Musikea  III. urtea // 76. zenbakia

'Erabil nazazu', Mikel Markezen susperraldia


Kantuak eta gaiak

Aldatu egin da Mikel Markez. Maitasun kanturik ia ez da agiri diskoan eta gai politiko eta sozialek hartu dabe lekua. "Artisteak jarrerea hartu behar dau, ni abertzale eta ezkertiarra naz, eta nire kantuetan agertu behar da hori".

'Erabil nazazu' diskoa presino barik landu dau eta horrek kolorea, aniztasuna ekarri deutso. Epe luzeagoagaz behar egin ezkero, kantuak sortu, aztertu, kolaboratzaileak kantu bakotxaren arabera aukeratu eta moldaketa desbardinak lantzeko modua dago eta holan egindakoa da Markez jn.aren disko barria.

Hamaika kantuetatik 'Venga de donde venga' izenekoa da deigarriena. Markezen ohiko estilotik aldentzeaz gan, doinuaren alaitasuna eta Joan Mari Irigoienen poemaren salaketa gogorra kontrajarri ditu eta nahaste berezia da. «Kontraste horrek katapultatu egiten ditu hitzak. Poema horrek badu ironia izugarri bat, gure hipokrisia agerian jartzen du. Iruditu zitzaidan interesgarria zela kabaret antzeko doinu festibo bat kontrajartzea, eta gustatu zait nola geratu den». Joseba Sarrionandiaren 'Haize gorria' poemarako country doinu bat sortu dau, eta Lizardiren 'Mendi-gaña' Oinarri Abesbatzagaz grabau dau. Kantua 1995ean egin eban Mikel Markezek Errenteriako Musikasterako baina orain arte argitaratu barik egon da. Poema hori oinarrian hartuta egiten dan hirugarren kantua da, Imanolek eta Maddi Oihenart eta Josetxo Goia-Aribe bikoteak egindakoen ostean. Victor Jararen 'Te recuerdo Amanda' abestiak bersino ugari izan dituan arren, Markezek berea egin gura izan dau eta euskeraz, jakina.

Diskoa zuzenean aurkezten hasita dago. Aurre-aurkezpen kontzertua bagilaren 3an emon eban Iruñeko Erraldoien txokoan baina irailaren 17an, Ordizian emon eban lehenengo kontzertua; gero Larresoron, Donostian, Legazpin eta Kilometroak, Gizpuzkoako ikastolek jaialdian be izango da.

Bizkaie!

Mikel Markez errenteriarrak bost urte behar izan ditu deskantsua hartzeko eta jenteari gauzak kontetako daukala barriro sentitzeko. Laurogeigarren hamarkadearen amaierea eta 90eko ia hamarkada osoa geratu barik kontzertuak emon eta emon ibili ostean, kantagintzan geldialdia egitea erabagi eban ordura arteko martxeari ezin eutsita. Orain, barriz, indarbarrituta dator bere ibilbideko zazpigarren diskoa dan 'Erabil nazazu' izenekoagaz, kantuak entzuteko zeozelako gonbidapenagaz. Sonia Gonzalezen 'Erabil nazazu' poemak emoten deutso izenburua Markezen lan barriari.

Guztira, hamaika kantu dira eta inoiz baino biluziago dakarz, artifizio larregi barik, gitarrea lagun dauala eta moldaketa askorik barik. Gitarreagaz bakarrik ibilteko gogoa dauka eta kantuak ahotsa eta gitarreagaz bakarrik emoteko pentsau ditu nahiz eta moldaketaren bat sartu.

Gatzelupeko Hotsak diskoetxearen laguntzinoa euki dauan arren, diskoa Mikel Markezek berak produzidu dau eta grabazinoan, Pello Ramirez, Dominic Earl, Iñaki Salvador, Javi Area, Anjel Unzu, Davide Conte, Pako Aristi, Iker Goenaga, Patxi Saiz, Jexuxmai Lopetegi eta Oinarri abesbatza ibili dira. Berben egileak, barriz, Sonia Gonzalez, Pako Aristi, Mikel Markez, Joseba Sarrionandia, Lizardi, Victor Jara eta Joan Mari Irigoien izan dira.