Kulturea  III. urtea // 76. zenbakia

EHUko graduondoko ikastaro batek demokrazia parte-hartzaileagoa bultzatuko dau


Ikastaroaren nondik norakoak

Ikastaroak atal bi daukaz: teorikoa eta praktikoa. Alde teorikoan, partaidetza bideratzeko metodologietan sakondu eta esperientzia parte-hartzaileen ezagutza ahalbidetzen da.

Praktikei jagokenean, ikasleek Euskal Herriko hainbat udaletan herritarren partaidetzearen ganeko diagnostikoa egiteko aukera eukiko dabe. Hau urtean zehar jasotako edukin teorikoak praktikan jarteaz gan, udalek eta beste talde eta elkarte batzuk euren errealidade parte-hartzaileari buruz gogoeta egiteko baliogarria izango da, herritarren partaidetzearen ideia eta lehentasuna indartuz, izan be, horixe da Parte Hartuz-en helburuetariko bat: herritarren partaidetzearen beharraz kontzientzia indartzea eta Euskal Herrian era horretako esperientziak gauzatzeko eragile desbardinak inpliketea.

Bigarren edizino honetan, hizlarien artean izango dira, besteak beste, Chantal Mouffe (Westminsterko Unibersidadea), Renee Jablkowski (Buenos Aireseko Partaidetzarako Heziketa Zentrua), Tomás Villasante (Complutense Unibersidadea), Joan Font, Joel Martí eta Oscar Rebollo (Bartzelonako Unibersidade Autonomoa) eta Alvaro Portillo (Errepublikako Unibersidadea. Uruguay); aitatutakoakaz batera, kanpoko eta bertako irakaslegoa izango da. Praktikak, barriz, Euskal Herriko udal desbardinetan gauzatuko dira.

Bizkaie!

Euskal Herriko Unibersidadeak (EHU) eta Parte Hartuz ikerketa taldeak, Demokrazia Parte-hartzaileko Metodologia eta Prozesuetan Aditua graduondoko ikastaroa abiarazoko dabe urrian. Parte Hartuz, EHUko zenbait irakaslek eta ikertzailek gure udalerrietan demokrazia parte-hartzailea sustatzeko helburuagaz osotutako lantaldea da.

Demokrazia parte-hartzaileak zuzeneko demokrazian dauka bere oinarri historikoa, eta demokrazia ordezkagarriak dituan akatsak gainditzea eta hobetzea da helburu nagusia. Demokrazia parte-hartzaile hau zenbait adibidetan agertzen jaku, besteak beste, Plan Komunitarioetan, Herritar Kontseiluetan, Toki Agenda 21 horretan, eta parte hartzeko beste bide batzuetan. Akaso, tresnarik ezagunena Aurrekontu parte-hartzaileak dira, Porto Alegren, 1989an PT alderdiak boterea hartukeran arrakasta handiz ezarri ebazanak.

Demokrazia partehartzailean oinarrituriko esperientziak agirian itxi dau aitatutako prozeduren kalidade demokratikoa indartzen dauala eta, ganera, informazinoa hobeto zabaltzen da eta gestinoa merkeagoa eta eraginkorragoa da; gauzak holan, emoitzak askozaz hobeak dira.

Ikastaroa administrazino desbardinetako teknikariei, alkarte eta giza-taldeetako kideei, eta oro har, esperientzia parte-hartzaile horreetan sakondu gura dauan edonori eskaintzen jake. Ikastaroa elebiduna da eta kredituen % 30 euskeraz da. Matrikula epea oraindino zabalik dago.