Sarean  III. urtea // 76. zenbakia

‘Txinatar mandarin’ hizkuntzea galtzeko arriskuan, informatikea dala eta


Atzerritar berba larregi

Arazoaren oinarrian jenteak beste hizkuntza batzutako berba larregi erabiltea dagoala dinoe adituek. Alde batetik, begi onez ikusten dabe kanpoko hizkuntzak menperatzea, mundura zabaltzeko bide bat dala dinoe eta. Halan da be, alde negatiboa be badauka honek, izan be, ama hizkuntzea albo batera ixteko arriskua dago. Kontuan hartu behar da txinatar mandarina ez dala erraza idazteko, eta teknologia barriakaz oraindino be gatxagoa (ezinezkoa esan geinke) egiten da hizkuntzeak daukan kaligrafia berezia erabiltea. Karaktere txinatarrak kaligrafia latinora pasetako programa informatikoak egon badagoz, baina horrek euren idazkera tradizionala arriskuan jarten dau, jenteak gero eta ordu gehiago emoten dauzalako ordenadoreagaz eta horrek ama hizkuntzan ez idaztea dakarrelako.

Arazoaren urtenbidea ez da erraza, ezin dalako txinatar mandarinaren karaktere bakotxagaz tekladu berezia egin, izan be, 3.000tik gora dira persona alfabetau batek dakizanak, edo jakin beharko leukezanak hizkuntzea guztiz ez galtzeko.

Saioa Torre Gereketa

Txinatar mandarina, munduan gehien erabilten dan hizkuntzea (1.300 milioi personak erabilten dabe), informatikearen aurrerapenak dirala eta, galtzeko arriskuan dago. Hori erakusten dabe txinatar talde aditu batek egindako inkestearen emoitzek. Galdeketea egin jaken 482 personen artean, % 80k uste dau mandarinak derrigorrezko laguntzinoa eta babesa behar dauzala, ahalik eta arinen ganera, dagoan egoeratik urtetako.

Txinatarra ordenadorean idazteko teknika berezi bat erabilten da, ‘pinyin’ edo guk ezagutzen doguzan karaktere horreen trankripzino fonetikoa. Behin soinu-transkripzino hori ordenadorean sartuta, programeak karaktere bakotxaren ideogramea edo ‘hanzia’ erakutsiko deusku, eta askotan dozena bat baino gehiago izan leitekez.

Txinatarrek urteak behar izaten dabez hizkuntza hau ikasteko. Adituen arabera, karaktere bakotxa idazteko jakin behar diran ezaugarri piloa menperatzeko behar dan denporeak atzera botaten dauz txinatarrak, hau da, hizkuntzea bera ikasteko gogoa be kendu egiten jake. Holan ba, oso gitxik menperatzen dabe hizkuntzea osorik, oso gitxi dira karaktere guztiak ondo idazteko kapaz. Gurago izaten dabe, informatikeari esker, transkripzino fonetikoa egin, ezer idatzi barik.

Galdeketea egin jaken personen artean, % 67k autortzen dau lantzean behin eukiten dabezala karaktere batzuk idazteko arazoak. Ostera, % 12k dino sarritan eukiten dabezala arazoak. Ordenadorean luzaroan dabilzanen artean txinatar mandarinez idazteko arazorik eukiten ez dabenak % 21 dira.

Txinatar mandarina munduan gehien erabilten dan hizkuntzea da, baina beronek be ezin deutso aurre egin aldaketa teknologiko eta informatikoei. Txinatarren % 47ak baino ez dau erabilten mandarinaren kaligrafia berezia egunero. Kontuan hartu behar da eskuz idatzi behar dala kaligrafia hori, izan be, ordenadorera zuzenean ezin doguz karaktere horreek sartu. Holan ba, bertako biztanleen % 30ek daborduko ez dabe eskuz idazten, eta ordenadorean idazteak euren ama hizkuntzan ez idaztea dakar. Idazteko teknika biak txinatar mandarina egiten dabenen % 20k erabilten dauz.