Hiru Trukuren disko barria laster
Hiru Truku
Hirukotea, gitxi gorabehera, 1994an alkartu zan Ruper Ordorika oƱatiar kantautoreak zenbait kantu tradizional jaso, aztertu eta zabaltzeko asmoa agertu eutsenean Joseba Tapia eta Bixente Martinezi. Euskal musikagintzan oso ezagunak dira hirurak eta aurkezpen askorik ez dabe behar, Ruper Ordorikak urteak daroaz kantautore legez, Bixente Martinezek be beste horrenbeste Oskorri taldean bouzoukia, mandolinea eta beste musika tresna batzuk joten eta Joseba Tapiaren trikiti doinuak ezagunak dira aspalditik. Euskal doinu tradizionalak maite dabez hirurek eta euskal kantutegi herrikoia berreskuratzeko prozesuan behar handia egiten dagoz.
Bizkaie!
'Mendebaldeko euskal kantuak' bigarren diskoa atara ebenetik zazpi urte pasau diranean, Hiru Truku hirukotea disko barria grabetan dago egunotan. Ruper Ordorikak, Joseba Tapiak eta Bixente Martinezek osotutako Hiru Truku taldea estudioko beharrean buru-belarri dabil zemendiaren hasieran Metak diskoetxeak kaleratuko dauan 'Hiru Truku III Nafarroako Kantu Zaharrak' lana grabetan. Bizkaitik Nafarroarako saltoa emon dabe eta aurreko bi diskoetan, 'Mendebaldeko euskal baladak' (1994) eta 'Mendebaldeko euskal kantuak' (1997), Bizkaiko kantu tradizionalak landu baebezan, orain Nafarroako kantuakaz azalduko jakuz.
Barri pozgarria da, izan be, kantu tradizionalak berreskuratzeko jardueran ikuspuntu barritzailea eta aldi berean iturriei lotua eskaintzen dauan taldea dogu Hiru Truku eta Euskal Herrian ez eze, kanpoan be holan ulertu dabe entzuleek zein adituek.
Esandako moduan, taldea Azkarateko Katarain estudioetan dabil diskoari azken ukutuak emoten, eta izenburuari erreparatuz aurreikusi daitekeen moduan, Bizkaiko kantuak ardatz hartuta egindako bi diskoen ostean, Nafarroako kantutegi zaharraren eguneraketa ekarriko deuskue.