Antxina-barri  III. urtea // 76. zenbakia

Zinea Bizkaian


Zinea Bizkaian

Zineagaz zerikusia edo zine antzekotzat hartu geinken zeozeren barri lehenengoz Bizkaian, 1867an izan genduan. Urte horretan, Inocencio López Bilbora heldu zan bere “Panorama” izeneko ikuskizuna emoteko. Ikuskizun horretan, ikusleek ikusten ebena argazki antzeko batzuk baino ez ziran. Hau da: ez egoan mobimenturik.

1885ean, barriz, Luis San Gregorio bilbaotarra Correo kalean eukan etxeko lehio baten kontra proiekzinoak egiten hasi zan. Erakusten ziranak geldi egozan irudiak baino ez ziran, eta gaiak era desbardinetakoak izaten ziran: gerrea, amodioa, dantzea... Hortik aurrera, zinearen ibilbidea geratu ezina izango zan Bizkaian.

Bizkaiari jagokonez, zinetzat hartu geinken lehenengo emonaldia ez zan larregi atzeratu baina hori bai Bilbon baino ez ziran emon lehenengo egunetan. 1896ko abuztuaren 6an heldu zan lehenengo aldiz, “zinea” deitu geinken lehenengo ikuskizuna Bilbaora. Manuel Galindok ekarri eban, Eliseo-express deitutako ikuskizunaren barruan, ze zineaz aparte, irudiak-argazkiak eta beste gauza batzuk ikusteko aukerea be emoten eban Galindok, Jardines kaleko lehenengo zenbakian egoan aretoan jarritako erakustaldian.

Sasoiko egunkariek gogo biziz hartu eben Galindok jarritako Kinetografoa. Idatzizko artikuluetan erakutsi ebenez, aparteko ikuskizuna zan, Europako beste uriburu batzuetan izandako harrera onak argi erakusten eban moduan. Ganera, edozein muetako jentearentzat aproposa zana: “...y el hecho poco frecuente, de que todas las clases sociales, incluso los soberanos reales y el clero, hayan concurrido a las experiencias públicas del prodigioso adelanto”, "El Nervion" edo “El Noticiero Bilbaino” egunkarien esanetan.

Antza danez, ondo joan jakozan Galindori gauzak ze egun bi geroago bere laguna zan Eduardo Gimeno eta honen semea heldu ziran Bizkaiko uriburura. Honeen ikuskizuna Arriaga Antzokiko beheko pisuan jarri eben.

Hurrengo egunetan, bai Galindok zein Gimenok itzelezko arrakastea lortu eben Kinetografoakaz. Nahiz eta aparatuek egiten eben zaratea handia izan, eta nahiz eta ia minutuero pelikulak apurtu eta barriro konpondu behar izan, jentea hain egoan gustora ikuskizunagaz dana onartzen ebala. Sartukeran emondako lagun bakotxeko pezetea ondo erabilitzat joten eben bilbotarrek. Beste arazo bat pelikulak ziran, erakusteko moduko pelikulak gitxi izanda, ez egoalako ganera banatzailerik. Beraz, makinen jaubeak eurak joaten ziran gehienetan Parisera pelikulak erostera. Abuztuaren azken egunetan, enpresa gizon biek Bilbotik urten eta Valladoliderantz joan ziran, Bilbon eta Bizkaian zinearen lehenengo emonaldiari amaierea emonaz.

Urteak aurrera joan ahala gero eta ugariagoak egin ziran “zine” emonaldiak Bilbaon. 1897ko maiatzaren 31an Carlos Eisenlohr alemanaren eskutik izan eben Bizkaiko uriburura hurreratu ziranak Lumiere anaiek asmautako aparatua Bilbon ikusteko aukerea.

1905eko urtean, martiaren 13an egin eban Antonio Manresak zinea Bilbon ipinteko lehenengo eskaria. Baimena lortu eta bagilaren 16an egin zan lehenengo emonaldia Udaletxearen inguruko orduko San Agustin plazan. Hurrengo hilabeteetan beste zine areto bi ezarri ziran Bilbaon. Zinearen arrakastea ikusirik, areto barriak zabaltzen joan ziran Bizkaiko eta inguruko enpresa gizonek. Bizkaiko uri nagusia zine aretoz beteten joan zan, besteak beste Vega eta Mickey aretoak. Bizkaian zinearen lehenengo urtean izandako historia labur batzerakoan ezin dogu ahaztu Vizcaya aretoa. Bilbo Zaharreko San Franzisko kalean egoan kokauta areto hau eta zinea emoteaz aparte beste emonkizun batzuk be hartzen ebazan.

Baina dana ez zan ondo joan. 1912ko zemendiaren 24an, 1886an Ensanche aldean zabaldutako Teatro-Circon “Nork ostu eban milloia?” pelikulea emoten egozala, umez ganezka egoan aretoan, jendea bildurtu eta arrantzaka hasi zan, sua egongo ete zan. Azkenean, jentea arineketan eta garrasika hasi eta 46 ume bertan geratu ziran hilda.

Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko teknikaria

Uda ostean etorten jakuz zine kontuak Euskadira Donostiako Zinemaldiaren eskutik. Zine izarrak, pelikulak, eta ikusteko eta kontetako beste hainbat bitxikerik bere lekua hartzen dabe gure bizitzan. Hurrengo lerroetan ba zinearen gaineko hainbat gauza esatera goaz. Hain zuzen be, zineak Bizkaian izandakoaren barri emongo dogu.

Aurretikoak

1894ko azken hilabeteetarako prest eukien Lumiere anaiek, Louis eta Augustek, bere lehen aparatoa, Edisonek asmautako Kinetoskopioa oinarritzat hartuta. Dana dala, 1895ko martiaren 22an emon eben lehenengo aldiz zine ekitaldia Lumiere anaiek. Edozelan be, tresna barria ez eben saldu 1897ko maiatzaren 1erarte. Beraz, bitartean, hainbat antzeko eta kopiautako aparatuak egon ziran salgai, besteak beste kinetografoa, animatografoa edo kromoskopioa. Ganera, Lumiere anaien aparatuak ez ziran saltzen, kontsezinoen bitartez erabiltzen ziran.