'Contra Bush', Carlos Fuentes idazle mexikarraren liburu barria
Carlos Fuentes 1928ko zemendiaren 11n jaio zan Mexiko DFn. Eleberrigile, saiogile eta zine gidoilari ezaguna. Zuzenbidean lizentziaduna da UNAM ospetsuan eta ekonomia ikasketak, barriz, Suitzan egin ebazan. Kanpo Hartu-emonetarako Idazkaritzan lan egin eban eta Frantzian Mexikoko enbaxadore be izan zan 1972 eta 1976 bitartean. Octavio Pazegaz batera, Obregon Literatur Bildumea zuzendu eban eta AEB, Europa eta Latinoamerikako aldizkari espezializatu askotan idatzi dau. Makinatxu bat sari irabazi ditu orain arte, besteak beste, Romulo y Gallegos (1977), Miguel de Cervantes (1987), Asturiaseko Printzea (1994) eta UNESCOk emondako Picasso saria (1994). Horreza gan, Honoris Causa doktore da Cambridge eta UNAM unibersidadeetan.
Bizkaie!
AEBetan presidentetzarako hauteskundeetarako pare bat hilabete baino gitxiago falta diranean eta Bush eta Kerryren arteko burrukea gero eta beroagoa dan momentuan, Carlos Fuentes idazle mexikarrak 'Contra Bush' liburua aurkeztu dau egunotan Bartzelonan. Liburuan, AEBko presidentea Hitler edo Stalin diktadoreakaz parekatzen dau. Era berean, Bushek ideologia marxista-darwinista barri bat sortu dauala dakar idazleak eta pentsakera horrek ekonomiaren nagusitasuna eta indartsuenak bakarrik irautea bultzatzen dauala.
Bush eta bere hurrekoak talde konserbadore sutsuenaren ikur dirala dino Fuentesek eta, horren harian, Dick Cheney presidenteordea apartheidaren alde agertu izan dala, Condoleezaa Rice segurtasun kontseilaria 'Lady Macbeth' bihurtu dala eta John Ashcroft, Justizia idazkaria, barriz, abortuaren, homosexualidadearen eta feminismoaren kontra dagoala.
Irakeko inbasinoaren harian, gerrea hasteko erabilitako atxakiek huts egin dabela adierazo dau idazleak eta Irakeko inbasinoak nazinoarteko ordenaren krisia, AEBen isolamentu politikoa eta gerra-ostearen porrota ekarri dituala.