Txileko ikastolea martxan
Ana Usabiaga da antolaketan guztia kudeatzen dabilena. Usabiaga Euskal Herritik joandako irakasle gipuzkoarra da eta ekimenaren ganeko zehaztasunen artean, bakarra azpimarratu dau: 'mailarik altueneko hezkuntz eskaintzea izango da Ikastolea'. Ana Usabiaga ilusino handiagaz joan da Txilera erronkeari aurre egiteko. Eusko Jaurlaritzeak, Ikastolen Elkarteak, Txileko Euskadiko Elkargoak eta Txileko Eusko-Etxeak babesten dabe egitasmoa.
Hasikeran, haurtzaindegia baino ez da izango, eta euskeraz heziko dabez 0-3 urte bitarteko umeak. Halan da be, ez dira beste hizkuntzak baztertuko eta ingeles eta gaztelaniako irakasleak be izango dira. Zentzumenak, motrizidadea eta psikoeboluzinoa garatzen lagunduko deutse irakasleek umeei, abesti eta jolasen bitartez. Aurreikusitako arrakastea lortu ezkero, urte batzuk barru Lehen Hezkuntzako maila guztiak eskaini ahal izango dituelakoan dagoz arduradunak.
eitb.com
Azkenean, Txileko uriburuaren ekialdean jarriko dabe Ikastolea. Hernando de Magallanes eta Colon kaleen bidegurutzean dagoan etxean hain zuzen be. Lege arazo guztiak konponduta dagozanez eta egoitza egokia topau dabenez, egitasmoa aurtengo bigarren seihilekoan jarri gura dabe martxan.
Orain arte, bederatzi umek emon dabe izena hezkuntz teknikarik eta aurreratuenak izango dituan heziketea hartzeko eta, horrezaz ganera, euskerearen bitartez, euskal kulturea ezagutzeko. Azkenengo pausua baino ez da falta, hau da, Ikastolea Alkargo bihurtzea, gura daben bazkideen diru laguntzinoak jaso ahal izateko.