Karmele Jaiok irabazi dau VII. Igartza Saria
Peru Magdalenaren 'Lile' proiektuari akzesita emon deutso epaimahaiak
Beste alde batetik, 'Lile' da Peru Magdalenaren proiektuaren izena, alkarregaz buztarturiko ipuin-sortea. Lile personaia hunkigarri bat da, bilduma honi loturea eta atmosfera berezia emoten deutsona, nahiz eta bera ipuin guztietan agertu ez. Hainbat gai eta giro agiri dira ipuinotan, besteak beste, bikote-hartu-emonak, gatazka politikoa, adinduen bakardadea…
Peru Magdalena Arriaga Iurretan jaio zan 1980an eta Durangon bizi da gaur egun. Ingeniaria da, diseinu espezialidadean. Bertsotan ibilia da, hainbat komunikabidetan kolaboratzailea, eta Txaman literatur taldeko partaidea.
Epaimahaiaren erabagia
Julen Gabiria Lara, Jasone Osoro Igartua eta Xabier Mendiguren Elizegi, idazle gazteentzako VII. Igartza literatur sorkuntzako beka deialdian hamahiru lan aurkeztu dira. Oso maila polita izan da eta baziran lau proiektu saria eskuratzeko guztiz aproposak: "Begi urdin bat", "Argia bosgarren solairuan", "Amaren eskuak" eta "Lile".
Azken erabaki legez, "Amaren eskuak" izeneko lana izan da irabazlea baina finalisten kalidadea kontuan hartuta, sari bakarra gitxi zala-eta, antolatzaileen baimenagaz akzesit bat emotea erabagi eta "Lile" proiektuak jaso dau.
Lan sarituei jagokenean, "Amaren eskuak" belaunaldi desbardinetako emakumeen arteko hartu-emonak, euren arazoen antzekotasun eta desbardintasunak lantzen dituan nobelea da. Sentiberatasuna eta zehetasunakazko ardurea azpimarratu daitekez, idazkerearen oreka eta erritmo egokiagaz batera.
'Lile', barriz, ipuin-bildumea da, izen bereko neska gazte baten inguruan eregitakoa; ez beti neska horren protagonismoagaz, baina bai haren atmosfera antzeko batez girotua. Egitasmoa bera lanbrotsu samarra da berez, baina lagineko testuetan trebezia eta sena agiri ditu egileak, kontakizuna eregiteko orduan nahiz hizkeran.
Bizkaie!
'Amaren eskuak' izenburukoa da Karmele Jaioren nobela-proiektuak, Igartza sariketa honetako irabazleak. Ama ospitalean koma antzeko luze batean daukan emakume gazte bat da protagonistea: Nerea. Amaz arduratzeaz gainera, bi ume txiki be baditu Nereak, eta kazetari-lana egunkari batean, eta danetara ailegau ezinik dabil. Dana dala, ez da hau emakume moderno estresatuaren hamaikagarren parabolea. Ama-alaben arteko hartu-emonetan zentretan da eta belaunaldi desbardinetako emakumeek izan dabezan eta dabezan arazo bardin edo desbardinetan.
Karmele Jaio Eiguren Gasteizen jaio zen 1970ean eta bertan bizi da gaur egun. Informazio-zientzietan lizentziatua da eta lanbidez kazetaria, hainbat komunikabidetan jarduna. Literaturearen arloan zenbait ipuin-lehiaketa irabazi ditu orain arte, eta laster argitaratuko dau bere lehenengo liburua, 'Hamabost zauri' ipuin-bildumea.