filma modu atseginean ikusten da Viktor lehenengo oztopoak gainditzen doan neurrian. Arazoa da, pelikuleak aurre egin ahala, gidoia makaltzen eta, horregaz batera, sinisgarritasuna galtzen doala. Izan be, Catherine Zeta-Jones-ek antzezturiko azafateagaz sortzen dan maitasun istorioak, atxiloturiko etorkin errusiarraren pasadizoak edo Viktorrek New York-era joateko euki dauan arrazoi harrigarri eta zentzunbakoak guzurrezko sentimentalismo batera eroango gaitue; inork ezin dau benetakotzat hartu alkartasun keinuez betetako mundu miragarria eta bikaina.
Aparteko filma ez bada be, Spielberg-ek istorioak kontetako daukan trebetasuna ez da kolokan jarten eta Tom Hanks-ek zoragarri eta bikain jarduten dau. Hutsune bakarra horixe da: dan-dana pastel kolore batez eginda dagoala.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Steven Spielberg.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 128 minutu.
- Antzezleak: Tom Hanks (Viktor Navorski), Catherine Zeta-Jones (Amelia Warren), Stanley Tucci (Frank Dixon), Chi McBride (Joe Mulroy), Diego Luna (Enrique Cruz), Barry "Shabaka" Henley (Ray Thurman), Kumar Pallana (Gupta Rajan), Zoë Saldana (Dolores Torres), Eddie Jones (Salchak), Michael Nouri (Max), Jude Ciccolella (Karl).
- Gidoia: Sacha Gervasi eta Jeff Nathanson; Andrew Niccol eta Sacha Gervasi-ren argumentuan oinarritua.